Berri zaharrak. Duela gutxi, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak agiri estrategiko bat publiko egin zuen. Begirunez hartu behar da euren ikuspegia, besteona hartu behar den bezalaxe, baina begiruneak ez du kentzen kritikarako eskubidea. Berriz, alderdi estatalista eta ezker muturreko baten aurkezpena da. Berriro ere.
Hala da behintzat abertzaleak garenontzat. Langileria, beti, marko nazional batean artikulatu behar dela pentsatzen dugunontzat. Marko nazional batetik egin behar duelako bere ekarpena Sozialismorako bidean. Egia delako, ziur asko, Sozialismoa eraikitzeko Herrialde ezberdinen arteko bloke batetik ahalegindu beharko dugula, oraindik definitzeke dagoen bloke batetik, baina horretarako trantsizioak marko nazional propioetatik planteatu behar ditugu. Gurea bezalaxe, Nazio ukatuentzat, Errepublika burujabea delako lehenengo markoa egungo sistemarekiko deskonexioa saiatzeko, Sozialismo zabal baterantz trantsizio propioak aurrera eramateko lehendabiziko base-eremua. Langileriari buruzko edozein planteamendu abstraktu eta mundu mailakoak, praktikan, espainiar estatuko eskalan konkretatzen direlako. Hori da praktikan Kontseilu Sozialistak egiten duena, alderdi bat artikulatzea espainiar estatuan. Hori datu bat da. Autodeterminazio eskubidearen aldeko bere aldarria betiko ezker muturraren ikuspegitik egina dago, ene ustez: bai, onartzea formalki, baina beste estrategia baten barruan, era instrumentalista batean.
Hari horretatik tiraka, hegemoniaren inguruko irakurketa guztiz ezberdina egiten dugu Ezker Abertzaletik, nik uste. Euskal Errepublikaren bidean aliantza oso zabalak artikulatu behar ditugulako, ez bakarrik klase frontekoak. Aliantza demokratiko eta nazionalak, perspektiba sozialista ezberdinak metatuz, sozialdemokrazia barne, noski. Subjektu antagonista guztiei bere pisua emanez bloke eraldatzaile batean, lanaren zentralitatea aberastu nazio, genero eta kultura anitzetik. Akats larria da sozialdemokrazia etsai moduan hartzea. Aurreko mendean, Mugimendu Komunistak horrelako astakeria teorizatu zuen Kominternaren VI. Kongresuan eta horren ondorio bakarra, utzi zuen sektarismoaz gain, izan zen faxismoari erraztu zitzaiola bere bidea. Garrantzitsuena epe luzeko borroka batean, etsaia ondo definitzea da, zeren eta etsaia benetan nor den zehaztuz gero, hortik eratortzen duzu zure aliatuak nortzuk izan behar diren.
Instituzioak ere zuri-beltzez daude definituta EHKSren estrategian. Badakigu burgesiarenak direla. Eta enpresa komiteak... Hori jakina da. Baina gehiago dira. Herritar sektoreen lorpen historikoak direlako ere, eta, ez neutralak, baina bai borrokarako eremu propioa, ez bakarrik agitazio tresna. Indar harremanen arabera, bitarteko garrantzitsuak izan daitezke, kalean ematen diren borrokekin batera, hegemonia politiko-kultural berriak erdieste aldera, aberri herritar bat eraikitzeko dinamikan. Zentzu komun berri bat hortik ere etorriko da, etortzen ari da, esaterako, EH Bilduk gobernatzen duen udaletxeetan egiten dugun eguneroko lanetik, akatsak akats, hutsuneak hutsune, noski.
Bukatzeko, esanguratsua Kontseilu Sozialistaren eredu politiko-organizatiboa: masazko alderdi komunista... Egia esanda, kate berean harilkatzen ditu kontzeptu guztiak: muturreko subjektibismoa, fase orokorraren irakurketa okerra, perspektiba estatalista... Ez gaude fase iraultzaile batean, eta metaketak subjektu antagoniko ezberdinen logikatik, eratze prozesuan dauden subjektuetatik, ukatuta dagoen nazio perspektibatik, egin behar direla uste dut. Alderdiaren funtzioa motorizatzea litzateke, onena ematea fronte zabaletan gauzatzeko metaketa prozesuak, beti errespetatzen fronte horien autonomia. Zuzendaritza komunista, oinarri komunistarentzat, ez da hautu ona.
Ba hori, hainbat faktoreengatik, Kontseilu Sozialistaren oinarria oso gaztea da. Oinarri hori izatea, berez, balio bat da. Baina, nire ustez, musika hau oso zaharra da. Oso. Hainbat aldiz entzun dugu eta forma berri batean berpiztu da. Hutsala bezainbat zaratatsua. Denborak emango eta kenduko ditu arrazoiak.