Zazpi irakaspen

2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
ELA sindikatuan hamabost urtetik gora militatzen jardun ondoren, batek badu arriskua uste izateko jadanik ikasi dituela sindikalismoko irakaspen garrantzitsuenak. Gaur, 2019ko martxoaren 8ko atarian, pozik esan dezaket oker nenbilela. Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako garbitzaile grebalarien alboan bizitako bost hilabete luzeak sekulako ikastaldia izaten ari dira, ziurrenik oraindik amaitzeke dagoena. Zazpi irakaspenetan laburbiltzen ausartu naiz. Hor doaz, ea baliagarriak zaizkizuen.

1.Ahalduntzea prozesu amaigabea da.

Minorian edo desberdintasun egoeran dagoen kolektibo batek uste duenean maila optimoa erdietsi duela parte-hartzeari dagokionean, bai erabakiak hartzeko, bai baliabideak kontrolatzeko, hara non sistemak, azpikerian, ordurako sortuak eta ezarriak dituen zapalkuntza modu berriak, agerikoak ala ezkutukoak, behartzen gaituztenak berrantolatzera eta zenbait kasutan baita eraldatzera ere.

Duela hamarkada bat baino gehiago, langile hauek antolatu ziren administrazioan kobratuko luketen soldata bera kobratzeko, eta lortu egin zuten. Urteak geroago, konturatu dira ekiparatuta egon arren, diskriminaturik jarraitzen dutela.

Ahalduntzeaz ari garenean eboluzioaz ari gara, eta eboluzio oro bezala, prozesua amaigabea da berez. Kolektibo gisa ez geldi geratzeko, garatzeko eta ahalduntzeko garrantzitsuena da horretarako borondatea izatea.

2.-Sororitatea bor-bor (eta maiuskulan).

Halaxe da, aitortu beharra daukat: sororitatea zer den ikasi dut. Hau da, sistema patriarkaletan emakumeek gizarte gaietan eraikitzen duten elkarrekiko elkartasuna definiziotzat duen hori. Grebalariak (30etik gora) Gipuzkoa osoan zehar barreiatuta egoteaz gain eta duela hilabete batzuk arte elkar ez ezagutzeaz gain, bi kolektibo desberdinetakoak dira, bi azpikontrata desberdinetakoak, bi sail desberdinetakoak eta bi hitzarmen desberdinekin.

Zerk lotzen zituen hortaz? Biak dira Eusko Jaurlaritzako azpikontratak, biak azken urteotan Garbialdi enpresak kudeatuak, baina, batez ere, bietan ala bietan, kale garbikuntzako gizonek baino gutxiago kobratzen zuten emakumeak zeuden.

Une horretan itun politikoa egin zuten: elkarrekin borrokatuko ziren soldata arrakalaren aurka, merezi zuten soldata (eta errespetua) lortu arte.

3.Greba: tresna baliagarria borrokarako, ezagutzarako eta boteretzerako.

ELAn betidanik defendatu izan dugu greba dela lan-baldintzak hobetzeko tresna eta, ez helburua bera. Kontua da lan-baldintzak hobetzeaz gain, badituela beste erabilgarritasun batzuk: kolektiboak kohesionatzeko balio du, baita klase edota genero identitatea eta harrotasuna lantzeko ere. Greban egoteak ateak irekitzen dizkio, premia egoera gordinenetik bada ere, beste mundu bat ezagutzeko aukera zabalari. Aukera ematen du lehen eskutik bereizteko politikan esaten dena eta politikekin egiten dena. Aukera ematen du ezagutzeko erakundeen sarea eta beren funtzioak. Aukera ematen du sindikatu bakoitza bere negoziazio kolektiboko estrategian kokatzeko. Aukera ematen du, finean, errealitate-bainua hartzeko, beti gozagarri suertatzen ez bada ere.

4.Duintasuna erresilientzia dakarkigun azken gotorlekua.

