Zahar dena, berri dena eta egiteko dagoena

2017ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Oraintsu arte, erraza izan da gure inguruko sistema politikoen bereizgarriak zehaztea. Oinarrian, bere hartan iraun duten aukera politiko batzuen kaleidoskopioa egon da orain arte, baina, bat-batean, kolapsatu egin da sistema hori, eta egoerak orain hartu duen bidean, aurreko elementuak guztiz aldatu ez diren arren, zenbait berrikuntza eta ziurgabetasun agertu dira. Ez dakigu nolakoa izango den hortik aterako dena, baina badugu modua haren ertzak zehatzago ikusten hasteko, eta badakigu nondik datorren.

Tradizioz, uste izan da bi iraultza handiren ondorio direla Mendebaldeko talde politikoak. Alde batetik, iraultza nazionala izan da bi hausturaren iturburua: bata, lurralde ikuspegitik aztertua, eta bestea, ikuspegi funtzional batetik. Hala, luzaroan, lurraldearen ardatzaren barruan, erdigunearen logikan edo periferiaren logikan egon izan dira talde politikoak, eta, ardatz funtzionalaren barruan, berriz, bide laiko batean edo bide erlijioso batean. Era berean, bada beste iturburu bat, modernitatearena: industria iraultza. Horrek ere bi haustura eragin ditu: alderdi funtzionalean, lanaren aldeko eragileen eta kapitalaren aldekoen arteko haustura dago; era berean, lurraldearen alderdian, adierazpide politiko batzuek natura/tradizioaren alde egin dute, eta beste batzuek, garapen ekonomikoaren alde. Horren arabera, erraza litzateke alderdi politiko bakoitza haustura horien aldeetako batean kokatzea. EAJ, adibidez, periferiaren aldean dago lurraldearen ardatzari dagokionez, garapenik ezaren aldean hasieran, eta garapenarenean gaur egun; ardatz funtzionalean, berriz, kapitalaren interesen alde egin du, eta konfesionala izan da. PSOE, bestalde, erdigunean eta garapenaren alde kokatu da ardatzetako batean, eta lanaren eta laizismoaren alde bestean.

Hori dena argiago zegoen lehen, zeren orain masa taldeek dena harrapatzearen logikari segika egin baitute aurrera; horrek azaltzen du PSOEk klase arloko konpromisoarekin izan duen muga, baita EAJk konfesionalismoarekin izan duena ere. Alderdi guztiek, gizarte zibiletik sortuak izaki, instituzionalizazio prozesuak izan dituzte, eta, hala, azkenerako, statu quo-a legitimatzeko instituzio bihurtu dira, sindikatuekin eta Eliza tradizionalekin batera. Nolanahi ere, 1997rako, Castellsek esan zuen globalizazioak segurtasun falta eta ziurgabetasun handia eragingo zuela, eta horrek auzitan jarriko zituela aurretik ziurtzat —eta legitimotzat— jotzen ziren gauzak. Beckek eta Giddensek, orobat, adierazi zuten gero eta garrantzitsuagoa zela gure gizarteko arrisku subjektibo edo objektiboa, lokala edo globalizatua. Esan gabe doa finantza krisiak izugarri hauspotu dituela globalizazioak eragindako beldur, segurtasun gabezia eta ziurgabetasun sorrak. Ziurgabetasun hori, gainera, areago elikatu dute zenbait aldaketak: batetik, espazioa aldatu da, gure gizarteak plurikultural bihurtu baitira; beste alde batetik, subjektibotasuna aldatu da, bizitzako beharrak betetzen ez badira ziurgabetasuna ere handitzen baita; horrez gain, denboran ere izan dira aldaketak, eta horrek, bertigo sentipena larritu ez ezik, arriskuak ere bizkortzen ditu; eta, azkenik, ekonomia ere moldatu da, berdin segitu baitu, bai, baina epe laburreko mundu mailako errentabilitate pribatuaren logika maximizatzailea hedatuta. Ikuspegi horretatik, gaur egungo egoerak argi eta garbi erakusten du nola beldur eta ziurgabetasun horiek jendea bultzatu duten mobilizatzeko modu berriei heltzera, izan mobilizazio progresistak (M-15, Intsumisoak), kontserbadoreak (eskuin muturra) zein populista huts-hutsak (5 Izar); are, talde tradizional ugari eguneratzen ere ari dira —laborismoko eta PSOEko zuzendaritza aldaketak; Ciudadanos, Martxan eta halako mugimendu berri elitekoak...—.

Esan liteke, beraz, informazioaren iraultza dela haustura berrien iturburua, orain gizarte globalizatuak eragiten baititu haustura horiek. Hala, estatuaren krisia eta turbokapitalismoa uztartu direnez, lurraldearen ardatzean, alde batetik, lokalaren eta globalaren arteko haustura sortu da, eta, bestetik, globalizazioa nolabait —modu eskasean edo duinean— eramatearen aldeko kolektiboen eta globalizazioa gaitzetsi eta haren erronkei erantzun ezin dieten kolektiboen arteko haustura. Ardatz funtzionalean, berriz, ez genituzke legitimazio logikak bakarrik izango, baizik eta erresistentzia logikak ere bai —statu quo globalizatuaren kontrakoak—, baita irekitzean oinarritutako logikak —zubiak— eta ixtean oinarritutakoak ere —lubakiak—. Hala, ikusten ari gara ezen garai berrira egokitu ez diren alderdi tradizionalak kolapsatzen ari direla —adibidez, PSri gertatu zaio hori, Frantzian, kapitalaren eta lanaren hausturan klase logikaren inguruan jarduteari uzteagatik— edo garai berrira egokitzeko gaiago izan direnek irentsi dituztela. Hori egin du Martxan-ek: Errepublikanoek kapitalaren alde duten jarrera hartu, baina garai honetara egokitu, globalizazioa abagunetzat jotzen duen logika bat erabiliz, Europara irekitzearen aldeko diskurtsoaren bidez. Trump —eta Alt Right mugimendua— eta Le Pen hobeto egokitzen dira garai berrietara, klase ardatz tradizionalekoak direla ezkutatzen dutelako, globalizazioa arazotzat duten sektoreen alde jarrita —sektore modernoak, landa eremukoak, talde analogikoak («behekoak, herria»)—. Horregatik, erresistentziaren alde egiten dutenez, erakargarriago bihurtzen dira. Azkenik, beldurrak —beldur aktibatuak— justifikatu egiten du lubaki logika erabiltzea. Zera falta da: ikustea ea nola lortzen duen ezkerrak klasearen ardatza berriz kokatzea testuinguru jakin batean, berdin erakargarri egingo zaiona globalizazioa abagunetzat duenari, baina baita mehatxutzat duenari ere; ikusteko dago nola lortzen duen periferiaren defentsa eta lokalaren defentsa uztartzea, globalaren aldeko apustuari funtsa emango dion oihartzun multikultural baten bidez, statu quo-aren kontrako erresistentzia erakutsiz baina zubiak eginez. Eta hori dena, gizartean jada hainbesteko eragina duten min horri eta terrore horri aurre egin beharko diogun egoera batean.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.