Zamorako konkordatu kartzelaren 50. urteurrena

2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Euskadin ere historikoa izan zen 1968. urtea. Asko indartu zen diktaduraren aurkako erresistentzia azken hamarkadan: langile mugimendu adoretsua, greba iraunkorrak, errepresio ankerra... Euskal apaizgoak ez zuen okasioa galdu, ekintza franko burutuaz, hots, Gotzaindegian itxialdiak, gose greba... Berriro, euskal apaizgoak Francorenhaserrea bereganatu zuen.

1960ko maiatzean 339 abadek ageri deigarri bat plazaratu zuten, sistemaren askatasun gabezia eta torturak salatuaz. Sotana beltzez jantzi ziren Bilboko kaleak 1967an Bandasko grebaren alde. Oro har zabaldu ziren protestak. Donostiako Aberri Eguna eta Maiatzaren Lehen apartak atxiloketa ugari eragin zituzten, hainbat abade tartean. Etxebarrietaren omenezko meza-kanpainak arrakasta bikaina izan zuen herri denetan. Eibarkoan, abade bi detenitu, zigortu eta espetxeratu zituzten, konkordatuaz ahaztuta. Bestalde, Dueñasko monasterioan konkordatuaren arauetatik apartaturik zeukaten abadeari zetozkion bisita mordoak konponbide honetatik atzera egitera behartu zuen gobernua, beste irtenbide baten bila. Non sartu hainbeste abade gatazkatsu!

Uztailaren 22an ireki zuten konkordatu Kartzela Zamoran abadeentzako, kasu bakarra munduan. Preso politiko zibilengandik apartatzea zen helburua eta ankerkeria berdin edo gogorragoaz zigortzea. Ez zuen axolarik konkordatua bihurritzea. Berriro makurtu zen Eliza diktadorearen aurrean. Urte berean hamalau atxilotu zituzten, 53 hiru urtetan.

Hainbeste gorrotatzen zuen konkordatuaren preso diskriminatuak izan ziren, «rojos separatistas» deituriko abadeek, diktadura eta Elizaren arteko biktimak. Konstituzioagatik apur bat aldatu arren, Nacional Catolicismoaren konkordatu berak dirau gaur oraindik, Francok 1951n sinatu zuena, Alemania naziak eta Italia faxistak sinatutakoen arabera. Pribilegioen trukean Elizaren morrontza lortu zuen, gotzainak eta hierarkia hautatzeko ahalmena eskuratuz.

Abade presoek hasieratik borrokatu zuten egoera hau, preso politiko zibilen kartzeletara pasatzea exijituz. Bat sekularizatu ere egin zen arrazoi horregatik. Ez da harritzekoa protesta moduan kartzelari su ematea azken sei presoek. 1972az gero ez zen besterik sartu, 1975ean irten ziren arte. Konkordatu kartzela egun hondatuta dago, baina konkordatuak zutik dirau, naiz eta estatu laikoaren kontraesanekoa izan.

Ez zen pribilegiozko kartzela, garaiko okerrenetakoa baizik. Apartheid gorrotagarriatik bazen ere, garaiko preso politikoen taldea osatzeko ondra izan genuen Zamorako abadeek. Euskal gobernuak, ordea, ez du talde hau errekonozitu. Bakearen eta elkarbizitzaren dekretuek isilik dute diktaduraren errepresioko atal nagusi hau. Harrigarria!

Tortura etxeak ziren kuarteletan hasten ziren atxiloketak. Abadeek era jasan zuten, Abadeak ere torturatuak liburuan azaltzen den lez. Hogeion zerrenda erraz bikoiztu edo hirukoiztu daiteke. Epaimahaiak ere ez ziren xamurragoak izan. Zamorako 53 abade presoetatik, 21ek epai sumarisimoak jasan zituzten, Burgosko epaia adibidez; 21ek orden publikoarenak. Gose greba hamar eta hamabi urteekin zigortu zen; orri klandestino bat, 10 urterekin; etakide izatea, 50 urterekin. Edozein izanda ere motiboa, «rebelion militar» leporatzen ziguten, gaur egun espainiar Justiziak katalandar independentistei bezala, edo «terrorismoa» Altsasuko gazteei.

Frankismoaren krimenak babestu dituen inpunitateaz haserre, beste ehunka biktimarekin batera, Goldatu Taldearen laguntzaz, hogei abade errepresaliatuek Argentinako kereila sinatu dute, Maria Servini de Cubria epaileak Francoren krimenen aurka Buenos Airesko epaitegi nagusian jarria.

Trantsizioa iruzurra izan da; aldaketarik nahi ez zuen bipartidismoa iraunarazteko eta erregimenaren krimenak zuritzeko erabili da.

Zutik diraute frankismotik datozkigun hiru zutabeek: konkordatuak, monarkiak eta Amnistiaren Legeak. Hirurak Konstituzioaren aurretikoak, baina sable artean sorturiko legediari ondo atxikiak. Gobernu sozialista berriak eremu guztietan elkarrizketa eta proposamen liluragarriak darabiltza hitzetik hortzera, nahiz eta une berean ezin direla aldatu baieztatu. Antza, legaltasun konstituzionalaren, hau da, espainiar batasunaren sostengutzat dauzkate haiek, koloniak galduz gero Espainiak duen xede nagusia. Baina, zein elkarrizketa itxaron daiteke Kataluniako Parlamenturako demokratikoki hautaturiko kontseilariak espetxeratu eta funtzioetatik suspenditu dituztenen aldetik? Trantsizioaren lekuko garenok, ezin ditugu toleratu bipartidismo konponduak berrogei urtetan jasanarazi dizkigun ustelkeria orokorra, amaigabeko inboluzioa eta exekutiboak interbenituriko justizia errepresiboa. Nahikoa da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.