Zazpiak hiru

2017ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
(Piarres Xarriton lagun zena gogoan eta bihotzean)

2015eko irailaren 19an, Laurak bi izeneko artikulua argitaratu nuen egunkari honetan Euskadiren eta Nafarroaren arteko harremanen aro berriaz. Honelaxe bukatzen zen: «Hitzematen dut, Ipar Euskal Herriak bere lurralde elkargoa atxiki bezain laster, beste artikulu bat idatziko dudala, Zazpiak hiru izenburuarekin».

Hitza hitz. Lau hilabeteko atzerapenaz, agintzaria betetzera nator oraingoan. Izan ere, Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoaren sorrera, aurtengo urtarrilaren 1ean, mugarri bat izan da gure herriko historian. Begi bistako ezberdintasunak ezberdintasun, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen sorrerekin alderatzen ahal da. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa biltzen zituen pays egitura (1997) aurrekari, edukia baino gehiago balio sinbolikoa zeukana, Frantziak, 1789ko iraultzaz geroztik, euskal nortasuna onartu baitu lehenbizikoz.

Egia da Hirigune Elkargoak, Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren eta Akitania Berriko Eskualdearen barruan dagoenak, eskumen gutxi dituela. Hala ere, badu bat berebizikoa, kultura eta hizkuntza arlokoa. Horrek bide emanen dio euskara (eta gaskoia) sustatzeko. Euskadirekin eta Nafarroarekin arlo horretan elkarlanean aritzeko eskumena ere badu erakunde berriak. Poztekoa izan zen zinez Euskal Herriko hiru lehendakariak, Iñigo Urkullu euskotarra, Uxue Barkos nafarra eta Jean-Rene Etxegarai ipartarra, elkarrekin ikustea apirilaren 8an Arkautin. Azkenik, Hirigune Elkargoaren egitekoa itsasaldearen eta barnealdearen arteko desoreka zuzentzea izanen da. Antolamendu berri horren kariaz, euskal elkargo bakarraren barruan, hiru herrialdeak berpiztu eta egituratuko ahal dira berrehun baino gehiago urtez deuseztaturik egon eta gero.

Kritika arin bat egitearren, Ezkoze (242 bizilagun) Baxenabarren eta Jeztaze (65 bizilagun) Zuberoan, biak enklabeak, Nafarroan Petilla bezala, Hirigune Elkargotik kanpo gelditu dira. Horrez gain, Gaskoiniako lau herri, Bocau (7.837 bizilagun), Camer (879 bizilagun), Samas (687 bizilagun) eta Arancon (139 bizilagun), eta Bearnoko beste bat, Lishos (138 bizilagun) barne gelditu dira (gaskoizko izenak eman ditut; euskarazkoak Bokale, Akamarre, Samatze, Erango eta Lixoze dira). Hala ere, aldaketa xume horiek gorabehera, egitura berriko mugak ia bat datoz Lapurdi, Baxenabarre (Bidaxune barne) eta Zuberoako muga historikoekin. Funtsezkoa da Baiona (48.178 bizilagun), Angelu (38.633 bizilagun) eta Miarritze (24.713 bizilagun), historiaz Lapurdikoak diren arren (Baionaren Aturriz iparraldeko alderdia izan ezik), mintzairaz beti hein handi batean erdaldunak izan direnak, Hirigune Elkargoan daudela. Aitzitik, Eskiulan (539 bizilagun) kontrakoa gertatu da: kanpo gelditu da, hizkuntzari dagokionez Euskal Herria den arren, historiari dagokionez ez delako Zuberoa, Bearno baizik. Frantzia estatu jakobino bat izan da berriki arte, zentralista eta ofizialki elebakarduna. Alta, ezin da ukatu azken hamarkadetan izaniko bilakaera, bai deszentralizazioan, eskualdeetatik (1982) hirigune elkargoetara (1999az geroztik), bai aniztasun linguistikoaren onarpenean, Deixonne legetik (1951) eskualdeko mintzairen erakunde publikoetara (1994az geroztik). Alsazierarena, euskararena, bretoierarena eta okzitanierarena jadanik abian daude eta sarri katalanarena eta flandrierarena sortuko dira. Korsikera, egitez, ofizialkidea da. Hurrengo urratsa Frantziako Errepublikak Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, 1999an behin-behinekoz izenpetu zuena, berrestea izan liteke.

1892an, Donibane Lohizuneko Koplarien Gudu edo Lore Jokoetan Zazpiak bat goiburua zabaltzen hasi zen. Lelo hori beti amets baten adierazgarria izan da. Orain ere bai. Baina, lehenbizikoz azken 125 urteetan, aukera bat dago behintzat Zazpiak hiru gauzatzeko, betiere errealismoz jokatzen bada, hots, Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoaren, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren arteko elkarlanaren bidea hautatzen bada, Europar Batasuneko zuzentarauen eta Espainia-Frantzietako legeen barruan eta zein bere eskumenen arabera. Beste bideak, independentzia eta lurraldetasunarenak, orain arte lortu dena arriskuan jarri eta erabateko eta etengabeko frustraziora baizik ez baitarama. Zazpiak zerora, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.