Jasandako zapalkuntzaren egiazkotasunaz eztabaidatzen segitzen duen herria gara, herri zapaldua izaten jarraitzen dugulako. Izan ere, askatasunak berekin dakar norberaren errealitatearen gaineko kontaketa, zapaltzaileak Historian hizki larriz idatzitako gezurrei berezko ahotsaz erantzuteko gaitasuna alegia.
Euskal Herria ez da existitzen. Ez da nehoiz zapalkuntzarik egon. Euskarak modu naturalean egin du atzera. Ohiko eraso diskurtsiboa izateaz gain, hitzok gizartean berariaz zabaldu duten narrazio orokorraren adibide txikia baino ez dira, Espainiaren batasunaren mesedetan maisuki eraikitako propaganda estrategia, hain zuzen ere. Horrela, zapalkuntza baino garrantzitsuagoa bilakatzen da horren gaineko kontaketa, egia horren arabera izango baita zapalduen jarrera: errealitatea etsipenez onartu edo altxatu eta aurre egin. Noski, botereak hitza baliatzen du egiten duena justifikatzeko eta onargarri bilakatzeko. 2011n Espainiako Historiaren Errege Akademiak bere Diccionario Biográfico Español-en Francok eragindako gerra Gurutzada edo askapen gerra gisa aurkezten zuen; berriki entzun dugu Putin Ukraina desmilitarizatu eta desnazifikatu beharraz, edo Netanyahu Hamási erantzuteko aitzakiapean Gazan genozidioa egiten ikusi. Egitea bezain garrantzitsua baita esatea.
Gurera etorriz, historiografia orokorrak gutxi eta oso azaletik aztertu du euskararen zapalkuntza. Izan ere, frankismoaren errepresioa ikertu duten lanak aztertuz gero, errepresio politikoa, ekonomikoa edo soziala ageri zaizkigu, baina arlo kulturala apenas izan den landua, are gutxiago hizkuntzen zapalketari dagokionean. Gurean egin izan dira saiakera zintzoak, Euskaltzaindiaren Euskararen liburu zuria edo Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko Euskararen historia, besteak beste, baina hizkuntzen zapalkuntza sakonki aztertu barik ageri zaigu berriz ere. Torrealdaik, bestetik, erregimenak euskararen aurka erabilitako irainak jaso zituen: dialecto, jerga, ladrido, verrugas que le salen a los idiomas, cáncer de la patria, jerigonza, Que es a nuestro idioma lo que la rueda del carro de bueyes a la hélice del avión. Gaztelania, jakina, hizkuntza goren gisan aurkeztua: idioma, claro romance edo lengua del cristiano. Hura erabiltzeko gonbita eta guzti: Español, habla español edo Habla la lengual del Imperio. Horrela, erregimenaren ideologia, politikak, legeak, tresna instituzionalak eta ekintzak aztertu eta gero, kultur genozidioaz mintzatu zitzaigun Torrealdai. Ildo beretik ari zaigu Xabier Irujo, Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Herrian euskal kulturaren aurka gauzatutako zapalkuntza genozidioaren kategorian kokatuz.
Zapalketak bide berria hartu du orain, oldarraldi judiziala, berriz ere hitzak boterearen sostengu direlarik: euskara diskriminatzailea dela, gutxieneko ezagutza eskatzeak funtzio publikora sartzeko aukera berdintasunaren aurka egiten duela edo euskararen aldeko neurriek gaztelania ezabatzeko eginak direla eta hizkuntzen arteko oreka haustea ekarriko luketela. Horregatik zaizkigu ezinbesteko Bizkarsoro bezalako proiektuak, geuk egindakoak, guri zuzendutakoak, hitza ematen digutenak. Ipar Euskal Herriko euskaldunek XX. mendean pairatutako errepresioa ageri zaigu Josu Martinezek zuzendutako film zoragarri bezain latzean. Laburbilduz, lanean tinko jarraitzeko beharra dugu. Zapaltzen gaituzte, ez diezagutela gure historia kontatu!