Ilea horiz tindatuta, hagin postizo ederrak, eta lagunekin eguerdiko bermuta edaten irudikatzen nuen neure zahartzaroa gazteagoa nintzela. Adinean aurrera joan ahala, anbizioen maila jaitsi dut. Neure seme-alabei esan izan diet konforme nagoela zahar etxe batera eroaten banaute, baina mesedez, baten bat arduratu dadila, astean behin-edo, niri bibotea kentzen. Ezpainak gorriz margotzeko gai ez banaiz, eta oraindik haginik badaukat behintzat, erresidentziako baten bati margotzeko eskatuko baliote, eskertuko nukeela esan izan diet, baina ulertuko dudala ezin bada: hori «luxua» da.
Nire ingurukoak zahartu direnean, ostera, zahartzaroa benetan zer den ikusi dut. Konturatu naiz zelako «fisikoa» den. Konturatu naiz, esaterako,zelako garrantzitsua den eguneroko dutxa, baina oso zaila izaten dela hori pertsona bat ezinduta dagoenean. Konturatu naiz fardela egunean zenbat bider aldatu, halako usaina izango duela pertsona horrek. Eta jakin dut zaintzea garestia dela, eta diruarekin ere ez dela nahikoa izaten, zaintzailea nork zainduko duen ez badaukazu.
«Fisikoa» da zahartzaroa, bai, baina konturatu egin naiz «politikoa» ere badela. Bai, adineko batek izango duen usaina edo erosotasuna erabaki «politiko» baten ondorioa da. Halaxe da. Adibidez, nagusien egoitzetarakoratioak, hau da, langile bakoitzak zenbat adindu zaindu beharko duen egoitza batean, erakunde batek, Bizkaiko Foru Aldundiak erabakitzen du. Eta ratio horren araberakoa izango da astean zenbat aldiz dutxatuko dituzten ezinduta daudenak edota egunean zenbat bider aldatuko dieten fardela.
Zahartzaroa «politikoa» dela diot, era berean, ez delako berdin nagusia izatea Bizkaian edo beste lurralde batean. Bizkaian, nagusien egoitza gehienak negozioa helburu duten enpresa pribatuen eskuetan utzi ditu Foru Aldundiak. Beharginen lan baldintzak askoz prekarioagoak dira egoitza pribatuetan publikoetan baino: adindu gehiago dituzte zaintzapean eta euren soldata %40-60 txikiagoa da. Erraz deduzitu daiteke eskaintzen duten zerbitzua ere eskasagoa dela. Hortaz, ez da kasualitatea Bizkaiko egoitzetako langileak greban egotea. Deigarria da, eta esanguratsua, egoiliarren familiak batu izana langileei euren babesa emateko, Babestu elkartearen bitartez. Familiek jakin badakitelako egoitzetako langileek euren onena ematen dutela kalitatezko arreta eskaintzeko, baldintzarik eskasenetan bada ere.
Bizkaiko Foru Aldundiak, bien bitartean, eskuak garbitu gura ditu. Lehenengo zerbitzua kanpora atera, eta gero, langile eta enpresaren arteko arazoa dela dio. Ahaztu egiten du kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko ardura eta erantzukizuna berea dela, eta berari dagokiola hori eskatzea egoitza guztiei, esku pribatuetan egon ala ez.
Eta oasi batean bizi garela sinetsarazi gura digute. Bizkaiko Foru Aldundiak Gipuzkoakoak eta Arabakoak baino diru gutxiago gastatzen du gizarte zerbitzuetan. Milioiak bertan gastatu eta ia inork erabiltzen ez duen errepide bat, Supersur-a, daukagu Bizkaian, hori bai, eta gure nagusi asko ezinean hainbatetan.
Herri duina izan gura dugula esaten dugunean horretaz ere ari gara. Ezin da herri duina izan bere nagusiak babestu, eta merezi duten bezala zaintzen ez baditugu. Horretarako, kasu honetan, ezin dugu legearen babesa eskatu eduki badaukagulako gizarte zerbitzuak arautzeko lege on bat. Hori da paradoxa.
Legebiltzarrean aho batez onartu zen 2008an. Lege aurreratua, modernoa, egokia da, baina lege bat paper hutsa da, diruz hornitu ez, eta garatzen ez bada. Hori gertatu zaio Gizarte Zerbitzuen legeari, nagusi zein bestelako dependentziaren bat dutenei babesa emateko sortutako legeari.
Eta ez naiz ni hori dioena, Arartekoa bera baino. Horren inguruan egindako txostenean esaten du alde handia dagoela udalerri batetik bestera, eta batez ere herri txiki eta hirien artean, hau da, ez dela berdin nagusia izan Abadiñon edo Tolosan. Hala da. Gizarte zerbitzuetara zuzentzen den dirua ere ez da nahikoa, Arartekoaren arabera, eta, gainera, Jaurlaritza Foru Aldundi eta udalen artean deskoordinazioa ikusten du. Gizarte langileen lan baldintzak ere arduratzeko modukoak direla dio, eta azkenik, eta hau ere bada larria, herritarrok sarritan ez dakigula zein eskubide dagokigun.
Ezjakintasuna aipatuta, herritar askok ez dute jakingo agian hilaren 26tik aurrera, 2008ko Gizarte Zerbitzuen legearen arabera, babes beharra duten pertsona guztiek zainduak izateko eskubidea erreklamatu ahal izango dutela, bai administrazioaren bidetik, bai bide judizialetik. Eskubide subjektibo eta unibertsal bat bihurtu da, hezkuntza zein osasun arreta jasotzeko eskubidearen maila berekoa. Hau da, administrazioak ezin izango dio pertsona horri esan aurrekonturik ez dagoenik, dirurik ez dagoenik bera zaintzeko; eskubidea izango denez, arreta eman beharko dio nahi eta nahi ez.
Salto handia da, legeak egina du, eta orain administrazioei dagokie errealitate bihurtzea. Horretarako gizarte politikek lehentasuna eduki beharko dute, eta, hortaz, aurrekontuak ere neurrikoak izan beharko dira. Oraingoz, ostera, Arartekoaren arabera hau ere, gizarte zerbitzuen sistemak ez dauka behar besteko babes politikorik eta, ondorioz, ezta finantzaketa eredu egokirik ere. Hori da aldatu beharrekoa.
Gizarte zerbitzuen euskal sistema duin bat gura dugu eta horri ekingo diogu hemendik aurrera. Gizarte Zerbitzuak denontzat, eta denontzat berdinak izan daitezen. Horretarako denon parte hartzea behar da, akordioak lortu, eta legea 2008an onartzerakoanizan zen adostasuna bezalakoa egotea orain ere.
Herri duina izan gura badugu ezin ditugu bazterrean utzi, arrazoi bategatik edo bestearengatik, ezinean dabiltzanak. Denon ardura da hori. Ardura pertsonala eta politikoa.
Nik neuk neure zahartzarorako anbizio handirik ez daukat, baina neure burua irudikatzen dudanean, ezpain gorriekin ezin bada, behintzat izan dadila usain gozoarekin.
Zahartzarorako anbizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu