Datu batzuk. Euskadiko DMD/DHE Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko bazkideen artean eta zuzendaritza taldean, %66 emakumezkoak dira, eta elkarte horretako Arreta Pertsonalizatua batzordean, %75. Presidentea ere emakumezkoa. Antzerako datuak agertzen zaizkigu Euskal Autonomia Erkidegoan, Aurretiazko Borondateak eskatzen dituztenen portzentajeari begiratzen badiogu: emakumezkoak, %65.
Kopuru horietatik zer ondorio atera daiteke, emakumeok heriotza duinaren inguruko kezka handiagoa dugula? Ez dago guztiz argi, zeren 2022. urtean egin ziren (eta prozesuaren amaierara iritsi ziren) eutanasia-eskarien ehunekoak orekatuagoak agertzen baitira generoari dagokionez: %55 emakumezkoak eta %45 gizonezkoak. Hori bai, ideia bat suma daiteke: zaintzaren arloan orokorrean gertatzen den era berean, heriotzaren zaintza deitu dezakegun horretan ere emakumezkoak direla lan gehien egiten dutenak.
Hala ere, orain arte, feminismoak ez du gai honetaz ezer esan, ez da, adibidez, heriotza zaintzaren kanpainetan sartu. Eta, nahiz eta DMD/DHEko kide batzuk feministak izan, elkarte horren funtzionamenduan ere ez dago ikuspegi feministari buruzko gogoeta propiorik.
Otsailaren 8tik 27ra Heriotza duina eta ilustratua izeneko zikloa antolatu zen Marienean (Basauriko Emakumeen Etxean): Kataluniatik zetorren erakusketa ederraz gain egindako jardueren artean, Heriotza ez ote da gai feminista bat? tailerra egin genuen. Gogoeta abiatzeko, 2021ean Donostiako Emakumeen Etxean antolaturiko mintegian erabilitako galdera berak proposatu genituen: Zer da guretzat ondo hiltzea? Zergatik emakumeak gehiengo dira bai bizi-testamentua egiteko orduan bai DMD/DHE elkartean parte hartzean? Zer ekarpen egin dezake feminismoak arlo honetan?
Partaideok horrela laburbildu genuen guretzat ondo hiltzea zer den: heriotza norberak kudeatua izatea eta, horretarako, aldez aurretik pentsatua; sufritu gabe; lagundua (ala ez, horrela hautatuz gero); garaiz hiltzea, hau da, bizitza debalde luzatu gabe… Laburrera ekarrita, kalitatezko heriotza (etxean/ospitalean, bakarrik/lagunduta): «Nahi dudanean, nahi dudan moduan, nahi dudan tokian, nahi dudan (edo ez) konpainian».
Esparru honetan aurki daitezkeen genero-desberdintasunak azaltzea ez zitzaigun oso zaila iruditu. Azken batean, heriotzari dagokionez azaleratzen ari dena osasunaren eta osasun zaintzaren arloetan aurkitzen denaren jarraipena baino ez litzateke: osasunaren ardura generizatua badago, logikoa da pentsatzea heriotzaren ardura ere generizatua egotea. Ildo beretik, besteen heriotzaren aurrean agur esateko beharrezkoak liratekeen gaitasun praktiko eta emozionalak jorratuago izango lituzkete emakumeek.
Bestelako esperientzia izan daiteke norberaren heriotzarena. Suizidio kopurua, adibidez, altuagoa da gizonezkoen artean. Hori azaltzeko faktore anizkoitzak aipatu ohi dituzte adituek. Bi nabarmendu daitezke: gizonezkoei zailagoa egiten zaie laguntza eskatzea eta, ondorioz, hartzen dituzten erabakiak desberdinak dira, eta gizonezkoek teknika letalagoak erabili ohi dituzte (nahiz eta emakumezkoek suizidio-saiakera gehiago, baina arinagoak, egin, laguntza eskatze moduan interpretatzen direnak). Hori guztia genero-sozializazioren emaitza zuzena da.
Zer ekarpen egin dezake feminismoak arlo honetan?
Galdera horri erantzuteko, ideia hauek bururatu zitzaizkigun: lehenik eta behin, heriotzaren planteamendu politiko-feminista egiten hastea. Beste era batera esanda, heriotzaren errealitatea, heriotzaren berezko balioa ere agenda feministan sartzea, heriotza egunerokotasunera ekarriz eta gogoeta soziala eraginez.
Bigarrenik, eta zaintzaren arloan orokorrean egiten ari garen bezalaxe, gizonezkoak ere inplikatzea eremu honetan, dagokien lana/ardura har dezaten. Gizonezkoen errealitatea ere (suizidioen esperientzia, esate baterako) generotik aztertu eta aurre egitea. Eta ohar bat: bai zaintzaren esparruan baita heriotzarenean ere, aktibo dauden gizonezkoen esperientzia eta iritzia ezagutzea nahitaezkoa litzateke taxuzko politika feminista diseinatu ahal izateko.
Hirugarrenik, heriotzak eta heriotzaren errituek oraindik ere duten kutsu erlijiosoa borrokatzea, agur-erritual berriak asmatuz eta proposatuz (edo proposatzen segituz).
Azken ideia bat ere: emakumeak gehiengoa diren inguruetan (eutanasiaren defentsa, bizi-testamentua egitea…) ikuspegi feminista txertatzen saiatzea.
Marguerite Yourcenar-ek Hadrianoren oroitzapenak liburuan idatzitakoa gogoraraziz —«Saia gaitezen heriotzan begiak zabalik sartzen»—, uste dugu heldu dela unea feminismoa heriotzaren gaian begiak zabalik murgiltzeko, zaintzaren arloan pilatu duen eskarmentu guztia aprobetxatuz.