Aberri Egunaren karietara puntua jarri dit BERRIAko lagunak: euskal abertzaletasunaren etorkizuna konfinamendu garaiko Aberri Egunetik abiaturik. Historialariok denboran barrena pentsatzen dugu eta euskal abertzaletasunak bereizten:Lege zaharrean, argien garaikoan, iraultza liberaletan edota demokratikoetan,II. Mundu Gerra ostean.
1870-1900 garaian 50 nazio-estatu zeuden, eta gaur egunean Nazio Batuen Erakundean, 193 onarturik.Horietarik 70, 1-10 milioi biztanle bitarteko estatu txikiak eta beste 40 mikroestatu delakoak. Baina bestalde,500 inguru herrialdek bere kabuz legeak egiteko legebiltzarrak dituzte, Euskal Herrian horietarik bi, azpi-estatuetako egitura eraginkorrak dira eta abertzaletasun adierazle ere.COVID-19 birusak eragina izan du ere delako azpi-estatu horien ekintzabidean. Gure nazioarteko sarean Hegoafrikako ordezkariak martxoaren 23an honako hau aztertzea proposatu digu: Managing the Corona virus pandemic in federal systems: Lessons for emergency crises. Guk geuk, ITUNA ikerketa gunean, komunitateko ondasunak eta zerga politikak aztergai ditugu, eta abiatu dugu gure azterketa. Zergak ditugu edozein komunitate politikotan agintearen erakusle.
Euskal abertzaletasunak denboran barrena
Gurean, pelukek eta matxinoekargien garaian munduaren ulermen desberdina zuten, abertzaletasun desberdina. 1850ean, Arabako eta Gipuzkoako ordezkariak Gernikako Batzar etxean bildu, eta azaldu zuten «euskal nazionalitatearen» adierazle zela foruen bidezko konstituzio politikoa. Autonomia kontzeptua ageri zen burujabetzaren baliokide. Euskalagintarien abertzaletasuna, burujabea zen heinean, leiala ere ageri zen Espainiar nazio eta erresumarekiko. Nafarroan Espainiako erresumak erreskate ekonomikoa agindu zien agintari berri eta zaharren mesederako, baina, ordainetan, nafar burujabetasun politikoa alde batera utzi behar zuten. 1864an Jaungoikoa eta Foruak izeneko joera nagusitzen hasi zen eta Erromako aita santuaren agindupekoa bihurtu zen, eta horretan, Espainiako Parlamentuak 1876an lege berri bat onartu zuen, eta 1877an, Espainiako Gobernuak euskal gobernuak eta Batzar Nagusiak ezabatu egin zituen. Euskal abertzaletasun bikoitza suntsiturik, Sabino Aranak abertzaletasun berria ernetzeko Bilbon hazia erein zuen 1898an eta 1917an jadanik aginteak berreskuratzeko ahaleginean, gutxieneko autonomiarako estatutuak asmatu ziren. 1936an Eusko Jaurlaritzaren agindua sortu zen. Hirugarren aldia 1979anabiatuko zen: Batzar Nagusiak, Eusko Legebiltzarra eta Foru Parlamentua antolatu ziren. Euskal politikagintza bide berriak asmatzen hasi zen, eta 40 urteko esperientzia berriak abertzaletasun autonomikoaren berrikuntza ekarri du; baita mugak ere.Erakunde berriak sendotu dira, baina erasotuak izan dira, kanpotik eta barrutik, euskal gizartearen zati batek ez zituelako beretzat hartzen, XIX. mendean buruzagi karlistek egin zuten antzera. Baina badirudi orain erakundeetan behintzat euskal abertzaletasun berria dugula, eta aldi berria abiatu dela.
Erronkak larrialdi egoeran
Osasun publikoaren larrialdiari aurre egiteko, aginte politikoan bat-bateko murrizketa agindu du Espainiako Estatu zentralak, baina azken 40 urteotan autogobernuaren bidez sorturiko estatu erakundeak eta dinamikak bere horretan irauteko gaitasuna erakutsi beharko dute. Publikotasuna zenbat eta indartsuago, orduan eta gaitasun handiagoa larrialdiari aurre egiteko. Krisialdi guztiek aukera berrien bideragarritasuna agerikoa bihurtzen digute. Publikotasunak sortzea aukera bat dugu, eta horretan euskal abertzaletasun berritzaileak irabaztekoak baino ez ditu. Naturan gertatzen den erresilientzian oinarritu eta inspirazioa hartu behar dugu.
Gaurko erronka larriena gure garapen ekonomikoaren ereduaren ekintza dugu, bai Euskal Herrian eta munduan barrena. Lur planeta osoa dugu gaixo-gaixo, eta bizidun ugariren etorkizuna desagertzear, gu geu tarteko. Gure inguruko natura oraindikgure etsaia balitz bezala hartzen dugu, infinitua balitz bezala, eta XVI. mendean nagusitu zen naturarekiko ikuspegi dominatzailea XXI. mendean aldatu beharrean gara. Gure garapen ereduak mugak ditu eta Nazio Batuen Erakundeak 2030erako helburu zehatzak jarri ditu. Horra gure euskal abertzaletasunaren eduki berriak. Gure agenda politikoa ez da amaitzen estatu-nazio jakin batean. Estatu-nazio ugarik onartu beharra dute, Espainiarrak tarteko, nazio anitzak direla, erresuma konposatuak direla. Hala izatea aberasgarria dela eta ez duela sortzen kalterik. Beraz, erabaki ahalmenak banatzea beharrezkoa da. Bestalde, mundu mailan aberatsen herrialdean bizi gara, eta euskal abertzaletasuna ezin da gotortu irabazitako aberastasunean. Itsasoan barna, gure erantzukizuna dugu ere.
Tokian tokiko erantzunak dira gure berme eta etorkizuna eta tokian tokiko ekonomian eta gizartean erneko dira euskal abertzaletasun berritzailearen oinarriak. Euskal abertzaletasun berriak barneko gizarteko elkartasuna sendotzea behar du lehen helburu nagusi. Horrek bihurtzen du euskal nazioa erresilientea, eta posible egingo du abertzaletasun autonomikotik burujabera jauzia egiteko gaitasuna, baina Nazio Batuek jarri digute puntu berria 2030erako. Erdibideko bestelako leialtasunetan asmatu behar. Espainiakoan, Europakoan.
XXI. mendeko euskal abertzaletasunaren erronkak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu