Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea eta Harituren Etxebizitza Sindikatuko kidea, hurrenez hurren

Zaharrak berri

Iker Narbona Beitia eta Oihana Idoate Errea
2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

Azken asteetan UPN hautsak harrotzen ikusi dugu etxerik gabeko pertsonen gaiaren bueltan, Iruñeko Udalari oposizioa eginez. Agintean zeuden bitartean bertatik bertara ikusi zuten nola ari zen arazo hori larriagotzen, baina ez ikusiarena egin zioten; orain, ordea, modu hipokrita eta oportunistan, erasorako arma moduan erabiltzen ari dira gai hori bera.

Beste batzuok ere salatu izan dugu Iruñeko Udalak duen erantzukizuna pertsona pobretuenen bizitoki-alternatiben kudeaketan. Norabide horretan, duela aste gutxi Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituren Etxebizitza Sindikatuak elkarrekin salatu genuen baldintza penagarrietan daudela etxerik izan ez eta gizarte zerbitzuek Iruñerriko hoteletara bideratzen dituzten familia eta pertsonak; izan ere, hotel horietan halabeharrez bizi diren horiek ez dute espazio intimorik, ez janaria prestatzeko modurik, hotela esleitzean ez diete kontuan hartzen non dauden errotuak edo haurrek non duten ikastetxea, eta, era berean, hori egitean hotel-enpresa pribatuetara transferitzen da diru publikoa.

Hala eta guztiz ere, gure salaketaren funtsa oso bestelakoa da instituzioen politika-jokoaren aldean: ez dugu inola ere elikatu nahi izan instituzioak modu eraginkorragoan kudeatzeak arazoa konponduko duelako uste faltsua; kontrara, azpimarratu dugu etxebizitza merkantzia den bitartean beti izanen direla, alde batetik, etxebizitzak pilatzen dituzten enpresa eta norbanakoak, eta, beste alde batetik, etxerik gabeko pertsonak edota baldintza negargarrietan bizi direnak. Hain justu, etxe bat eskuratzea norberaren posizio sozialaren edo diruaren mende dagoen bitartean, kaleratu eginen dituzte etxea ordaindu ezin duten horiek, familia batzuentzat aukera bakarra izanen da guztiak logela bakar batean alokaturik bizitzea, eta beste askok ezin izanen dute hori ere lortu ezartzen dizkieten traba arrazistak direla medio.

Instituzio publikoak, etxebizitzaren negozioa bermatzeko funtzioari jarraikiz, negozio horrek berak sortzen duen miseria kudeatu eta kontrolatzeko mekanismoak sortzera kondenatuta daude, edozein dela ere agintean den alderdia. Irabazi kapitalistari eraso egitea mahaigaineratu ere ez dutenez egiten, zenbait adabaki ezarri bai, baina ez diote pobretze-prozesu gorakorrari aurre egiten. Bitartean, espekulazio-zikloak eta irabaziak bultzatzen dituzte, etxejabeei laguntzak emanez (alokairuak ordaintzeko laguntzak zein bestelako pizgarri eta dirulaguntzak) edo beste bide batzuen bidez, hala nola eraikinak eta lurzoru publikoak haiei lagaz edo salduz.

Kudeaketa horretan, azken buruan, batzuk baldintza negargarrietan bizitzea normalizatzen dute, zabaltzen baita okerragoa litzatekeela «kale gorrian geratzea». Horrela, arazoa betikotzen da, eta, aldi berean, eztabaida ez aurrera ez atzera gelditzen da logika erabat alderdikoi batean: batzuek gogor salatzen dituzte haiek agintean zeudenean berdin gertatzen ziren kontu berberak, eta besteek beren lorpenak handiagotzen dituzte, eta lehen egoera okerragoa zela esaten. Ordea, batzuen zein besteen oportunismo eta triunfalismoek ezin dute ezkutatu arazoa: etxea izateak prezio bat duela.

Laburbilduz, zaharrak berri. Politika instituzionalak berezkoa duen moduan batzuek suziriak jaurtitzen badituzte ere, egiaz errealitatea bestelakoa da: hor daude etxerik gabeko pertsonak eta baldintza negargarrietan bizitzera behartuak dauden horiek. Urrunetik datorren arazoa da, eta urrun du konponbidea ere. Beraz, beste norantza batean begiratzen hasi beharko genuke. Ez dezagun itxaron instituzioek beraiek, arazoa kronifikatzen duten horiexek, «oraingoan bai» formula magikoa ekar diezaguten; guk antolakuntza independentez, elkartasunez eta borrokaz jarraitu behar dugu etxebizitzaren arazo larriari aurre egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.