Zein landa eremu eta landetxe nahi ditugu?

Miren Urkixo
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Artzain batek Asturiasen, Espainian,grabatutako bideo batek, sekulako zabalkundea izan du. Hainbesterainokoa izan da, ezen telebistetako informatiboetan eta prentsako zutabeetan erezeresan joria eman baitu.

Artzaina ironiaz ari da landa eremuko turismoari buruz, Asturiasko landetxe batek lortu duelako alboan zuen oilategi bat ixtea sententzia baten bidez. Karaken dezibelek arauak onartutakoa gainditzen zuten, eta bezeroak gogaitu egiten zituzten. Ez da kasu bakarra. Irudika ditzakegu sarean zabaldu diren mezuak prozedura honen harira: etxe abegikor tradizionala, nagusiak oso jatorrak, paisaia zoragarriak ditu inguruan. Lastima, gertu daukan oilategiko zarata.

Landa turismoa kalekumeentzako produktu bat da. Raymond Williamsek The Country and the City liburuan aztertzen du landagunearen eta hiriaren arteko harremanaren ohiko topiko bat: urrezko aroa. Literaturaren historian maiz erabiltzen den baliabide bat deskribatzen du: iraganeko landagune ideal baten nostalgia eta landaguneko bizitzari buruzko sentimendu erromantikoa. Horiek talka egiten dute, kontrapuntu utopiko bat balira bezala, aro garaikideko egoera desegonkor eta aldakorrarekin.

Gizartean gertatzen ari diren aldaketak hautemanda, industria turistikoak «landagunearekiko idilioaren»funtzio berdina betetzen du, ingurumenaren esplotazioa, industrializazioa eta hiriaren espantsionismoa dauden arren horren guztiaren atzean.

Landagunea ez da paisaia bat ikusle nagi bat iristen ez den arte; naturarekiko distantzia bat hartu behar du hark.

Williamsek nabarmentzen ditu XVIII. mendeko lur-jabe ingelesak.Europara egiten zituzten bidaietan paisaiak begiratzeko modu berri bat ikasi zuten. Itzultzen zirenean, margolariei agintzen zieten paisaiak margotzeko, beraien etxaldeetatik gozatzeko. Nekazaritza munduko arte burgesa artzain poesiaz eta pinturaz elikatzen zen. Artearen ikuspegitik lurraren jabe ziren. Baina paisaia atsegin eta eder horiek produkzioak eskatzen zituen eguneroko errealitateak ezkutatzen zituen; ezabatu egiten zituzten laborantzako lanak eta horiek betetzeko ardura zuten langileak. Turista da klase nagi berria.

Turistaren begirada performatiboa da. Errealitatea zehaztu eta transformatu egiten du. Bisitak jasotzen dituzten herritarren jokabidea egokitu egin behar da ikusle kanpotarren artxibora eta sustapen turistikorako eraiki den irudien katalogora. Zein baliok osatzen dute gure iruditeria landaguneko bidaiari gisa? Batez ere landagunearekiko idilioarenak. Hau da, batez ere lotuta daudenak ondo bizitzearekin —isiltasuna, atsedena, arnasa, osasuna, kirola...— eta bestetik, iraganarekin —tradizioa, historia, sortzetik zen moduko naturaren mitoa...—.

Zein geratuko lirateke hortik kanpo? Hiriaren eta landagunearen arteko kontraste horren harremana hautsiko luketenak. Nekazaritza mekanizatu edo industriala, zarata edo kutsadura, beste batzuenartean.

Egitura sinboliko honek turista performatuko luke salbaje ona balitz bezala, sorreratik halakoa zen natura batean, ukitugabean, arkaikoan. Eta landaguneko lanei rol bat esleituko lieke, ia bazterrekoa hiritarren haurtzaroko hezkuntza sentimentalean. Hain zuzen ere, hauxe: supermerkatuko elikagaiak bizirik ezagutzea. Egitura horretan desegokia dena zigortua izango da.

Beste prozesu batzuk produkzioetan esku hartzen dute, turismoaren eta nekazaritzaren artean dagoen harreman paradoxiko horretan. Horren emaitza lotuagoa dago berriagoa den landaguneko garapen kapitalistarekin.

Nekazaritzak zituen gero eta diru irabazi urriagoak osatzeko sustatu da landaguneko turismoa. Euskadin, behintzat, hala izan da. Horretarako, botere publikoek arautu zutenez, landetxeak irekitzeko baimenak soilik nekazariei eman zizkieten.

Geroago baimendu zituzten landaguneko etxeak, nekazaritzako jarduerarik gabeak eta landagunean bizi diren pertsonek gidatutakoak, araudiak behartzen zuelako bertan bizitzera.

Azkenik, etxean bertan bizitzeko betebeharra kendu zuten, eta ondorioz inbertsore / espekulatzaile negozioa esku-eskura jarri zuten.

Konparazioan, basogintzarako eta nekazaritzarako lurretatik jasotako errenta erabilera turistikoarenaren azpitik dago. Errentagarritasuna areagotu egiten da erabilera turistiko berriekin, «luxua landagunearen erdian» moduko eskaintzekin. Nekazaritzaguneko produkzioak belaunaldiz belaunaldi mantendu dituen ingurune horiek nekazaritza balioa galdu egin dute. Eta lurraren erabilera primarioei balioa eman gabe, nork zainduko ditu paisaiak?

Zeren eta, iraun al dezake landaguneak baserritarrik gabe? Eta landaguneko turismorik gabe?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.