Itaiako kideak

Zaintza auziaz eztabaidatzen

Nadia Perez eta Irene Ruiz
2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Emakume langileon askapenerako proposamenean puntu zentrala izan da historikoki zaintzaren auzia, gure zapalkuntza ezaugarritzen duten gai nagusietako bat baita. Batetik, lanak berak duen aitortza sozialik ezaren ondorioz zaintza sektoreko langileek dituzten baldintza txarrak; bestetik, zaintza zerbitzuen kalitate eskasa, eta, azkenik, zaintza lanak lan banaketa sexualaren ondorioz emakumeongan sortzen duten lan karga.

Aldiz, askotarikoak izan dira gaiari heltzeko egindako proposamenak, eta eztabaidak indarra hartu du beste behin A-30erako deituriko Greba Orokor Feministaren harira. Mugimendu Feministak zaintza esparru osoa berrantolatzeko helburua mahaigaineratu du deialdi horrekin eta irtenbidea instituzio publikoak interpelatu eta presionatzean kokatu dute, azaldu dutenagatik erakundeen ardura baita zaintzarako eskubide unibertsala aitortzea eta bermatzea.

Itaiaren ikuspuntua bestelakoa izan da, ordea. Gure ikuspegitik, zaintza lanen problematika interes ekonomiko kapitalistek eragiten dute. Batetik, estatuak enpresarien etekin ekonomikoak babestea du helburu, eta, beraz, zaintza lanek ahalik eta kostu gutxien eragitea komeni zaio. Hori dela eta, zaintza lanak familian bermatzea eta sektorera bideraturiko inbertsio publikoan murrizketak egitea beharrezkoa zaio. Bestetik, enpresariak zaintzaren kontura etekin ekonomikoak lortzeko zaintza arloko merkatu sektorea indartzen ari dira, zerbitzuaren pribatizazioaren bidez eta langileen baldintzak eta zerbitzuen kalitatea txartuz.

Instituzioak gizartearen eraldaketarako tresna gisa kokatzea eta estatuaren kudeaketa aurrerakoiean sinestea ameskeria hutsa da. Kapitalismoa eta estatua krisian daude eta azken urteetan agerian geratu da instituzioek eskaini dezaketen bakarra ogi apurrak direla. Publikoaz ari garenean, beraz, estatuaren edo administrazioaren kudeaketaz ari gara, eta horrek ez du inondik inora guztion askapena bermatzen. Agian sektore konkretu batzuen pribilegioak mantentzeko balio du, baina egoera zaurgarrienetan dauden emakumeak alboratzen ditu.

Instituzioetan langileon interesak defendatzeko eta bermatzeko aukera bakarra instituzioetatik kanpo indar politiko independentea sortzea da. Horrek berma dezake instituzio burgesen aurrean, proletalgoaren instituzioak gailentzea. Kontrara, instituzioen baitan indar posizioa lortzera bideraturiko proposamenak ez du zapaltzen gaituen kapitalaren markoa gainditzeko aukerarik.

Zaintzaren sektorearen eta zerbitzuaren miseriazko baldintzei eta lan banaketa sexualari aurre egiteko, konkretuki, oinarrizko bi aldarri izan behar genituzke kontuan: lehena, zaintza lanen sozializazioa, hau da, zaintza lanek emakumeon ardura izatetik gizarte osoaren ardura izatera pasatu behar dute. Zaintza lanak ezin dira familiako esparru pribatuan geratu, gizartearen antolaketak zerbitzu horretaz arduratu behar du. Bigarrena, guztiontzako soldata berdintasuna. Hau da, klaserik gabeko gizarte bat. Modu horretan, aberastasun sozialean guztiok egin dezakegun ekarpena aitortu eta horretatik guztiok aukera berdintasuna jasotzea izan behar da eraiki beharreko gizarte berriaren oinarria.

Prozesu horretan ekarpena egiteko tresna politikoa da greba, langileon eskubideak defendatu eta borrokatzeko baliagarria dena. Egunak berak gure zapalkuntzaren erantzule diren enpresa eta instituzioak seinalatu eta egoerari aurre egiteko kontzientzia garatzeko balio behar du. A-30eko Itaiaren mobilizazioek sozialismoaren eraikuntzaren hautua indartzeko helburua dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.