Zaharkitze programatua eta oinarrizko errenta baldintzagabea

2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
John Steinbecken Travels with Charley liburua eta gisakoak irakurrita, gozatu egiten dut nobela autobiografikoez, autobiografiko izan daitezkeen neurrian betiere, baina, batez ere, bidaiak argumentu gisa deskubritzeaz gozatzen dut, motibatu egiten bainaute, eta zenbait oroitzapen ekartzen baitizkidate gogora, nik bizi izandakoak eta oraindik bizi izan ez ditudanak.

Steinbeckek 1962an idatzi zuen liburua, eta harritu egin naiz ikusita zaharkitze programatuaz hitz egiten duela: jabetzen da bisitatzen dituen hiri guztiak zaborrez inguratuta daudela, etxe guztietan gero eta ugariagoak diren produktu manufakturatuen bilgarriz josita, eta iruditzen zaio hondakin horiek irentsi eta desagerrarazi egingo dituztela hiriak, zaborra sortu duten hiri horiek berak, hain zuzen.

Orain, badirudi kea asmatu dugula. Zaharkitze programatua deskubritu dugu: produktuek bizialdi mugatua dutela, alegia. Eta eskandalizatu egin gara, baina kapitalismoak ondo funtzionatzeko estrategia bat besterik ez da, haren logika kapitalista dela medio. Kontsumoaren alde, edozer!

Noraino hel daiteke logika kapitalista hori? Noraino dira kapaz gu zukutuz-zukutuz joateko, etekin ekonomiko handiagoak lortze aldera?

Gaur egun ez al dago, bada, zaharkitze programatu bat lanik gabe daudenentzat, lana eduki bai baina hil amaierara iristen ez direnentzat, gauean atseden hartzeko etxerik ez dutenentzat? Zaharkitze iraingarria da hori, eta leheneratzen zaila.

Nola lor dezakegu denentzako bizimodu duina, noiz-eta duintasunik eza gainditu eta duintasuna erdietsi behar denean, eta dena galdu dutenen oinarrizko beharrak asetzea bermatu behar denean? Zaila da, oso zaila.

Eta arazoari beste ikuspegi batetik begiratuko bagenio? Hau da, pobreziarik sortuko ez bagenu? Gure artean pobreziarik ez egotea bermatuko bagenu? Nazkatu naiz nazkatuta egoteaz Serratek zioen bezala, jendea kalean lotan ikusteaz; ez dut ikusi nahi halakorik berriz: denek etxe bat izatea nahi dut, zer jan izatea, bizitza duina izatea.

Ahal da, ahal dugu. Pertsona pobreak egotea eragotz dezakegu, eta gizarte duin bat sortu, beste herrialde batzuentzat eredugarria izango dena. Asko luza dezakegu gure iraungitze data. Asko hobetu dezakegu gure bizi kalitatea. Oinarrizko errenta baldintzagabe baten bidez, pertsona guztiek bizitza duina izateko modua egin dezakegu.

Gazteak, bizi daitezela luzaro gazteak, edozein belaunalditakoak. Orain etxebizitzarako, kultura prestakuntzarako eta abarretarako laguntzak jasoko dituzten gazte eta ez hain gazteak; baina laguntzak dira, hala eta guztiz ere.

Eskubideak izatea proposatzen dugu oinarrizko errenta baldintzagabearen bitartez. Bizitza duina izateko eskubidea, gutxieneko batekin bizitzeko eskubidea, bizirik irauteko oinarrizkoa edukitzeko eskubidea.

Gaztea banintz, ez litzaidake gustatuko ez inork, ez ezerk zaharkitze programatua edo programatu gabea inposatzea.

Gaztea banintz, ez litzaidake gustatuko iraungitze datarik izatea.

Gaztea banintz, sinatu egingo nuke oinarrizko errenta baldintzagabe bat izateko, bide emango lidakeena nahi dudan lanpostua aukeratzeko, gustuko dudana ikasteko eta nahi dudan bezala bizitzeko.

Gaztea banintz, sinatu egingo nuke guztientzako oinarrizko errenta baldintzagabe bat izateko, unibertsala eta indibiduala.

Gaztea banintz, sinatu egingo nuke oinarrizko errenta baldintzagabearen alde, inolako zalantzarik gabe, hemen: www.http://rentabasica.eus.

Eta, zalantzak baldin baditut sinatu edo ez (10.000 sinadura behar ditugu), sinatu egingo nuke gutxienez aukera izan dadin Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko.

Ez naiz gaztea, bosgarren belaunaldikoa naiz, zerrendan ere agertzen ez den horretakoa, baby boom-eko belaunaldikoa (1946-1960).

Ez naiz gaztea, baina nik ere sinatu dut oinarrizko errenta baldintzagabearen alde.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.