Yasin Malik-en eta bakearen alde egiten dutenen espetxeratzea

Andy Carl, Azmat A. Khan eta Urko Aiartza Azurtza
2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Saammu-Kashmir, Kaxmir deitua, arma nuklearrak dituzten bi arerioren arteko etsaitasun sutsuaren erdigunea da. India eta Pakistanen artean laugarren gerra bat egon zen, 2019an, biek sutsuki eztabaidatzen baitute Kaxmirren jabetza, eta Jammu-Kaxmirren autodeterminazio auzia arrakastaz saihestu.

1970eko hamarkadan, bi estatuek nahikoa indar militar zein inteligentziakoa zuten beren kontrol eremuetan Kaxmirren autodeterminazio asmoa ezabatzeko. Horri aurre egin ziotenak espetxeratu edo erbesteratu zituzten. Erresistentziaren amaieraren beldur, Erresuma Batuan bizi zen kaxmir etorkin talde txiki batek independentziaren aldeko erakunde sekular bat eratu zuen, Jammu Kashmirren Askapenerako Frontea (JKLF), 1977an.

1984ko otsailean, Indiako Gobernuak urkamendira bidali zuen erresistentzia-mugimenduko buruzagia, Maqbool Bhat. Haren urkatzeak erresumin orokorra eragin zuen, eta JKLFk indiar indarren aurkako matxinada armatu bat gidatu zuen Pakistango erregimen militarraren laguntzarekin.

Aldi berean, Alderdi Guztien Hurriyat (Askatasuna) Konferentzia (APHC) osatu zen hutsune politikoa betetzeko, eta, Indiak hitz egin nahi izanez gero, mugimenduari aurpegi politiko bat emateko. Baina barne liskarrek, eztabaida ideologikoek eta lidergo faltak JKLF mugimendua zokora bultzatu zuten. Haren ehunka koadro hil edo espetxeratu egin zituzten. Yasin Malik, orduan alderdiko presidentea ere bazena, Indiako indarrek harrapatu eta hainbat urtez giltzapetutako kide garrantzitsu bat da.

1990ean Indiak Malik atxilotu zuenean, Indian Kaxmirreko Komitearen Ekimena izenekoa sortu zen. 1990eko ekainean, Bombayen mintegi sekretu batera deitu, eta Tata talde industrialaren babesa lortu zuten. Nahiz eta haren prozedurak ez ziren inoiz erabat ezagutzera eman, haren ebazpenetako batek autonomia erregional oso bat gomendatu zuen, indiar batasunaren esku soilik defentsa, kanpo arazoak eta komunikazioak utziz.

Tiharko kartzelatik duela gutxi idatzitako gutun batean, Yasin Malikek esan zuen bisitariek adierazi ziotela «bide armatua saihestu eta borroka baketsu eta ez-biolentora itzultzen bazen benetako espazio politiko bat emango zitzaigula». Eta «ahaleginak egingo zirela gatazka konpontzeko, alde garrantzitsu guztien arteko elkarrizketa prozesu esanguratsu baten bidez». Hori, ulertu zenez, Indiako Estatuaren eskaintza zen. Bere gutunean, Estatu Batuetako diplomazialariak eta britainiarrak jakinaren gainean zeudela ere esaten du.

Hitzezko berme horiek zirela eta, 1994an aldebakarreko su-etena aldarrikatu zuen, espetxetik atera zenean. Haren aurreko militantziarekin lotutako kasuak haren aurka eta alderdiko kideen aurka ez zirela erabiliko ulertu zen, ia 30 urtez gertatu ez zena. «Eraldaketa onartu nuen, ideologiari uko egin gabe, eta 1994ko maiatzean askatu ninduten. Indarkeriarik gabeko bideari jarraitzeko konpromisoa hartu nuen», idatzi zuen bere gutunean. Malikek onartu du ez zela «lan erraza» izan aldebakarreko su-etena aldarrikatzea. Gainera, horren ostean, 1.000 militante baino gehiago hil zituzten misteriotsuki hurrengo urteetan, eta askok «traidore» deitu zioten, eta zatiketak egon ziren.

Indiako Estatuak, haren alderdiari debekua kendu eta aske bidaiatzeko aukera emanez erantzun zion su-etenari. Urte hauetan zehar Malik jaunari edo bere alderdiari ez zitzaien legez kanpoko jarduerarik edo inolako deliturik leporatu (1995etik 2019ra).

2019an, Segurtasun Publikoaren Legearen pean atxilotuzuten. Kartzelanzela, terrorismoaren finantzaketa delako kasuak ireki zizkioten. Haren abokatuaren arabera, «ez dago bere kontrako ebidentzia izpirik. Mendeku politiko hutsa da». 2020ko martxoan 30 urte baino gehiago dituzten kasu batzuk ireki zizkioten. JKLF ere bigarren aldiz debekatu zuen Indiako Gobernuak 2019ko martxoan.

Yasin Malikek eta JKLFk duten egoera aurrekari negatiboa da, ez soilik Kaxmirreko gatazka konpontzeko. Gatazkaren eraldaketan borondate onez parte hartzen eta laguntzen dutenak kriminalizatzearen fenomeno hori ez da soilik etikoki problematikoa, baita estrategikoki kaltegarria ere. Oso seinale negatiboa bidaltzen die mundu osoan abian dauden prozesu guztiei. Horrela jokatzen duen estatu bat ahultzen ari da gatazkak konpontzeko prozesuei dagozkien nazioarteko estandar guztiak, eta aurrekari arriskutsu bat ezartzen.

Ez da, zoritxarrez, kasu bakarra. Josu Urrutikoetxea euskal militantearen aurka Parisen egiten ari den prozedura judiziala edo egungo Kolonbiako Gobernuak Juan Manuel Santosen gobernuak ELNko gerrillarekin sinatutako segurtasun protokoloak ez betetzea, beste adibide batzuk dira.

Akordioak ez betetzea eta parte hartzaileak zigortzea aurrekari txarrak dira etorkizuneko bake prozesuetarako. Nazioarteko komunitateak baztertu egin behar du gatazkak konpontzeko bide gisa elkarrizketaren alde egiten duten guztien kriminalizazioa, eta berme juridikoak eman beharko litzaizkieke bide zail horretan arriskatzeko prest diren guztiei.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.