Askok uste dute, hala pentsatu nahi dutelako, joan zirenak beren lurretara itzuli zirela. Ez dakit zergatik pentsatu behar dugun etorkin ororen helburua itzultzea dela eta ez sustraiak dagoen dagoenean itsastea. Eta hango, atzerriko, erbesteko, beste leku hartako, irudikatzen ditugu, jaioterriagatik, arbasoengatik, ohiturengatik, hizkuntzagatik, ideologiagatik, jarrera politikoagatik eta abarrengatik. Askok pentsatzen dute ez zutela alde egin, ez zirela ihesi joan, ez zituela inork behartu, itzuli ala joan egin zirela, eta joan zirenetako askok gainera gure lur hau, gureartekotasun hau, ez zutela merezi, gure irudimeneko gizartea kutsatu eta nortasungabetu besterik ez zutelako egiten. Bake ederra eman zutela eta dauden lekuan bakerik badute ez dela merezi dutelako.
Batzuek uste dugu ez zuela horrelakorik gertatu behar, ez zeukala inork inora zer joanik bere nahia, izan pintoa ala morea, hemen bizimodua egitea zelako, edozeren alde, edozeren kontra, bai eta edozer sakratuenaren kontra ere. Eta lege isilak harrapatu zituen, lege beltz makurtzaileak, arau lotsarazleak, estigma nardagarriak. Usteak gordetzeaz aspertuta, iritzia irensteaz gainezka, hitza estaltzeaz leporaino, beren buruak, oinordeak, ondasunak babestea helburu, hain esker gaiztoko izango ez zituzten giroetan bizitzen hasi ziren. Euskal herrietatik kanpo. Esango nuke erabaki baino erabakiarazi egin zietela, gogoz kontra, ez beren borondatez.
Gizartearen indiferentzia osoa izan du jende horrek zigorrik gogorrena, ustez humanoak direnen bihotz gogorkeria eta azal hotza. Etazaleek poz hartzen zuten, eta hartzen ez zutenek ez zuten esaten, eta ospatu eta landu egiten zuten gure artean gutarrak bakarrik gelditzeko modu hura. Gainerako abertzaleen gehiengoak ez zuen horrelakorik onartzen zuenik adierazten baina ez zituen, ez, guztiz errugabe ere kontsideratzen, eta arazo nagusiagoak konpontzeko lehentasun larrian lokarrarazten edo itotzen zuten isiltasun garrasi hura. Ez zegoen ezlegezko aitortzen zituen lege edo erabaki politiko idatzirik, baina ezin zuten beren herrian zinegotzi izan, zinegotzi izan nahi zutenik esan, bere kideko norbait alkatetzarako babesten zuenik adierazi… isolatu, egurtu, harrikatu, hil egin zezaketen, etxea erre, seme-alabak, etxekoak eta etxekonekoak ikaratu, edozein kasutan bizimodua laztu ez ezik ezindu.
Bake bafadek gero eta indartsuago jotzen dute eta badirudi haien premia luzea izango dugula gauzak beren onera, edo onera besterik gabe, etorri arte. Eta hasi da inor ahaztuez gogoratzen, gogoramena modurik onenean ez dela egin uste izateko arrazoi egiazkorik falta ez zaigun arren. Gogoramen hori guztiok ahalik eta modurik adostuenean egina behar genuen ja, ihesi joan eta indarrez bidalien aitorpen politikoari bazterrezinezkotasun izaera aitortua behar genion aspaldi. Herritartasun lapurtua eta eskubideen berreskuratzeko moduak egitetik hasi behar genuen elkarbizitza berriaren ibilia.
Baina gaiztoa jarri dugu politika, demagogikoa eta epe laburrekoa, nekez egiatia. Hain gaiztoa dago jarria non oinarrizkoena eta beharrezkoena manipulatu, zikindu eta erabiltzeko prest gaudela, inolako erreparorik gabe, geure nahikerietarako, guztion onura ez diren nahikerietarako, ia gehienen kalterako izan daitezkeenetarako. Hala, guztiz arrazoizko eta bidezko gauza bat baliorik gabe eta kakaztua lasai demonio utzi dezakegu gehienon kaltetan. Nor harritu bizitza den balio eztabaidaezina ignoratuz hogeitaka urte igaro ondorenean?
Kontua da Euskal Herrian lekua galarazi edo kendu genien haien aitortza ezinbestekoaren exijentzia Partidu Popularraren eskutik etorri dela eta guztiok astindu gaituela neurriz gain. Demagogia usaina izan du proposamenak, politikakeria usaina, egiazko eskubide aitortza behar zuenari hauteskunde giroa berotzeko erabilitako argudio tankera hartu diogu. Hala ere arazoa serioa denik eta erantzun zuhur eta arduratsua behar duenik ezin dugu ukatu. Proposamenari nola heldu eta egoera berrira nola egokitu galdetu beharrean, antagonista politikoek, eta ez hain antagonistek, tamalez, arazoari heldu baino nahiago izan dute PPren elektoralkeria zela esan eta espainiazale amorratuen putxerazo baten koartada teoriko politikoa zela esan. Horrela bi gauza lortzen zituzten, bata urtetan ezikusiarena egin diogun krudelkeria eta gizatasunik eza ukatzea, eta bestetik gainera etsai politikoaren tranposotasun kongenitoa haizatzea. Aldiz proposatzaileek bazekitenoraingoz behintzat, eta proposatzen zutela esaten zuten moduan, ez zela bideragarria eta nahiago izan dute arazoari heldu baino haizeak lehenengo golpean harrotu eta desegin dezakeen jardun bat jarri abian.
Pena da. Iritsi dira hauteskundeak eta larritasun elektoralek ahantzarazi die eztabaida, arazoa, egon, egongo ez balitz bezala. Milaka lagunen eskubideaz ahaztu dira batzuek, eta milaka lagunen eskubidea aitortzeari putxerazoa deitu eta eskubidea ukatu die besteek. Bere garaian ez zuten batere larririk izan ezker etazalekoek eta legebiltzarreko gainerako indar abertzaleek Ibarretxeren plangintza deitutako estatu politiko proposamenari baietza ematerakoan bere bosgarren artikulu eta guzti: Euskadiko Erkidegoan beren azken administrazio-auzotasuna izan eta kanpoan bizilekua duten pertsona guztiek, baita horien ondorengoek ere, eskatzen badute, bai euskal naziotasunaz zein euskal herritarrei dagozkien eskubide politikoez gozatu ahal izango dute, legeek xedatutakoarekin bat etorriz.
Ez dut esan nahi logika berarekin hari ere putxerazo deitu behar diotenik, baina bai mingarria gertatzen zaigula askori, eta bidegabekeria dela, Errenterian bizi zen ertzain bati ukatzea Txileko legebiltzarkide pinochetista bati aitortu nahi zaizkion eskubideak euskal jatorri arrazoi hutsagatik.
Zein putxerazo?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu