Zelaa eta Iribas vs Euskal Herria

Ainhoa Larrabe Haizea Ginea
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ikasturte berria hasi da jadanik, eta, ohi bezala, erronkaz beterik iritsi da aurten ere iraila. Irekiera ekitaldi eta hitzaldi ponposoekin abiarazi dute ikasturtea Zelaa eta Iribasek; harro asko agertu dira biak 2011-12ko ikasturteari ongietorria ematen, administrazioetatik bideratzen ari diren erreforma guztiak herri honi zenbat onura egingo dioten azaltzen, egin dituzten berrikuntza guztiak herritarron mesedetan direla saldu nahian.

Egia da, bai, aldaketak egiten ari dira, hori behintzat aitortu behar da... Gogor ari dira euskararen, euskal nortasunaren eta Euskal Herriaren aurka lanean. Oso ondo dakite herri honen zapalkuntza areagotzeko hezkuntzaren moduko tresna bat baliatzen. Izan ere, ba al da helburu horretarako tresna hoberik? Belaunaldi berriak hezi eta etorkizuneko jendartea eraikitzeko tresna beraien nahieran antolatzeko eskubidea dutela uste dute, eta horretan ari dira.

Curriculumean aldaketa ugari bideratu dituzte: Euskal Herriaren izaera ezabatu nahi dute, gure historia eta lurraldetasuna EAE edo Nafarroara soilik mugatuz. Eta, horretarako, interes horien araberako testuliburuak sustatzen dituzte, bai baitakite testuliburuen jabe dena irakaskuntzaren jabe ere badela, zoritxarrez.

Educación para la paz irakasgaiarekin ere aurrerapausoak iragarri dituzte ikasturte honetarako. Esana dugu aurretik, eta berriz errepikatuko dugu, plan honek Euskal Herriko gatazka politikoaren irakurketa partzial eta interesatu bat duela oinarrian; ez duela inolako ikuspegi integralik barneratzen. Horren ondorioz, hezkuntza interes zehatzetara bideratzeaz gain, ez ditu tresna objektiboak sortzen ikaslearen gaitasunak zein norbanakoaren autonomia gara dadin.

Euskararen alorren ere fin ari dira lanean. Ez, ordea, norabide egokian! Isil-isilik hasi dira hiru eleko ereduaren proiektua txertatzen. Ingelesaren ezagutzak gaur egun duen garrantzia ukaezinaz aprobetxatu dira euskarak ikastetxeetan dituen orduak murrizteko. Hiru eleko sistema EAEn, TIL eta Hello Nafarroan; hiru proiektu eta helburu bakarra: euskararen berreskurapen prozesua oztopatzea. Datozen belaunaldiei gure ama hizkuntza ezagutzeko eskubidea ukatzen ari dira. Lehen ere esana dugu, baina hau ere berriz errepikatuko dugu: gu ez gaude ingelesa ikastearen aurka, guk ere eleaniztasunaren alde egiten dugu, baina euskaratik abiatutako eleaniztasun bat da sustatu nahi duguna.

Hori gutxi balitz, Zelaak eta Iribasek bultzatzen duten hezkuntza eredua ekonomia eta merkatuari zein lotua dagoen ageri-agerian uzten dute lotsagabeki. Krisi ekonomiko sektoriala da, ordea, hauena. Hezkuntzaren moduko arloetan murrizketak bideratzen dituzten bitartean, herritarron babesik ez duten makroproiektuekin aurrera jarriatzen dute. Murrizketa neurri horiek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte Nafarroan, eta ikasturte hasieratik bertatik mobilizazio asko egin dituzte hezkuntzako sindikatuek hartutako neurriak salatzeko. Hurrengo zita urriaren 27rako deitu dute: greba orokorra. Sindikatuek egin dute deia, baina guztioi dagokigu orain murrizketen aurrean kalera irtetea. Honi erantzunez mobilizazio eta ekimen ugari bideratu dituzte Nafarroan. Hurrengo zitak urriaren 22rako deitutako manifestazioa eta 27ko greba orokorra dira. Irakasle, ikasle, langile, guraso zein herritarroi, kalera irten, eta neurri hauei erantzutea dagokigu orain.

Zelaa eta Iribas aldaketa eta proiektu ugari egiten ari dira, bai. Baina ahaztu egin zaie bakarrik ari direla horretan, herritarron babesa falta zaiela. Sentitzen dugu, baina Euskal Herriak ez ditu agintarien proiektu hauek nahi. Inorekin eztabaidatu eta adostu ez diren proiektu hauek ez digute balio. Bi horiek ez bezala, guk herriak definitutako proiektuak ditugu esku artean. Horrela ulertzen baitugu guk hezkuntza, herri proiektu gisa.

Ikasle eleaniztunak sortzeko proposamena 2008tik dago egina; euskara ardatz hartuta Euskararen Kontseiluak osatutako eleaniztasun proiektua da. Proposamen honek hezkuntza komunitateko zein euskalgintzako kideen artean babes izugarria jaso du.

Ez da hori herriaren babesa duen proiektu bakarra. 2003an Udalbiltzak, Sortzen-Ikasbatuaz-ek eta Ikastolen Konfederazioak Euskal Curruculuma osatzeko hitzarmena egin zuten, eta, orduz geroztik, eremu ezberdinetako eragile zein norbanakoek egitasmoaren garapenari bide eman diote. Beste inon ikusi ez bezala, herriak sortutako Curriculum bat dugu Euskal Herrian. Azken pausoa eman, eta aplikazio fasean murgiltzea da hurrengo erronka.

Are gehiago, ehunka herri zein ikastetxetan, Hezkuntza Sistema euskaldun eta herritar baten aldeko proiektu eta dinamikak garatzen dituzte egunero; ikasleak etengabe ari dira egungo ereduak salatzen eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko dinamikak pizten. Nabaria da, beraz, hezkuntzarekiko kezka egon badagoela.

Euskal Herrian zabaltzen ari den aro berri honetan beharrezkoa da hezkuntzaren gaiari heldu eta Hezkuntza Sistema propio baten aldeko indarrak bildu eta eraso hauen guztien aurrean harresi sendo bat eraikitzea. Gure herriaren geroa diren belaunaldi berriei euskararen ezagutza, euskal edukiak eta balio aurrerakoietan oinarritutako heziketa emango dien hezkuntza eraikitzeari heldu behar diogu.

Ikasle, langile, guraso zein hezkuntzarekiko kezka dugun herritar oro, herriz herri, bil gaitezen! Herri honen eraikuntzarako tresnak esku artean ditugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.