Mediterraneoan bizi den egoerak okerrera egin du azken egunotan; izan ere, aste batean 1.000 pertsona baino gehiago desagertu dira, eta beste milaka batzuk euren bizia arriskuan jartzen dabiltza aukera gehiago eskaintzen dituen bizimodu batera iristeko bidean gaindi ezinezko hesi bihurtu den zeharkaldi batean.
Ez da kasualitatea. Globalizazioaren bultzadapean eta eredu kapitalistari jarraituz eraikitzen ari garen mundu honetan, inoiz ez bezala ari dira diferentziak handitzen. Oxfam GKEak aurten argitaratu duen txosten batek ohartarazten duenez, munduko aberastasuna bitan banatuta dago: «Aberastasunaren erdia biztanle aberatsenek osatzen duten %1aren esku dago; beste erdia, berriz, gainerako %99aren artean banatuta dago».
Hala ere, mezua are beldurgarriagoa da, zeren eta «hamar pertsonatik zazpi azken 30 urteetan desberdintasun ekonomikoak goraka egin duen herrialdeetan bizi baitira». «Biztanle aberatsenek osatzen duten %1 horrek ikusi du nola handitu den errentan duten partaidetza 1980tik 2012ra bitartean» datuak eskuragarri dauden 26 herrialdetik 24tan. Eta «AEBetan, biztanle aberatsek osatzen duten %1 horrek krisiaren ondoko hazkunde osoaren %95 bildu du 2009tik aurrera; biztanlerik pobreenen %90, berriz, are gehiago pobretu dira».
Baieztapen horien arabera, azken urteetan joera hori bizkortzen ari da, eta, are okerragoa dena: krisiaren ondorioz, aberatsak aberatsagoak dira eta pobreak, aldiz, pobreagoak.
Datu horiek ageri-agerian uzten dituzte mundu honetan dauden errealitate desberdinak; baita Saharaz Hegoaldeko afrikar eremuan pobreziaren metaketak dakartzan arazoak ere. Eremu horretan daude, egon ere, aurrerapen gutxien egin duten 48 herrialdeetatik 34. Halaxe izendatzen ditu Nazio Batuen erakundeak «hirugarren mundu» barruko herrialderik pobreenak, biztanleko diru sarreretan, giza kapitalean eta ahultasun ekonomikoan oinarrituz.
Saharaz Hegoaldeko Afrika da azken hiru hamarkadetan pobreziarik muturrekoenean bizi diren pertsonen kopurua —1,25 dolar baino gutxiago egunean— bikoiztu duen eremua, kopuru hori 205 milioi izatetik gaur egun 386 milioi izatera pasatu baita. Gainera, muturreko pobreziaren atalasea gainditzen dutenen zati handi bat ez da iristen eguneko bi dolar edukitzera, eta zenbateko hori, Munduko Bankuaren arabera, pobreziaren atalasea da errenta ertaineko herrialdeetan. Saharaz Hegoaldeko Afrikaren kasuan, atalase horren azpitik dabiltzan pertsonen kopurua 288 milioitik 562 milioira pasatu da 1981etik 2008ra bitartean.
Pobrezia horrek berekin dakartza osasun arazo larriak eta heriotza. Ondorioz, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean dauden diru sarrera handiko herrialdeetan, bizi-itxaropena 80 urtekoa da kasik; Saharaz Hegoaldeko Afrikan, berriz, ez da 50era ere iristen.
Mateo Renzi Italiako lehendakariak egoera hau definitzeko XXI. mendeko esklabotza aipatu duen arren, Europar Batasuneko liderrek adostutako neurrien ardatzak hauek dira: Europar Batasunaren Kanpo Mugak Kontrolatzeko Agentzia (Frontex) baliabide gehiagoz hornitzea eta etorkin irregularrak beren herrialdeetara azkar itzularazteko programa berri bat abian jartzea. Azken finean, hesiak altxatzea, azken hamarkadetan Mediterraneoa zeharkatzeko ahaleginean 30.000tik gora pertsona hiltzea ekarri duen drama hau handitzea, eta baita soldaduak eramatea ere, ebolari aurre egiteko egin zuten bezala, gaixotasunak metrailetekin tratatu ahalko balira bezala.
Hala ere, fitsik ere ez da esan Afrikan inbertitzeko proposamenez, edo Garapenerako Laguntza Ofiziala emateko aurrekontuak handitzeaz. Paradoxikoa da, halaber, AEBekin merkataritza libreko itun bat negoziatzea eta, bien bitartean, inork ere ez planteatzea bai pertsonen zirkulazioa bai Afrikatik datozen nekazaritza produktuen eta manufakturatuen merkataritza librea sustatuko duen neurririk, ezta txertoen garapenean eta gaixotasunen tratamenduan ezagutzen erabilerari jartzen zaizkion mugak kentzeko neurririk ere.
Aski txundigarria da, ordea, ikustea zein erraz eta zelako malgutasunez saltzen diren armak. Hala, gastu militarra urteko 224 dolarrekoa da planetako biztanleko, eta munduko barne produktu gordinaren %2,7.
Hala ere, sor eta gor gaude —gogoratzen digutenez— egunean baino egunean bidegabeagoa den egoera honen aurrean. Duela urte batzuk, Afrikaren Aldeko Taldean bildutako euskal GKEek África, cuestión de vida, cuestión debida (Afrika, bizi auzi, zor den auzi) izeneko kanpaina sustatu genuen.
Bizi auzi, justiziaren, bakearen eta giza baliabideen oinarrizko kontzeptuei eragiten dielako. Zor den auzi, gure arteko bakoitza, hein handian edo txikian, egoera honen erantzule garelako.
Jakin badakit gosea, pobrezia, desigualtasuna eta garapen txikia eragiten dituzten arrazoiak konplexuak direla. Beharrezkoa da, baina, premia handienak dituzten pertsonekin konprometitzea. Hori dela eta, zera galdetu beharko genioke geure buruari: zer erantzukizun daukagu egoera honen aurrean?
Susan Georgek esaten zuenez, «badira hiru pertsona mota: gauzak gertarazten dituztenak, gauzak nola gertatzen diren ikusten dutenak eta gertatutakoaz inoiz ere ohartzen ez direnak».
Gehienek lehen multzoan egon nahi lukete. Zure esku dago orain.
XXI. mendeko esklabotza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu