Martxoaren 8 honetan, kaleak eta instituzioak zaintza sistema publikoaren garrantzia mahai-gaineratzen duten ekimen eta salaketez bete behar ditugu. Mugimendu feminista bera publikoki atera da pasa den otsailaren 1ean,Denon bizitzak erdigunean leloarekin epe luzeko dinamika abiatuko duela iragarriz.
EH Bilduren konferentzia munizipalistan aurkeztu den ildo estrategikoetako bat da zaintzarena, eta ez da kasualitatea, egungo egoeraren analisia begirada feministatik egiten dugunean, denok bat etortzea beharrizan honen azpimarratzearekin. Mugimendu feministak zein guk, argi ikusten dugu momentuko beharrizan eta lan eremu ezinbestekoa dela zaintzen sistema publikorako norabidea markatzea: herrialdeen artean dagoen desoreka apurtzea; sektore honetan lan egiten duten emakumeen lan baldintzak hobetzea; etxeko langileen errealitatea mahai-gaineratzea; familiarizatutako eta eremu pribatuan gorde nahi den ardura feminizatua politizatu eta lan banaketa sexista hau salatzea... Gaur egungo zaintza sistema krisian dagoela eta krisi horrek aurpegi ugari dituela ohartarazi dute mugimendu feministako kideek.
Errealitate gordin horren aurrean, gure herriak dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz. Honela jardun dugu gobernatzen ditugun hainbat udalerritan, zaintzaren alde anitzeko aferari elkarlanean heltzen saiatuz: Usurbil, Hernani, Berriozar, Elorrio... Konferentzia Munizipalistan ildo batzuk azpimarratu genituen, baina baita egiteko modu bat ere, Gobernantza Feministarena. Egiten duguna bezain garrantzitsua delako nola egiten dugun. Ez digu ezertarako balio zaintza sistemaren kate globalen ondorioz Euskal Herrian zaintza lan prekarizatuetan dabiltzan emakume atzerritarren protagonismorik gabe eraikitako etxeko langileen gaineko dinamika batek.
Herritar guztion bizitzek ez dutelako berdin balio gure herrian. Eta bizitza horien zaintza ez da modu berean egiten. Gogor salatzen ditugu zaintzarekin negozioa egin eta eskubidea merkantzia bilakatzen duten politikak eta enpresa kapitalistak. Zaintzaren merkantilizazioa eta familiarizazioa da sustatzen den eredua, eta horrek etxeko eta zaintza sektoreko langileen esplotazioa dakar. Sektorea desarautua batzuen kasuan, eta konbenio ezberdinetakoa besteen artean.
Egoitzetako zein etxez etxeko langileek, gehienak emakumeak, lan baldintza duinen aldeko borrokari heldu behar izan diote etengabe haien egoera hobetzen saiatzeko, ez baita etorri instituzioen partetik, pandemia ostean ere ez, berau erregulatzeko eta duintzeko inolako urratsik. Feminizatutako eta prekarizatutako sektore horiek zaintzen krisiaren erresoluzio sexistaren beste albo kaltea dira, askoren ahotan dagoen soldata arrakalaren eragile nagusietakoa. Gizarte-zerbitzuetan ez dago plaza publikoen garapen nahikorik, zaintza-premien aurreko arreta publikoa murriztu egin da. Honen aurrean, aukera duten familiek zerbitzu pribatuetara jo behar izan dute, baina askok abusuzko klausulei eta egoitza pribatuetako hileroko ordainketaren garestitze bortitzari —300 eurotik gora kasu batzuetan— aurre egin behar diete. Horiek zerbitzu-txekearen ereduaren albo-ondorioak dira, legearen aurkakoa dena. 2.800 familia omen daude egoera honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan,Behatuz-en datuen arabera.
Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, eta ezinbestekoa da eremu hau ere horretara aktibatu eta soluzio berriak mahai-gaineratzen hastea. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Krisiaren azaleratzeak batzuengan eragiten duen paralisiaren aldean, mugimendu feministaren deiarekin bat egiten dugu. Diskurtso hutsaletatik, elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da.
Zaintzen duen herria helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu