Batez ere XIX. mendetik aurrera hainbat eta hainbat euskaldunek egin duten kontrako bidea egina du Etxegoien Xamarrek, liburu honen egileak, hots, erdal etxetik euskal etxerako bidea, eta bide horren nondik norakoak azaltzen dizkigu liburu honetan; ez horratik, modu aseptikoan, baizik eta bere baitan bizi eta egositakoei luma zalu batek ematen dakien zinezkotasunez.
Paseo batekin hasten da, eta paseo berarekin bururatzen, kontakizunari egitura zirkularra emanez. Bien bitartean denboran atzera egiten da, Frantziako Iraultzaraino hortxe nonbait, eta tarte labur batez Nafarroako erresuma burujabe izan zen Erdi Aroraino, baina bereziki XX. mendearen lehen zatian gertatuko hizkuntza-galera du ardatz, eta galdutako euskara paperean behintzat berreskuratzeko lantegia, abantzu gaurdaino Aezkoako ibarrean bereziki (Garralda herrian guztiz ere), eta Zaraitzu eta Erronkarin, eta Garazi aldean mintzatu izan den euskararen bazka eskainiz irakurleari -hasieran zail samarra egiten da baina beti errepikatzen diren bizpahiru arauez ohartu orduko ("h"rik ez, dena "g": gau-gori-gan-gen...) gustua hartzen zaio-.
1980ko abuztuko arratsalde batez, hogeita hiru urte zituen bilobak hirurogei eta hamarretan zen Bitoriana amatxirekin Garraldan barrena emandako paseo hartan, amatxik ez zion euskaraz erantzun nahi euskaraz mintzo zitzaion bilobari: Pero...¿por qué hablas así, mi chico? Nola kendu zioten bada amatxi Bitorianari Aezkoako hizkuntzan elekatzeko nahia?
Abaurregaineko Mariaren arabera: "Oi, oi, karabineroek eta ezpazute uzten, Espainola elekatzeko eta ja iago, etzute uzten. Guk bagindakie ta etxean guk elekatzen gindue, baia kanpoan triskun-traskun, erdi erdera, erdi Uskara, ta gala gauren artean karrikan elekatzen bagindue, guardiek-eta segido alto egozten zaugute Uskareindako, ba, ezpeitzute konprenditzen! (...) Gerra altzinean ere bai, zer geixtoik etzute iten baia erraten zute <<Zetako eztuzie elekatzen Espainola!>>, ta apezak eta ere, eztare, orduan etzue nehi elekatzea Uskara, ta maextroak ere ez. (43)
Karabineroak eta guardia zibilak, apaizak eta maisuak; hiru instituzio indartsu, denak ere espainolaren inposatzaile eta euskararen ehorzle. Polizien ahotsa, apaizarena eta maisuarena badituzu zure baitan borrokan gurasoek erakutsitako hizkuntzarekin, nork irabaziko du?, bere baitan probatu ez duenak ezin jakin hori zein egoera bortxazkoa den!
Maisu famatu bat Garraldako herrian Don José Velasco izan bide zen. Iragan mendeko 20ko hamarkadan heldu zen herrira, bertan ezkondu eta kasik berrogeita hamar urte egin zituen mutilen irakasle. Irizpide faxistekin buruturiko 1936ko irakasleen purgak ez zuen harrapatu. Musika banda sortu zuen herrian, ibarreko bakarra garai hartan; argazkilaritza maite zuen, eta hari esker herriko argazki zaharren bilduma badute garraldarrek. Pedagogia aski bortitza erabiltzen omen zuen, eta haren ikasle izandako gehienek iritzi ona omen zuten berataz, baina euskararen kontuan: "adostasun osoa oroitzerakoan zer nolako trufak eta mespretxuak erabiltzen zituen baten bati aditzen bazion Euskaraz. Nagusienek oroitzen zuten holakorik, hurrengo belaunaldiak ez, arazorik jadanik ez zelakoz, transmisioa mozturik baitzen jendemende bakarrean(161 or.).
Maisu paradigmatiko hari eskainiriko atala albiste pozgarri batekin bururatzen du: "Gaur egun Don José biziko balitz, ez zen guti harrituko bere ilobak Euskaraz aritzen direla ikusiz".
Baina Don José Velascoren emazteki laguna irakaskuntzan María Dolores Alvarez izan zen: "Zaragozatik iritsirik, bere jarduera nolakoa izan zen aipatu beharrik ez".
Irakurleak badaki maisu-maistra askok eta fraide-mojek, frankismoaren aurretik eta bereziki frankismoan, zer-nolako indarra izan duten gaztelania inposatzeko eta euskara ehorzteko.
Liburu honen bitartez ikasi dut, besteak beste, Gipuzkoan Pernando Amezketarra bezala, Aezkoako eta Zaraitzuko eta Erronkariko ibarretan eta, Joanes Iriarteko zela. Ibar horietako adineko batzuek euskara soilikerabiltzen zuten Joanes Iriartekoren istorio irrigarriak kontatzeko. Behin joan ziren senar-emazte batzuk lotara, eta askotan bezala, logela artegiaren gainean zen, kabalen beroak goiko gela berotzen zuela poxi bat bada ere: “Gizona, lo eiteko gogo guti, hurbildu zitzeo emazteari eta zirri batzu ein zazkio, erraten zakoleik: -Aitzen duna? Klannkk! Klankannnklank!! Behek erraten daugute zer ein! Klannkk! Klankannnklakk! "Gabean behin bedere! Gabean behin bedere!!. Ixtant gartan bertze behe batek lepoa muitu ein zue eta faleain azantza hasi zen: Klankaklank!! Klankaklank! Emazteak, egoeras xabetuik, senarrari erran zako: -Aitu duzu erantzuna? <<Etzakenak etzake! Etzakenak etzake!! (85)
Gerra karlistetan nekazari gehienak karlisten aldeko baziren ere, estatuen arteko muga-ibarrak liberalak ziren: Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Luzaide, Baztan eta Bortziriak. Arrazoi ideologikoa eta ekonomikoa aipatzen ditu idazleak: “Alde batetik, frantses iraultzaren ideia zenbaitek bide egina zuten mugaz gaindi. Bertzetik, badirudi liberalen asmoetariko bat ekonomikoki interesgarria suertatzen zitzaiela (...) Iduri du mugako ibarrak kexu zirela Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoatik zetozen ekoizpenek bidesari txikia baizik ordaintzen ez zutelakoz, bertako ekoizpenen kaltetan. Eskualde guzia bereziki pobreturik zegoen azken bi gerren ondorioz. (...) Lekualdatzeak Iparraldetik zetorren merkataritza zergaz zamatuko zukeen, bertako ekonomia ahula babestuta gelditzen zelarik"(55-56).
Tradizio liberalak oraindik bizirik zirauen XX. mende hasieran. Eta hogeita hamar urte geroago, Espainiako II. Errepublika garaian, Abaurregainak Izquierda Republicana-ri ematen zion botoa. Alderdi hori euskal eta nafar autonomi estatutu bateratuaren aldekoa zen; orain, liburuak ez dio ezer alderdi horren euskaltzaletasunagatik. Ezker eta eskuin espainola ez al dira oso antzekoak izan espainola inposatzen eta euskara ehorzten?
Gorago esan dugu liburua 1980an hasten eta amaitzen dela. Ibarreko Aezkoa Kultur Elkarteak kultur astea antolatu zuen 1980ko otsailean. Hitzaldiak gaztelaniaz izan ziren, eta hizlariak honako hauek: lehenik, Inozentzio Aierbe Aralar santutegiko erretore zena, Aezkoako euskarari buruz; bigarrenik, Pierre Narbaitz, Nafarroa Behereko azkaratearra, Baionako bikario jenerala izana eta historialaria, historiazko gai bati buruz: Nafarroa zergatik zatitu zen Goi eta Beherean; hirugarrenik Juan Antonio Urbeltz Aezkoako folkloreaz, batez ere dantzez. Laugarrenik Fermin Leizaola etnografoa Nafar Pirinioko garaiari (horreo) buruz. Mintzaldi baterako “alderdi politiko jakin baten Iruñeko zinegotzia inposatu ziguten elkartean (...) Oinarria lehenbizi. Baina batzuek presa zuten, mezu zuzena nahiago zuten (...) Erran nahi baita, etxea teilatutik hastea, gure ustetan.(177 or.)
Hurrengo urtean, berriz ere, arazo berbera izan zuten. Jose Mari Sanchez Carrión,Txepetx ekarri zuten elebitasunaz mintzatzeko eta Aezkoako folkloreaz elekatzeko Benito Lertxundi; baina, aurreko urteko politikari bera inposatu nahi zuten batzuek. Bertan behera utzi zuten programa.
Xamarren beste libururik irakurri ez duena pentsaketan has daiteke: idazle hau historiaren eta folklorearen eta kontu zaharren zale itsutu bat duk, eta politikaren etsai, baina ez da erabat zuzen ibiliko; esaterako, Orekan(2001) liburua hartzen badu eskutan, horrelakoak irakurtzeko aukera izango du: Giza baloreak merkatal irizpide hutsez neurtzen diren mundu gero eta unibertsalago honetan Euskara zertarako?(...) Merkataritza maila hutsean murgilduz gero, garbi dago etorkizuna iluna dela hemen eta mundu guztian barna; bazter dezagun Euskara eta bihur gaitezen denok ingeles hiztun osorik ahalik eta lasterren (...) Mendez mende, milaka urtetan sortu eta garatu diren jakintzak Gizadi osoaren ondare dira eta guztien egitekoa da altxor bizi hori osorik eta bizirik transmititzea. Eskubidea baino gure beharra da Europako txoko honetan Euskararen Herria bizirik jarraitzea, hain zuzen, gure buruari eta, bide batez, unibertsoko planeta urdin honi egin diezaiokegun oparirik handiena da, anitza -eta aberatsa- izaten iraun dezan. (151-).
Eta Euskara Jendea-n (2006): XXI. Mende hasiera honetan, hala ere, egoera zaila da. Alde batetik menperakuntzaren ondorioz zatituta, nahasita eta konplexuz beteta dagoen Herriak ez du tresna legalik bere burua defenditzeko. Bestetik, barne kohesioa hautsirik, desiratzen, aldarrikatzen eta egiten denaren arteko koherentzia falta kezkagarria da. Kexu gara, adibide gisa, Euskarazko egunkari bakarra ixten badute, baina 12.000 ale eskas saltzen zituen. Gaur egun, gure nahi eta beharrekiko koherentzia da, segur aski, arazorik larriena, eta gainditzea gure eskuetan bakarrik dago, ez beste inorenean. Aurrera egiteko, atzera begiratu behar dugu, gure Herri iraupenaren gakoa bertan aurkituko dugulako. Zernahi herriren, zernahi kultura berriren intereseko gaiak onartzen ziren, oinarria -euskaltasuna- tinko mantenduz.(251).
Zalantzak egon litezke –nik baditut– atzera begiratze hori, duela ehun urte Azkue eta Barandiaran-eta ibili ziren bezalatsu ibiltze horrek gehiegi ez ote dion lagunduko egungo egunean euskara jendeari –alderdi politikoen jardunaz dezepzionaturik bide dago Xamar–, baina aipagai dugun liburu hau "Etxera itzuli diren guziei" eskainia da. Guk ere Xamarren desio bera dugu, asko izatea erdal etxeetatik euskararen etxera eta naziora itzuliko direnak, era batera edo bestera. Egindako ahalegina eta emaitza ezingo dizkio inork ukatu!