Zelaa anderearen erdi egiak (gezurrak)

2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Oraingoan ere, Zelaa andereak, Hezkuntza Marko Hirueledunaren inguruko informazioa helarazterakoan, erdi egiak kontatu ditu, hau da, gu engainatu nahian ari da berriz ere.

Gasteizko Hezkuntza sailburuaren arabera, dena izugarri polita da. Oso arrakastatsua izaten ari da proiektua eta harekiko hezkuntza komunitateak duen irudia eta harrera. Oraingo ereduen sistema gainditzeko «babes zabala» omen du...

Bai anderea, nik ere ile urdinik ez dudala esan dezaket, baina tindatzen dudala ez badut aipatzen, gezurretan ari naiz, ezta?

Zelaaren esanetan, kritikak izan baditu ere «egundoko erantzuna» jaso du eskoletan proiektuak, eta bertan parte hartzeko eskaria handia izan omen da.

Ikasturte honetan esperimentu horretan parte hartzen duten ikastetxeak 40 dira (15 publiko eta 25 kontzertatu). Hurrengo ikasturterako beste 78 ikastetxek hartuko dute parte (45 publiko eta 33 kontzertatu). EAEko sare publikoetako %11 baino ez da sartu proiektuan.

Baina zenbakietaz hitz egin beharrean, 45 horiek lortzeko Gasteizko Hezkuntza Sailak egin beharrekoak azalduko ditugu.

2011ko hasieran, iazko ikasturtean abiatutako esperientzia zabaldu nahi izan zuen, baina irailean izan zituen arazo berdinekin topatu zen: ikastetxeek ez zioten espero zuen erantzunik eman. Beraz, beraien eredua, eta proiektu izarra, saltzeko azpijoko bat asmatu zuten. Taldeka biltzen hasi ziren ikastetxeekin, eskaintza bereziak eginez: irakasle eta baliabide gehiago izango lituzkete, eta proiektuaren betebeharrak malguagoak izango lirateke.

Ikastetxeetan ikasturte zaila izan dute, irakasle eta ordezkapenen murrizketa ikaragarriarekin, eta bazekiten alde horretatik batzuk erakarriko zituztela.

Deialdia martxoan argitaratu baino askoz lehenago erabaki bat hartzeko premia azaltzen zuen ikastetxeetan Sailak. Deialdia egin eta eskola publiko gutxi sartuko zirenaren beldur ote zen?

Zelaaren esanetan, oso proiektu arrakastatsua da, eta euskal gizartearen babes zabala omen du.

Arrakastatsua? Sare publikotik 45 ikastetxe sartu direla? 118tik erdia kontzertatuak dira, eta gogoratu behar da negoziazio berezi bat egin dutela eurekin. Zein da babes zabal hori, berak onartu duen legez, irakaskuntzako gehiengo sindikala, eragile ugari, eta abar... kontra badaude ?

Sartu ez direnak «errezeloekin» jarraitzen dutelako da, euskararen aurka doalako argi dutelako; eta, oraindik ere ikasle elebidunak lortzen ez baditugu, nola lortuko ditugu, bada, euskararen irakaskuntzari orduak kenduz?

Sailburuak gurasoek ingelera gero eta gehiago eskatzen dutela dio, baina gurasoek, aurten ere, D ereduaren aldeko hautua egin dute.

D ereduko hautuaz hitz egiterakoan, aurrematrikulazio kanpainan bi urteko haurren gurasoei Hezkuntza Sailak bidalitako eskutitza kontuan hartu behar dugu. Bertan, betiko A, B eta D ereduez gain, eredu hirueledun berria ere aukera zezaketela esaten zitzaien —ereduak azaldu gabe eta horien emaitzak eman gabe—.

Gu ere «trilinguismoaren» aldekoak gara, are eta gehiago, eleaniztasunaren aldekoak, baina «euskaldun eleanitzak» sortzearen aldekoak, beti ere euskaratik abiatuta beste hizkuntza batzuk ikasiz, hirueletasuna ez baita hiru hizkuntza ezberdinen batuketa hutsa.

Ingelera ikasteko aitzakiarekin, euskara baztertu nahi dute. Gurasoen aurrean ingelera «bonboi» moduan erabiltzen ari dira. Jakin badakigu, hala ere, ingeleraren maila ez dela asko aldenduko oraingo D eredukotik.

Bukatzeko, egungo hezkuntza sistema prest omen dago, Zelaa anderearen ustez, euskararen ezagutza eta elebitasunean sendotzen jarraitzeko eta, aldi berean, atzerriko hizkuntza batean sakontzeko.

Berriro ere datuak gogoratu behar al ditugu? Gaur egun A ereduak ez du euskalduntzen, eta B ereduak ikasgaien erdia euskaraz eskainiz, ikasleen %33a baino ez du euskalduntzen. D ereduan ere kasu guzti-guztietan ez da bermatzen euskara ezagutzea.

Ikerketen arabera —tartean Gasteizko Hezkuntza Sailak berak kaleratu dituenak daude—, frogatuta geratu da, Euskal Herrian ematen den egoera disglosikoan, euskarazko murgiltze eredu batek lor ditzakeela soilik helburu horiek; alegia, euskaraz bizitzeko gaitasuna, gainerako hizkuntzetan komunikatzeko gaitasunarekin batera.

Zelaa anderea, mesedez, gezurrik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.