Zaintza eta autodefentsa komunitarioa

2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Izaki bizidun ororen portaeraren printzipio oinarrizkoetako bat ziurgabetasunari ihes egitea da. Identitatea, gure espeziean, segurtasuna mamitzeko elementu bat da, egoera komunitario babestu batean kokatzen baitu gizabanakoa. Azken mendeetan, modua izan da identitate indartsuak sortzeko, oinarri gisa harturik uniformetasun ekonomikoa —klasea— eta politikoa —Estatua edo nazioa—. Gaur egun, ordea, gero eta gehiago lausotzen ari dira orain arte babesgarri gertatzen ziren inguruneak. Lehen industrialak ziren udalerri batzuetan, adibidez, ikusten ari dira nola ari diren hondoa jotzen beren lantegirik garrantzitsuenak (Naval, Arcelor). Merkatuen irentsi-behar gorria eta krisiaren eragin kaltegarrien azkarra hankaz gora jartzen ari dira Estatua herriaren babesletzat jotzen duen ikuspegia. Estaturik gabeko nazioak uniformizazio kultural eta linguistiko bati aurre egin beharrez dabiltza. Hori gutxi ez, eta sare sozialak komunitate kontzientzia faltsu bat ari dira pizten, nahiz eta, berez, errealitatean elkarrengandik deskonektatuta dauden indibidualtasun huts batzuen multzoa baino ez den. Horren ondorioz, sufrimendu subjektibo bat zabaltzen ari da, bakarturik egotekoa, beste sufrimendu objektibo batzuei erantsia: sistemak herritar gehien-gehienei eragiten dizkien desorekek, injustiziek eta abusuek sortutako sufrimendu objektiboak.

Gero eta egoera ziurgabeago horretan, instituzioek epelaburkeria elektoralean jarduten dute oraindik ere, eskubideen aldeko estrategia sinbolikoetan legitimatuz beren burua, nahiz eta gero praktikan ez den jartzen baliabiderik eskubide horientzat, desorekak iraultzeko. Statu quo-ari aurre egiteko, mugimendu progresistak helduleku gisa erabiltzen ari dira zenbait logika, helburu dutenak zubi lanaren bidez lotzea errealitate batzuk gero eta zatituagoak eta desegituratuagoak daudenak, lehenago klase logikak artikulatzeko balio zuten elementuak desagertzen ari diren heinean edo modu subjektiboan aldatuz doazen heinean. Ikuspegi horretatik begiratuta, ulertzen da askotariko errealitateak lotzeko modu bakarra dela oinarritzat hartzea gutxieneko komun batzuk, izendatzaileak, integratzaileak, deigarriak, koloretsuak guztiak, baina mobilizatzailetik gutxi dutenak. Azken batean, ez instituzio tradizionalak eta ez mugimendu progresistak ez dira kapaz ziurtasuna eta segurtasuna eskaintzeko. Horiek hala, neoliberalismoak suntsitutako lurra emankor bihurtu da eskuin muturreko zenbait talde erna daitezen, merkatuei bidea zelaitzen dieten taldeak denak ere —ikusi zer-nolako proposamenak egin dituen Voxek, proposamen berariaz ezkutatuak, hezkuntza eta osasun sistema pribatuei buruz eta zerga politikari buruz, besteak beste—. Beren benetako helburuak lortzeko, gehienezko komun multiplo bat aurkezten dute —zezenak, bandera, errekonkista—, eta, horren bidez, neoliberalei eta kontserbadoreei eskua emanda jarduten dute, haien anaia makarra balira bezala.

Horri erantzuteko, ziurgabetasunaren ardatzak irauli behar dira. Eta, neure ustez, eginkizun horri ekin behar liokete, elkarri eskua emanda, bai benetako berdintasun handiagoaren bidez sistema aldatu nahi dutenek eta bai bereziki berdintasun formala erabiliz sistema horri eutsi nahian dabiltzanek ere. Talde horiek gehiengo zabal-zabala dute gure udalerrietan, eta lehentasun erabatekotzat hartu behar lukete herri sareak berriz ere egituratzea zaintza komunitarioko estrategiak baliatuz: min objektiboak, materialak eta immediatoak ez ezik kezka subjektiboak, immaterialak eta etorkizunekoak ere ikusaraziz. Oraintxe, ia herritar guztien artean hedatuta dago halako espektatiba falta bat —edo etorkizunerako esperantzarik ez delako sentipen bat—, dela beren buruarentzat, dela senide zaharrentzat, edo dela, batez ere, gazteentzat. Gaur egungo gurasoei ondorengoen etorkizunak pizten dien frustrazioa, zaintzan aritzen diren emakumeena, sexu identitatea aitortzen ez dietenena, frustrazio hori berbera dute 40-50 urteko gizon langabe eta prekarioek ere, etxera ogia dakarren gizonaren ereduaren arabera sozializatutako gizon horiek, ez baitira gai buru egiteko maskulinitate toxiko batek piztutako espektatibei. Bakardadeak gaina hartuta bizi dira migratzaileak, eta halaxe haur asko ere, baina, bereziki, zaharrei eragiten die bakardadeak, beren espazio pribatuan bakartuta egoten baitira. Eta desberdinkeria mugarik gabe hedatuta dago herritarren sektore guztietan, baina guztiz bortitz jotzen ditu herritarren erdiak, hots, emakumezkoak.

Bakardadea, frustrazioa, aurreiritziak, desberdinkeria, espektatiba falta: ia denok dauzkagun minak, bizi-bizirik gaur, atzo eta bihar. Guztioi eragiten diguten minak, norberaren larruan nahiz senideenean eta lagunenean. Sorburu objektiboetan eta ziurgabetasun subjektiboetan ainguratuak. Azken finean, despolitizazio prozesu batek elikatzen ditu min horiek. Joan den mendeko borrokaren xedea —eta, gaur egun, feminismoaren eta pentsiodunen borrokena— arazo pribatutzat joak politizatzea izan zen, konponbide publikoak aurkitzeko; oraingo erreakzio prozesu honek, berriz, esparru pribatuan minduta dauden subjektuak nahi ditu, identitate itxi eta baztertzaileen fikzioetara makurtuko direnak. Horregatik, nahitaezkoa da mugimendu sozial progresistek eta instituzioek estrategia parte hartzaile batzuk bultzatzea, auzolanaren logika gure garaira egokituko dutenak, zaintza komunitarioko proiektuetan oinarrituak, hartara komunitatea, konplizitateak, enpatiak ehuntzeko eta baliabide sinbolikoz ez ezik baliabide materialez ere hornitutako estrategiak planifikatu eta diseinatzeko. Komunitateak ez baitira egituratzen ez aldarrien bidez eta ez errepideen bidez, baizik eta baliabide gisa erabiliz segurtasuna eta auzotasuna sortzeko gai diren estrategia komunitario jakin batzuk, ziurgabetasunaren eta besteenganako beldurraren aurkako babes hesiak jarriko dituztenak.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.