Mari Luz Esteban.

Zaintza: atso baten gorputza garbitzea

2024ko apirilaren 13a
05:00
Entzun

Begiak blaitu zitzaizkion hitz egiten zuen bitartean. Haren ama ospitalean zegoela eta goizetan, ama garbitzen zutenean, ezin zela bertan gelditu haren gorputza nola manipulatzen zuten ikusten. Bazekiela ez zela langileen borondate ezkorra, errespetu- eta samurtasun-eszenen lekukoa ere izana baitzen. Bazekiela ratioek haien borondatearen kontra egiten zutela eta azkar aritzera behartu. Horregatik ez zen ausartzen ezer esatera. Baina nahiago zuela gelatik irten eta pasilloan mugikorrera begira egotea.

Osasun-zentro eta egoitzetan lanean ibilitakoek antzerako pasadizoak kontatu dituzte. Segundo luze batzuez isilik mantendu gara, batak esan arte berari gogorra egingo zaiola alua garbitu behar izango diotenean, nola edo hala moldatuko dela berak egiteko. Eta amaren edo aitaren genitalak lehenengoz ukitzea egokitzen zaizun une berezi horren gaia ere atera da gero. Pudorea, mendean dagoen gorputz zaharra garbitzeagatik, eta pudorea, norberarena garbitua izateagatik. Emakume eta gizonen artean leudekeen aldeak ere izan ditugu hizketagai, etxeko langileen eskarmentua oinarri.

Pudore hori protesta moduko bat ere izan daitekeela erantsi du beste batek, ez dela beti puritanismoaren seinale edo lotsaren genero-sozializazioaren ondorio ezkor hutsa. Haren amak argi zuela bere gorputza ez zuela edonork ukituko. Bide beretik, erizain gazte batek ospitalean egindako praktika-garaian bizi izandako eszena bat azaldu digu: emakume bat ohatila baten gainean etzanda zegoela, biluzik. Miaketa amaitu eta bere inguruan zeuden mediku eta ikasleek kasuari xehetasun guztiak arakatzen hasi zirela, emakumeak biluzik jarraitzen zuen. Halako batean emakumeak besoa altxatu eta izara bat eskatu zuen, haserre, ez zuela horrela egon nahi.

Gogorarazi diet Mikronesian, genitalak erakustea erabateko tabua den eta emakumeen lotsaren ikasketa zorrotza eta arretatsua bultzatzen den kulturan, gatazka oso larri bat leherrarazten denean, atso bat etorri eta ipurmasailak erakutsi ohi dizkiela elkar joka daudenei, borroka geldiaraziz. Eta barre egin dugu adineko emakumeen taldekide batek esan duenean alkatearengana joaten diren hurrengoan horixe egingo dutela, ea horrela erreakzionatzen duen, haien aldarriei entzungor egiten baitie beti.

Hori guztia Marienean izan da, Basauriko Emakumeen Etxean, martxoaren 21ean, adineko emakumeak eta gorputzaren gaiaren harira egindako eztabaida mamitsuan.

Pudorea, pertsona bati «emakume» bilakatzeko eta gizartearen mandatuetara makurtzeko exijitzen zaion afektu hori, ez da emozio indibiduala, soziala baizik, sexu-askatasunaren, gorputz-jabekuntzaren eta emakumeak edonon leloaren arerio zuzena. Baina, aldi berean, eraso patriarkalen kontrako babesle eta agentziarako eta protestarako tresna eraginkor ere izan daiteke, benetako autoestimu-zeinu, norberarenganako maitasun, mundu batean non berdintasuna deitzen dugun hori, gizartearen muturreko humanizazioa ere dei dezakeguna, ohean dagoen adineko emakume baten gorputzean jokatzen ari den. Beste era batera esanda, pudore inposatuaren kontra jotzea ekintza feminista da, zalantzarik gabe, testuinguru edo egoera jakin batzuetan pudorerako eskubidea defendatzea bezainbeste.

Adineko emakumeen gorputza bada kontrolerako, zapalkuntzarako, ikusezintasun sozialerako gune, baina erresistentziarako, protestarako eta aldaketarako eragilerik boteretsuena ere bai. Gure esku dago lehenen kontra eta bigarrenen aldeko politika feministak martxan jartzea, jarduera eta gorputz politiko berriak asmatuz eta entseatuz. Adineko emakumeen gorputzak plazererako, dantzarako, gozatzeko lanabes izan daitezke baina baita haserrearen, amorruaren adierazpide askotarikoen erreminta ere. Azken hau errazago ahazten zaigu.

Halere, erne ibili behar dugu feministok, gorputz politikoen artean konturatu gabe ezartzen ditugun hierarkien aurrean, non, adibidez, gorputz zaharrek eta prekarizatuek ez duten beti «glamour» politiko bera. Gorputz disidenteez hitz egiten dugun bakoitzean ez ditugu gorputz guztiak aintzat hartzen.

Bide luzea dugu aurretik zaintza-sistema (benetan) publiko eta komunitarioa bere sakontasun osoan irudikatu, borrokatu eta lortu arte. Egun horretan, ohean dagoen atso baten gorputza garbitzea bigarren mailako lantzat hartua izatetik pribilegio izatera igaroko da, zeremonia sakratu bat, bizitza ospatzen den lekua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.