Ze 'green' garen!

2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Gizakiak ingurunearekiko izan duen harremana historikoki aztertua izan da, eta arkeologoari ere eman izan dio atentzioa harreman horrek, gizakiak paisaian utzi dituen arrastoetan eta hartu-eman horren bilakaeran baitago gure jardunaren muina, hain zuzen.

Ingurugiroak gizakiarengan izandako eragina, espazioek jasan duten antropizazioa eta inguruek jasan duten itxuraldatzea, nahiz abstraktuegiak begitandu, ez dira hain gai arrotzak ere. Ingurura begiratzea besterik ez dugu horretaz konturatzeko, baina badirudi azkenaldian ingurugirotik axola digun bakarra bizitzen ari garen eguraldiarekiko kezka superlatibo hori dela, edota zaborrarekin zer egin edo jasangarriagoa zein izan, hori ere beharrezkoa denik ukatu gabe.

Berdetasun horretaz jantzita dabil Gasteizko hiriburua azkenaldian. Ekologismo kutsuz hornitu nahi izan dute hiria, eta egin dute Vitoria-Gasteiz Green jartzen duen metalezko sare bat, eta jarri diote goroldio berde-berdea hizkiak osatuz. Nongoa izango goroldioa, eta galzorian dagoen Txileko espezie bat omen da, eta eraman ditugu eskuak burura, eta batzuk ezta musugorritu ere. Hain gara green! Salburuko etxebizitzetan, aldiz, bizilagunak kexu dira, garaje eta trastelekuak urez betetzen zaizkielako sarritan; izan ere, Salburuko hezegunetik gertu zimenduak jartzeak horixe du, noizean behin izenari ohore egiten diola lekuak, alegia. Bizikleteroak taldeko kideak, aldiz, kexu dira gasteiz hiri barruan ez dagoelako bidegorri sare taxuzkorik, eta erdigunean bizikletan ibiliko diren gizaseme-alaba ausartak gutxi direlako, nik ere ez nuke egingo, errepidean goazenean autoak nola gidatzen ditugun ikusita eta txirrindulariek bizi dituzten arrisku egoerak ikusita! Ei, baina oso green gara!

Bilboko botxoan lekurik ez, eta aldapan gora mendiari jandako terrenoetan industrializazio garaian egindako etxe sailetan, euri jasek sarritan dakartzate luiziak eurekin, 83ko uholdeak kasurako. Errekalden, Uretamendiko auzokideei galdetu behar zergatik izena duen euren auzuneak ur eta mendi. Leioan eta inguruetan, berriz, Gobelas ibaia hazita datorrenean ere hor izaten dira antzeko arazoak, eta lasai asko esango digu aterkipean katiuskak jantzita dagoen kazetariak Fadurako futbol zelaia urez gainezka dagoela, padura edo padura eremuak urak sortuak baitira.

Iaz Martutene eta Loiolako uholdeetan kaltetuak izan ziren asko oraindik euren etxeetara bueltatzeko omen daude, eta zenbait denda eta behe solairu lohi arrastoekin, izan ere, Riberas de Loyola izena duen lekuan, Urola ibaiaren itsasoratze eremu eta garai bateko paduretan eraikitzen jarraitzen da, eta uholdeak datozenean ura bere bidetik ateratzen da eta gu, berriz, gure onetik, diputazioak errekak gaizki kanalizatuta dituela kritikatuz.

Ez dugu jabetu nahi naturari gizakiak ostu diona bere gain hartzen duela eta urak bere bidea egiten duela, lehengo lepotik, lehengo arrotik daroala ura,kanalizazioak egin, harri-lubetak egin edo drenaiak egin. Ibaiaren berezko izaera errespetatu eta ibaiaren ibilgu naturala berreskuratze aldera, okurritu zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ur Kontsortzioari, Oria ibaiaren ekosistema naturala berreskuratzea eta lehen zeuden arrain espezieak birsortzeko, aingirak gora eta behera trabarik gabe ibil daitezen, gure burdinolak eta errotak hornitu zituzten XV-XVIII. mendeetako silare harriz eta egurrez egindako presa gehienak eraistea. Izan ere hain gara cultural!, gauza bati irtenbidea eman nahian beste zerbait izorratzeko izugarrizko abilidadea daukagula.

Esan nahian nabilena da, oso green, oso birziklatzaile, oso bidegorrizale garela baina kosta egiten zaigula ulertzea gure begien aurrean dugun paisaia zergatik den horrelakoa orain, eta ez dela beti horrelakoa izan, nahiz eta lekuen izenak, toponimiak, ematen digun pistarik horretan. Gizakia gizaki denetik natura kontrolatu nahi izan du; halere, beste pertzepzio batekin, beste errespetu batekin, hasi zen eragiten ingurumenean. Aspaldidanik, ordea, edozein modutara eraiki behar da, eta segituan egiten dugu ingurunea gure modu artifizial batean, gure etengabeko espantsio nahi horretan. Baina, aldian behin berea dena aldarrikatzen digu naturak, zirikatzen ibili osteko ostikada baten moduan, eta gu gogaitu, besterik ezin dugu egin eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.