Duela hilabete eskas zerbitzu minimoen Dekretutzarra etorri zen. Greban zeuden komisaria eta epaitegien aparteko garbiketa agintzen zuen eta kolpe batez ezabatu zituen lau hilabeteko grebaren eraginak. Zartada handia izan zen, eta beldur ginen grebalariak ez ote zituen etsipenera ekarriko. Alabaina, egun madarikatu hartako gaueko bederatzietako asanbladak duintasun mugagabeko dosia eskaini zigun. Orduak garbitzen eman ondoren eta lantokietan hilabeteetan pilatutako zabor poltsak nola erretiratzen zituzten ikusi eta gero, grebalarien borondatea ezin hauskaitzagoa zen. «Gaurkoa pasa eta gero, beharrezkoa den egunera arte» ekarri zuen ahotara beraietako batek. Erresilientzia adibide paregabea. Lankide batek dion bezala: «Dena kentzen dizutenean, duintasuna besterik ez zaizu geratzen».

5.-Grebak azpikontratetan: gero eta politikoagoak, gero eta luzeagoak.

Azpikontratazio politikak lan-baldintzen kontura kostuak merkatzeko helburu nagusiaz harago, badu langileak banatzeko ahalmena eta baita administrazioa, itxuraz behintzat, erabakigunetik aldentzekoa ere. Horregatik da, hain justu, azpikontraten gaineko ELAren diskurtsoa gero eta politikoagoa. Administrazioak ez lukeela azpikontrata pribatizatuetako lan-gatazketan esku-hartu behar dioen mantra hori ez da onargarria, ez etikaren ikuspegitik, ezta, estu hartuta, legearen ikuspegitik ere. Etikoki gaitzesgarria da, azpikontratatutako kolektiboen lan-baldintzak, hein handi batean, administrazioan hartutako erabakietatik datozelako.Eta legez onartezina da, gaurko sektore publikoko kontratuen legeak aukera ematen diolako administrazioari hainbat neurri hartzeko lan baldintzak hobetze aldera eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorra lortze aldera.

Benetako arazoa non dago orduan? Lan arloko aldarrikapenek hankaz gora jartzen badituzte sistema patriarkalaren oinarriak (guztiok, eta bereziki emakumeak, esplotatzen gaituen neoliberalismorekin batera) eta exijitzen bada diru publikoa erabiltzea guztion ongizatea erdigunera ekarrita, hori ez dutela batere gustuko. Eta ez dutenez gustuko, grebak luzatu egiten dira. Eta irabazten denean, greba hau irabazi egingo dugulako, gutxienez ez dadin izan gonbidapen bat gainontzekoek beren esparruan gauza bera egitera animatzen dituena. 170 greba egun ez ditu edonork egingo.

6.Erresistentzia-kutxa: horrekin, gogorra, hori gabe, jasanezina.

Azaldu dut jada zein den enpresa pribatuen eta administrazioaren estrategia: gatazkak apropos luzatzea grebalariei (gaurkoei eta biharkoei) diziplina ezartzeko. Horren aurrean baina, badago tresna bat grebaz greba bere eraginkortasuna erakusten ari dena: erresistentzia-kutxa sendo eta kaudimenduna. Irudikatze aldera, adibide bat baliatuko dut. Greba honetan badugu seme-alabak dituen bikote bat, biak greban irailaren 19az geroztik. ELAren erresistentzia kutxari esker greban diraute, edonola ere, seguruenik laguntza oro gutxi da. Erresistentzia kutxa gabe, gauzak garbi: eskirolak izango lirateke.

7.Emakumeak protagonista greba eredugarri honetan.

Hiru izan ezik, gainontzeko grebalari guztiak emakumeak dira. Aukera izanda, seguruenik beraietako inork ez luke hautatuko negoziazioak hartu duen bidea. Hala eta guztiz ere, emandako urrats bakoitza aurrekoa baino irmoagoa izan da.Borroka ez bortitz benetan eredugarria.

Labur esanda, bi esparru azpikontratatuk ikusi dute nola beren baitan egokitzen joan diren ahalduntzea, sororitatea, duintasuna, greba eta erresistentzia kutxa, hori guztia emakumeak protagonista direla. Horiexek bai emakume-armak. Harro nago borroka hau zuen ondoan bizitzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.