Irriño ziniko barik: dialektika materialista berriro etorri zaigu bisitan eta ez dirudi tarte labur baterako izango denik. Historia modu xelebrean kontatzen da maiz. Borroka kulturaletan, esaterako, sarri entzun diegu eskuindar askori wokismoa, genero-ideologiak, (alter)globalismoa, multikulturalismoa edo postegiaren kausa frantses filosofo-saldo baten ideia ustel eta haustaileak izan zirela. Filosofo haiek, euren indarrez, hedatu omen zuten mundu osoan birus postmodernoa. Teoria idealista-konspiranoiko hori AEBetan asmatu zen, han Teoria edo Postestrukturalismo izenekin ezagutu zuten saldo hura, han batu zituzten kategoria bakar batera Derrida, Foucault, Lyotard, Kristeva eta beste asko eta, gerora, erraz harildu zuten historiaren martxa eta haien ustezko eragina. Kontakizun idealista bezain inozoa, baina erabilgarri askoa globalizazio neoliberalaren erro sistemiko eta materialak lausotzeko eta ahantzarazteko.
Egia da, hala ere, Mendebaldeko mito-politiketan aski zabaldu zela materialismoaren eta materialtasunaren aurkako herra. Egitasmo politiko ezinbesteko gisa saldu ziguten immaterializazio eta gorputz-gabetze orokor batera jo behar genuela. Gure patu historikoa zen: meategiak eta ontziolak itxi behar ziren, gizarte postindustriala izan behar genuen. Eta postmodernoa: Guggenheimen, pantailen eta teknologia parkeen kontsumo eta ikuskizunaren gizarte nasaia. Bloke komunistaren gainbeherarekin batera, Modernitatearen gatazka ideologikoak atzean utziko genituen. Turbokapitalismo neoliberalaren eskutik, Historiaren Azkenera iritsi omen ginen.
Horrela bukatu genuen XX. mendea. Filosofian diskurtsoaren eta simulakroen ahalmen eratzaileaz eztabaidatzen jarduten genuen, artean neomaterialismoak su txikian ari ziren egosten. Globalizazioak substantzia gabeko kulturalismo bat behar omen zuen eta, harekin batera, zerbitzu, finantza eta teknologietan oinarritutako ekonomiak Informazio eta Ezagutzaren ideologia. Labur esanda, immaterializazioak, gorputzen lan-indarraren ordez, start up-en adimen eta balio erantsi dotoreak ekarriko zizkigun.
Ideologia eta egitasmo politiko-ekonomiko bat izanda, haren distiraren argitasunak neoinperialismoa eta neokolonialismoa ilundu behar zituen, baita hemengo miseriak ere, hemengo prekarizazioa zein gaizki-izate soziala ondo lausotu. Asiara edo Afrikara bidali ziren herrialde aberatsetan lekurik izango ez zuten jarduera zikinak. Eta globalizazioaren balio-kate luzeetan mozorrotu zen esplotazioa. Horrekin guztiarekin, iraultza neoliberal globalizatzaileak dialektika ere uxatu zuen. Historiaren ordez, garapen lerro sinple bat nagusituko omen zen. Hala, aldaketa oro kapital-metaketara mugatuta, esku garbiek metatuko zituzten mundu osoko produkzio komunaren etekinak. Ondo ikasi genuen iraultzaren lexikoa ekonomia politiko berrian nola erabili: iraultza, ekintzaile, eraldaketa, aurrerapena edo berrikuntza hitzak neoliberalen bandera bihurtu ziren. Berrikuntza ala hil.
Ez zen programa guztiz bete, jakina. Klima-aldaketak erakutsi zuen, pandemiak bezala, munduaren nekea norainokoa zen. Egunotan, berriz, AEBetako agintari harroek gogoratu digute dialektikaren lezioa. J.D. Vancek ederto esplikatu digu globalizazioa zertarako zen eta zergatik ez duen funtzionatu. Pobreek pobre jarraitu behar zuten, aberatsak gero eta aberatsagoak egiten zirelarik. Eta Txinak, eta berarekin batera hazi eta irabazi egin duten herrialdeek ez dute bete egokitu zitzaien eginbeharra. Antza, globalizazioari kontraesan eratzaile bat ernatu zaio bere baitan, dialektikoki ernatu ere. Horregatik irauli eta zuzendu behar dute globalizazioaren produkzio-ordena.
Garai interesgarriak omen datoz. Ez dakitbazter hauetan prest eta prestaturik gauden. Prestatuta ote dago euskal jendea industrializazioa eta teknologizazioa materialki (ere) zaharberritzeko? Prest euskal ezkerrak aldaketa horien erronketarako? Berrikuntza eta iraultza hitzak diskurtso neoliberaletik askatu eta materialismoz kargatu behar ditugu, ostera ere, subiranotasuna bezalaxe. Erraz esaten da. Izan ere, globalizazioari mugak jarrita ere, elkarren mendekoen mundu bat dugu aurre-aurrean, eta bi bide kontrajarri: kidetasun justuak sortzera jo, edo esplotazio-kate oligarkikoak gerra eta biolentziaz bermatzera jo.
Kidetasun eta oparotasun komunak sortzeak programa eraldatzaile integral baten xede argia dirudi. Hala bada, gerra eta faxismoa behar dituen kapitalaren aurrean lan asko dugu hemendik bertatik hasita. Eta ezin gara bizitza komunaren produkzioan immaterializazioekin tronpatu berriro, ezin gara idealismo neoliberal aringarrian geroratu. Digitalizazioaren edo energiaren edo industrializaziorako lehengaien kasuetan, pantaila eta parkeetatik harago begiratu behar dugu. Bizi estiloaren kargaz kargu egin behar gara, haren ardura hartu eta gure zaborrak eta esplotazio materialak hemen garbitu.