ELAko Batzorde Eragileko kidea

Zedarriak: negozioa giza eskubideen gainetik

Aitor Murgia
2025eko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

Europak industria gainbehera kezkagarria bizi du. Horrek ondorioak ditu Hego Euskal Herrian ere. Munduan gerraren aldeko apustua gero eta handiagoa dela aprobetxatuta, Zedarriak eta halako zenbait foro ari dira horri etekina atera nahian. Izan ere, sektore militarra indartu nahi dute gure industria politika indartzeko eta etekin ekonomikoa ateratzeko.

Zedarriak zenbait euskal enpresaburuk osatutako lobby bat da. Bertan dira Repsol, Dominion, Aernnova, Caixabank, Mediaset (Telecinco), Grupo Velatia, CIE Automotive, Deustuko Unibertsitatea, Schneider Electric, Ikea edo Zabala Innovation consulting enpresetako aholkulariak; baita Save the Children gobernuz kanpoko erakundeari lotutako hainbat lagun ere, beste hainbeste kazetari... Bere garaian, Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen zuen, Jonan Fernandezen eskutik.

Jonan Fernandezek, ordea, taldea utzi zuen Zedarriak-en eta Urkulluren gobernuaren artean talka egon zelako. Izan ere, izaera anarkoliberala duen lobby horrek txosten bat aurkeztu zuen eta horretan zioen Euskadi lidergoa galtzen ari zela auzi ekonomietan eta enpresa ikuspegitik, batez ere, Madrilekin alderatuta. Eusko Jaurlaritzari ez zion graziarik egin, bereziki Urkulluri. Are gehiago, txostena webetik desagertu da. Hala ere, egun harreman estua dute taldeak eta Jaurlaritzak.

Zedarriak taldeak enpresen interesak irmoki defendatzen ditu bere txostenetan, inongo konplexurik gabe, gainera. Hala, pertsona migratuak enplegu prekarioetara bideratzearen alde dago eta talentua erakarri behar dela dio. Bide beretik, enpresen lehiakortasuna hobetzeko politiken beharraz mintzo da bere txostenetan. Beste modu batera esanda, enpresek eta kapitalak zerga gutxiago ordaindu behar dituztela dio. Jakin badakigu publikoa den oro gaitzesten duela. Auzi ekonomikoetan esku hartze publikoa izateak asaldatu egiten du, enpresen mesedetan ez bada, noski.

Hala ere, industria politikari buruz argitaratu duen azken txostenean beste urrats bat egin du (beti eskuinera) eta bereziki larriak diren zenbait planteamendu egin ditu. Eskuin muturra goraka ari den honetan eta gerraren aldeko estrategiak nagusi diren honetan (NATOk, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak, eskatu du defentsara bideratzen den inbertsioa barne produktu gordinaren (BPG) %2tik %3ra pasatzea), taldeak aukera ezin hobea aurkitu du defentsaren eta segurtasunaren sektorean negozioa egiteko. Ez zaio axola armak Gazako genozidioarekin jarraitzeko erabiliko diren, Europako mugetara heltzen diren pertsona migratuak aldentzeko teknologiarako izango den edo mundu osoan zehar zibilak zelatatzeko edo hiltzeko droneak fabrikatzeko erabiliko ote diren. OMALeko kideekin batera atera genuen txostenean adierazi genuen bezala, oliba berde koloreko kapitalismoa Europako oligarkien estrategia berria da eta, noski, euskal oligarkiak ez du hortik kanpo geratu nahi. Haientzat ere enpresen onurak giza eskubideen gainetik daudelako.

Arlo energetikoari buruz ere bada zeresana. Krisi klimatikoak mundu osoa astindu du (DANAk eragindako kalteak 9.500 milioi euroko kostua du) eta Europan buru-belarri ari dira trantsizio berde baterantz abiatu nahian (nahiz eta ez den bereziki berdea). Bada, lobby horrek zera planteatu du: energia nuklearra erabiltzea gure dependentzia energetikoari aurre egiteko. Gobernurik ultrenak (eskuinekoak) soilik ausartuko lirateke halako planteamendu bat egitera.

Euskadi gainbehera industrialetik ateratzeko ere badute planteamendu zehatz bat: urtean 5.000 milioi euro inbertitzea (Draghi txostenean oinarrituta), baina 1.000 milioi funts publikoak izatea. Hau da, bost eurotik bat langileek sostengatzen duten sistema fiskalak jarriko luke, eurek gero eta ekarpen txikiagoa egiten baitute (eta ahalko balitz, ez lukete ezer ordainduko).

Oso larria da, baina espero zitekeen halako lobby batek halakorik esatea. Negozioa beti giza eskubideen eta etikaren gainetik. Eta larriena da Eusko Jaurlaritzak diagnosi horrekin bat egiten duela. Mikel Jauregi, Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak txosten horretako proposamenak txalotu ditu. Agian esan beharra dago EAErako hurrengo Industria Plana Zedarriak taldearen parte den enpresa batek egingo duela, 242.000 euroren truke. Zehazki, Zabala Innovation enpresak egingo du, Jaurlaritzak azpikontratatuta. Baina babestea bezain larria da halako gertakarien aurrean beste alde batera begiratzea.

«Eraldaketa eta ezjakintasuna nagusi diren garaiotan, inoiz baino gehiago behar dugu gizarte zibilaren konpromisoa eta ekarpena gure industria politika indartzeko», esan berri du Industria sailburuak.

Gu ere bagara gizarte zibileko organizazio bat, eta uste dugu zenbait sektorek ez luketela tokirik izan beharko gure ekonomian, injustuak direlako; horietako bat da sektore militarra eta armen sektorea. Energia berriztagarriak sortu behar ditugu, nuklearrak ez bezala, kliman inpaktu negatiboa izango ez dutenak. Bide beretik, administrazio publikoek jarrera aktiboa izan behar dute, botere ekonomikoekin lerratu gabe.

Momentu historikoa bizi dugu, baina badirudi Eusko Jaurlaritzak dagoeneko egin duela bere hautua: eskuinarekin lerratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.