Donostiako Erdian Bizi elkarteko kidea

Xabier Gereño euskararen aldeko aktibistak 100 urte

Antxon Santamaria Ibarburu
2024ko abuztuaren 23a
05:00
Entzun

Xabier Gereño euskarak izan duen aktibistarik handienetakoa 1924ko abuztuan jaio zen Bilbon. Bertan hil zen, 2011ko apirilean. Gutxi ezagutu nuen arren, berari buruzko lerro batzuk idazteko premia sortu zait, kasualitatez. Gauza da udara honetan etxeko paperak errebisatzen ari nintzela, Jakin aldizkariko zenbait aleren artean, hara nola, 2003ko iraileko zenbakian, Aitor Zuberogoitiak Xabier Gereñori egindako elkarrizketa zehatza eta mamitsua agertu zaidan.

Gereño pertsona umila zen, eta agian horregatik askok ez dugu nabaritu eta baloratu euskal kulturarentzat izan duen garrantzia. Zuberogoitiaren galdera inteligenteek bideratuta Gereñok bere bizitzaren atal nagusiak azaltzen dizkigu, batik bat euskara eta euskal kulturarekin lotuak.

Jakin-eko elkarrizketan ikus dezakegunez, Gereñok euskara amarengandik ikasi zuen. Gerra ostean aitak errepresioa jaso zuen abertzalea izateagatik eta familiak tenporalki Kanaria irletara joan behar izan zuen, Bilbon lana ukatzen baitzioten. Gerra osteko Bilboko panorama beltzean, bereziki euskal kulturarentzat, Gereñok azkar ekin zuen euskararen alde. 1948an euskarazko klaseak antolatu zituen Bilbon zegoen hizkuntzak irakasteko akademia batean. Horrek, hamabost eguneko espetxeratzea ekarri zion; bizitzan jasoko zuen errepresioaren aperitiboa. 1957an Bilboko Txistularien Akademia sortzeko aukera izan zuen, frankismoa folklorearekin toleranteagoa zela aprobetxatuz. Txistulari aldizkaria editatzen zuenez izan zituen bere gorabeherak zentsurarekin, Aitor Zuberogoitiari ironiaz kontatu zionez: «País Vasco izena, adibidez, birritan baino ezin zitekeen agertu aldizkari guztian, gainerakoetan aquí edo en nuestra tierra idatzi behar zen».

1961ean CINSA sozietate anonimoa sortu zuen, euskal abestigintzan garrantzi handia izan zuena. CINSAren bitartez 42 disko argitaratu ziren, gehienak euskaraz. Lehenik grabatu zuten diskoa Bermeokanta izan zen, Bermeoko orfeoiaren eskutik; ondoren euskal musika modernoan aitzindari izan ziren Soroak eta Urretxindorrak taldeenak eta Benito Lertxundiren bi lehenak. Musika modernoa euskaraz bultzatzeko bidean, «San Remoko jaialdietan oinarritu nintzen euskal abesti berriak sor zitezen plaza bat eratu nahian», Gereñok Zuberogotiari esan bezala. Jaialdi horiek txapelketa formatua zuten eta oso arrakastatsuak izan ziren: adibidez, Gernikako ekitaldian 4.000 lagun bildu ziren.

Euskal musikaren aldeko bultzada hori izugarria izan zen, kontuan izanik 60ko hamarkadan euskarak sufritzen zuen mespretxua eta jazarpena erregimen frankistaren aldetik. Horren adierazgarri da Bilboko Coliseo Albian izan zen txapelketaren finalean gertatu zen intzidentea, Gereñok Aitor Zuberogoitiari kontatu zion legez. Antza denez, parte hartzen zuen batek aldarrikapen «politikoa» egin zuen, eta «palkoetako batean Bilboko alkatesa zegoen, Pilar Kareaga. Sutan jarri zen alkatesa eta besteak aldarrika jarraitzen zuen bitartean, hau zutundu egin zen, eta ¡Viva España! egin zuen garrasi». Biharamunean, Gobernadoreak Gereño deitu zuen, eta guztiz debekatu zion ezer antolatzea («ni siquiera una novena») eta pasaportea kendu zion. Beraz, ez zen giro Gereño bezalako euskararen aldeko aktibista batentzat. Errepresioa ez zen txantxetakoa eta 1968an berriz ere espetxeratu zuten Julen Lekuonaren Ez, ez dut nahi kantua baimenik gabe argitaratzeagatik. Txanponak bi alde dituenez, 1978an Franco hil ondoren hiru urte pasatuta, Bai Euskarari kanpaina jendetsuaren koordinatzailea izan zen.

Jakin aldizkarian zioenez, aktibismo zuzenaren ateak itxi zitzaizkionean hasi zen Gereño fundamentuz idazten. Egina zuen bidea Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarien artikuluekin, baina berak hutsune bat bete nahi zuen euskal literaturan, alegia, polizia-eleberrien arloa. Hortik hasita, 150 liburu argitaratu zituen: nobela, antzerkia, biografiak... Ez zuen bere burua literato abangoardiatzat hartzen, baina euskaraz gehien saldu duten autoreen artean dago betiere. Euskararen egoera larriak sortzen zion ezinegonak euskara ikasteko metodoak argitaratzera ere bultzatu zuen. Aitor Zuberogoitiak argitzen digunez, Espainiako telebistaren La clase de Euskera saiorako gidoiak idatzi zituen, halaber. Ez zuen inongo milikariarik edozeinengana jotzeko euskararen alde egite arren; hala nola, 1948an hizkuntza akademiaren zuzendari falangistarengana euskara klaseak antolatzeko edo Garellanoko kuarteleko musika bandaren zuzendariarengana euskal musikaren jaialdiak prestatzeko.

Elkarrizketaren amaiera aldean, honetaz eta hartaz mintzatzen da Gereño, nazionalismoa, politika, erlijioaren inguruan dituen kezkak, eta abar. Tarte batean abertzaletasunaren inguruan, zera dio: «Ni pertsona sentitzen naiz. Pertsonaren jaioterriari baino, pertsona horren balioari eman behar zaio garrantzia, nire ustez».

Agian nire laburpena eskasa izan da. Beraz, sarean Jakin 2003 138 bilatu, eta Xabier Gereño gizon argia, ausarta eta apala ondo ezagutzeko aukera izango duzue, Aitor Zuberogoitiaren eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.