Irakasle erretiratua

Zazpigarrena

2024ko apirilaren 7a
05:00
Entzun

Jose Antonio Agirre, Leizaola, Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe, Patxi Lopez, Urkullu. Lehendakari bakoitzak bere arrastoa utzi du, bakoitzak bere ezaugarriak izan ditu, bere garaiak, bere erronkak, bere asmatzeak eta akatsak, iritziak iritzi. Gaur egun Iñigo Urkullu Renteria dugu Euskadiko zazpigarren lehendakaria. Zazpigarrena, bai. Katea ez da eten, ez. Ezta etengo ere. Iñigo Urkullu lehendakariak askotan, behin baino gehiagotan, hainbat gogoeta-proposamen kaleratu izan ditu bere hiru legealdi zailetan, behin eta berriz. Orain aipatuko ditudanak ez dira ez gogoeta, aldarrikapen edota proposamen berriak. Ezagunak ahaleginak, proposamenak. Horra bere azkenaren mami mardula eta zindoaren gune garrantzitsuenak, nire uste apalean behintzat. Euskaldungoaren katearen jarraipenaren ardura dugu horietan begi bistan eta eskuartean. Bere sena mantentzearen ardura helburu.

Eta horrela lurralde-ereduari buruz, hainbat aldiz aipatu ditu Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak «foru-nazioa», «borondatezko batasuna», «federalizazio asimetrikoaren» eredua edo «estatuaren horizonte konfederala». Eta nazio-aniztasunari dagokionez, ez da lehenengo aldiz esan dituenak: estatuaren nazio anitzeko errealitatea onartzea defendatzen du lehendakariak, bai eta «aldebikotasun eraginkorraren» eredua ere, hitzartutakoa beteko dela bermatuta. Aldebikotasunaz hauxe esan du behin baino gehiagotan: argitzen du bi aldeek ados egon behar dutela eta elkarrekiko leialtasun-konpromisoarekin jokatu behar dutela. «Ez diogu inori ezer inposatu nahi, eta ezin dugu onartu Euskal Herriari bere borondatea adieraztea eragoztea». Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak ongi bezain ongi ditu kontuan aurrekari historikoak, Galeuzka, hain zuzen, 1933an sortu zena, galiziar, euskaldun eta katalanen arteko ermandadea. Proposamen eraikitzailea izan zen, lurralde-estatuaren eredu berri baterako etorkizuneko ikuspegia zuena hain zuzen. «Memoria» egiten du, 78ko konstituzioari buruzko atsekabea adierazten du argi eta garbi, badu bai motiborik: 1978an iragarritako aldaketa deszentralizazio politiko eta administratiboan geratu zela dio, baina ez zela haratago joan. Botere judiziala ez zen deszentralizatu, senatua ez zen benetako lurralde-ordezkaritzako ganbera bihurtu nahi izan, eta Konstituzio Auzitegia diseinatu zen estatu zentralaren eta erkidegoen arteko arbitro gisa.

Urkulluk konstituzio-konbentzioa aldarrikatzen du: autogobernua garatzeko oinarrien aurretiazko akordioa sinatzearen alde egiten du, printzipio hauek barne, estatutu-esparruak osorik betetzea, estatuaren nazio-aniztasuna onartzea, aldebikotasuna, berme-sistema edo adostutako erabakitzeko gaitasuna. Eta aipaturiko konbentzioaren helburuak direla eta, urtebeteko epean konbentzioa egitea proposatzen du honako hauek aztertzeko: «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriaren gaur egungo eta etorkizuneko irismena», «foru-jatorriko erkidegoen autogobernua» edo, are gehiago, «nazionalitate historikoen autogobernua». Lehendakariak gaur egungo bidegurutze politikoari irteera planteatzeko modu malgu eta sortzailea eratzea eskatzen du. Berariazko interpretazio konstituzionala hitzartzeko proposamena hain zuzen, konstituzioa aldez aurretik aldatu beharrik gabe, estatuaren izaera plurinazionalean eta Euskadiren eta, hala badagokio, Nafarroaren eta gainerako komunitate historikoen autogobernuaren garapen nazionalean funtsezko aurrerapena ahalbidetuko zuena. Hau da, 1978ko konstituzioaren aurretik autogobernu-eredua zuten erkidegoen artean.

Urkullu lehendakariak asmatu egin du politikoki egokitu zaion egoera nahas, korapilatsu eta zail bakoitzean. Sirena-kantu eta liluragarrien aurrean, geure herrialdearen norabidea, Euskadiren norabidea zentratzea lortu izan du irteerarik gabeko kalezuloetan sartu beharrean. Iritziak iritzi, ñabardurak ñabardura, usteak uste, ideologiak ideologia, asmoak asmo. Benetan diot, «maite dezakezula zarena, ez zarena gorrotatu gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.