ZAD: herria errotu

Kamila Bideluze
2018ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Zinezko libertate baten sentimenduak hartzen du lehen aldiz defendatu beharreko Notre-Dame-des-Landeseko (NDDL) eremura datorrena, zenbait oren iragan eta hango harat-honaten berri jakin ondoan. Bat bederak eta taldean, dena egin daitekeelako mentura azkar bat. Nihongo barrandarik ez da sendi NDDLko ZADeko berroen arte hartan. Poliziaren, administrazioaren, hots, estatuaren gaineko so eta presiorik ez. Azken urteetan, aireportu asmoa zela kausa, hango lurrak eta utziak izan ziren etxeak bete, okupatu eta baliatzen dituztenek plantan eman bizigune, etxola, landa, baratze, gasnategi, ogi ehotegi, zurgintza ateleria, liburutegi eta kanton ikustean, gogoa pizten du. Dena haizu dela ikus daiteke, borondatearekin, laguntza eskatuz auzokoari, ardurak hartuz eta banatuz. Alabaina, aireportuaren kontrako borrokan, baina ere lan legearen, etorkinen sustenguz eta, nolaz ez, ZADeko bizian errotzen ibili suharrenen erranetarik eraikitzen den sentimendua da; baina, jendarte amestu baten irudikatzetik baldin badu kotsia, egiatik ere badu horretan bermatzen direnentzat.

Bistan dena badirela pataskak; bistan dena askatasun horrek afruntuak, kopetakeriak ekar ditzakeela; bistan dena bereber egon nahi denaren eta denen arteko ametsa saiatu nahi duenaren artean gaizki-ulertzeak gerta daitezkeela. Baina elikadura eta ideien borrokan hainbeste urte horietan ezagutu duen burbuilaz gain, jendeen arteko beste gisako harreman baterako esperimentazioa izan da ZAD. Estatu-nazioek zedarritu arauetarik kanpo beste elkarbizitza mota baten ametsa espresatzen dute ideia politikoa gorpuztu nahi duten «okupatzaileek». Hinki-hanka baina beti zerbaixka aitzinatuz, umiltasunez, herrixka baten izarian, «komun» baten gisa eleetan maiz entzuten den erreferentzia, bestelako jendarte molde hori finkatu nahiz Nantes eskualdeko berroalde heze hartan. Frantses gobernuak aireportu proiektua baztertu du, hondarrean, baina beste partida bat hasia du geroztik bestelako jendarte horren kontra. Ikusi beharko zer amarru apailatuko duen zadisten kanporatzeko. Burgesiak bere interesen alde egituratu Estatuak ez baitiro jasan bere kontrolpetik eta, oroz gain, merkatutik lekora bizi daitekeena. Dena eginen du berriz ere kortxilaratzeko. Eta horretan da otsailaren 10eko NDDLn antolatu mobilizazio-bestaren funtsa. Denen artean bat egin, azken urteetan xutik eman diren xede eta esperientzia guzien defendatzeko, errotzeko. Ginarrien erakusten ari da estatua bere armaden larderia aitzinatuz, baina buru egin dakiokeela erakutsi du ZADak lehenago ere.

Ambazadaren parada

Euskal Herritik hara joan den lagun andanak harremanak egin eta hango eremu sortzailean franko ikasi du. Baina, beste errealitate bat ekarri dio ere hango pentsaketa politiko, kultural eta sozialari. Zazpi euskal lurraldeetarik jin jendea komunitate baten gisan agertu zaie ZADeko batzarri egileei, euskaraz ari den jende multzo bat, baitezpada elkar ezagutzen ez zuena horra arte; bere zorroan borroka bat(zu)en karga eraman duena hara. Eta esplikatu behar anitz, defendatu mintzairarena, herri izatea, gehienetan belarri interesatua atzemanez parean. Frantz Fanonek esplikatzen zuen ongi estatu kolonizatzaileko herritarrak ere burua kolonizatua duela oharkabean. Estatuaren kontrako zadista jakitunak ere frantses nazionalismoaren herexak bere baitan dauzkala ikus dezake herri menderatuko edozeinek. Horregatik ere badu munta iragan udan xutik ezartzen hasi zen Ambazadak. Estatu-nazio inperialistek kolonizatu herriek bilgune bat pentsa baitezakete han, galkarika ari den eztabaida tupina den ZADan beste bizipena ekar baitezakete, batzuen usteak hautsiz eta elkar lauzkatzearen beharra haziz. Martxo bukaeran lasto eta buztinezko paretak jarriko zaizkio Ambazadari, lekuari elkarrekin gero baten emateko auzolanaren karietara. Bretainiako herri askapeneko lagunekin topatzeko parada izanen da bidenabar. Estaturik gabeko herriek ordezkaritza baten partez, bilgune bat izan dezakete NDDLko ZADan, hango herritarrekin batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.