Jo Moraiz 1966. urtean hasi zen surf ikastaroak eskaintzen Biarritzen, eta Europako lehen Surf Eskola ireki zuen. 25 urte geroago Zarauzko Surf Eskola sortu zen. Sorreran, Jo Moraiz bera eredu izan genuen eta ireki aurretik harengana joan ginen aholku eske. Beste 25 urte pasatu dira eta egun eredu eskasagoak oinarri hartzeko eskatzen zaigu. Antza, mailaz jaitsi beharra dago mailara egoteko. Gu ez gaude prest hainbeste urteko ibilbidea egin ostean, orain, gauzak trakets egiten hasteko; beraz, adio esateko momentua iritsi dela uste dugu.
Urte hauetan guztietan helburuak finkatu eta horiek lortzeko lanean aritu izan gara. Iparra munduari begira izan dugu eta puntako ereduetatik ikasten saiatu gara. Guztia euskaraz egin dugu, euskaldunak garelako, eta mundua Euskal Herritik begira ikusten dugulako. Bidean bitartekoak sortu eta ikasleei tresnak eskaintzen ere saiatu gara: besteak beste, bi DVD, liburu bat eta surf gida bat argitaratu ditugu. Gure ustez egokienak diren balioak sustatzen saiatu gara; horrek eman dio bere izaera eskolari.
Ogibide duin bat osatzeko bidean urrats garrantzitsuak egin direla uste dugu, baina egun eskolak baino gehiago marka izenak gailendu diren honetan, lekuz kanpo ikusten dugu geure burua. Monitore egokiak eta esperientziadunak baino, enpresarentzat egoki izango diren langile gazteentzako eredu bat eraiki da. Adibide gisara, bi hilabetean behar bezala formatzeko saiakerak egiten dituen Euskal Herriko Federazioaren tituluak baino indar handiagoa dute egun gutxian ateratzen diren titulu arrotzek. Horrela oso zaila da surf irakasle profesional moduan haztea eta errelebo duin bat bermatzea. Bestalde, eredu pribatua publikoaren gainetik dago. Aspaldi hasi genuen eredu publiko baten aldeko bidea, baina inor gutxik entzun gaitu. Zarautzen izan diren udal gobernu desberdinei igorri izan diegu gure «proposamen integrala» (irakurri nahi duenak eskuragarri dauka surfeskola.com webgunean), baina inoiz ez dugu zuzenean erantzunik jaso.
Orain, eredu komertziala, azalekoa, nortasun eta ardurarik gabekoa gailendu dela uste dugu eta eredu horri eutsi behar omen diogu. Barrutik ezagutzen dugu eredua, nahi edo ez bertan izan baikara gu ere, baina besteengandik bereizteko ordua iritsi delakoan gaude; bestela, ez litzateke koherentea izango. Ballet dantzari profesional bat oholtzara igo eta Trash-metal abesti bat jarriko baliote bezala da, zerbait dantzatu ahal izango du, edonork egin dezake, baina bere lan eta esfortzuak beste norabide batean bideratuak ditu.
2003. urteko udan, Prestige ontzia hondoratu ostean, eskola itxi genuen ikastaroak behar bezala emateko baldintzak ikusten ez genituelako. Orain ere gauza bera egingo dugu, baina betiko. Beraz, uda honetan, oraindik ikastaroak emango ditugu, baina udal araudiko orduetatik kanpo, hau da, goizean goiz eta arratseko azken orduetan. Irailean, ordea, 25 urteren ostean, bere ateak itxiko ditu Zarauzko surf eskolak. Gure ikasleei beti esan izan dieguna egitera goaz, alegia, norberak bere bidea, ilusioz eta erantzukizunez. Mila esker urte hauetan guztietan gurekin izan zareten guztioi.
Zarauzko surf eskolaren itxiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu