Borroka armatua Euskadin (1967-2011) lana(Emilio Lopez Adan, Beltza) hizpide hartu dut ostera ere. Aurki lau urte beteko ditu lan eskerga honek. Jakin-minak ekarri nau berriro hiru liburukietara. Egilearen «gupidaz eta beldurrez, tragediak xahutzen gaitu / Work in progress» aipua, berebizikoa zait lan honen funtzioa ulertu ahal izateko: memoria historikoak lanketa-prozesu bat behar du. Alta bada, lan honen funtsa aintzat hartzera, historia berriko parte garenon gupidak eta beldurrak borroka armatuaren memoria-ariketa trabatu ote duten nago. Jendarteak jasan izan zuen bortxa-aldia tragikoa izan zen, eta memoria lantzeko ahalmen ezak are ulergaitzago bihurtu du herri honen tragedia.
1960ko hamarkadan, euskal herritarren parte handi batek Euskadi eraikitzea helburu hartu zuen berriz ere. Borroka armatua onetsi zuen bide horretan. 60 urte luzeren ondoren, Euskadi hiru probintziatara murriztuta dago. Euskal Herria ez da nazio onartua. Ez da horrela izan dadin borroka ongi bideratu izan, nonbait. Konstatazio horrek, bertzeak bertze, borroka armatuaren porrota adierazi lezake. Hipotesia da (Oharra: konplikatua da zehaztea zer den porrota eta zer arrakasta herri baten historiaren bilakabidean).
Bigarren konstatazio bat: lan honek ez zuen merezi duen sostengurik ukan argitaratu garaian. Ondoren ere, ez du abantzu segimendurik izan. Maiatz argitaletxeak —ttipia eta periferiakoa— publikatu izana biziki eskergarria da. Erran nahi baitut, borroka armatuaren jarduera babestu zutenak gailendu izan balira, sendotasun handiagoko bertze argitaletxeren batek hartuko zuen bere gain publikatzea.
Hirugarren konstatazioa: ETA, fenomeno-kultural-politiko-sozial lez sortu zen. ETA aunitz izan ziren, baina espresio-bortitz-gutxiagotu-soila izaten amaitu zen. ETAren sorrera Iparraldeko abertzaleei esker bideratu ahal izan zen hein handi batean. Baita, bertako abertzaleei esker, borroka armatuaren jarduerari amaiera eman ere. Jarduera duina izatetik urrun, haatik. Alabaina, periferiako indar sozialek irtenbide bat ematen lagundu zuten, hainbat unetan euskal (h)ego zentralismo iraultzaileak marjinatuak. Borroka armatua —terrorismora lerratua zenbaitetan— espresio marjinala bilakatu zen, eta marjinala da, halaber, bere historia duintasunez agertzen duen lan argigarri hau.
Izan ere, nork hartu du aintzat lan despreziatu hau? Lana osatzen duten hiru liburukiek 2.500 orrialde batzen dituzte. Baldin eta interesatuta bazaude, hona aholku hau: hartu lan preziatu hau kontsultarako lan modura. Liburukiak eskuetan izateaz beste, euren PDFa eskura ezazu. Hartara, dataz data, gertaeraz gertaera, pertsonaz pertsona edota protagonisten izenak harturik, gertakari honen, horren edo bertze haren berri aurkituko duzu. Nahi izatera, zerorrek zehaztu edo osatu dezakezu historia.
Literatura poxi bat egin aldera, honatx hiru azaletako irudien araberako ilustrazio bat: 1. liburukian (1967-1980) eguzki gailenak argia ematen digu, gorria bizi-bizia da; aldi itxaropentsua da. 2. liburukiaren irudia (1981-1990) iluna da arrunt; poetak iragarri zuen ekaitzaren zirimolak harrapatu ditu borroka armatuan ari diren iraultzaileak. 3. liburukiaren irudia (1991-2011) beltza da partez; gorriaren esperantza du gainean. Ilunabarra etsigarria da haatik. Edo itxaropentsua? Nork bere begirada, nork bere aburua.
Egilearen xede nagusia, izan ziren ekintzak zehaztea da.Berauek egiteko garaiko arrazoi politikoak gogoratzea, baita protagonisten kontzientzia eta egindakoaren interpretazioa aditzera ematea ere. Xedea eskergarria da. Egitasmoa, baina, ez da samurra. Erreala erdiestea ezinezkoa baita bere osotasunean. Beraz, premisa hori aintzat harturik, egileak arrisku handiak hartu zituen, baita ausardia handiz jardun ere. Ez da erraza ekintza bakoitzaren azterketa egitea, ezta bortxa iraultzailea epaitzea ere.
Gerra irabazten baduzu, irabazleen duintasuna berez gailentzen da.Galtzaileen duintasuna aldarrikatzea besterik da, ordea. Hartara, borroka armatuaren trebetasunak hala nola hutsegiteak protagonistek berek aditzera eman beharko lituzkete. Idazleak irakurlea liburua irakurri ahala okerrak zuzentzera gonbidatzen du; borroka armatuaren egileak edo sostengatzaileak izan direnenak bereziki. Jakina, historiaren kontakizuna beti da interesatua eta memoria etoia. Errelatoa egitea ez da oroimen-ariketa soila, testigantza gauzatzea da, memoria egitea da. Iraganari buruzko iritzia izateaz gain, errelatoa egitea informazioa ematea da. Bistan da, hori gauzatzea hagitz konplexua da eta sarri askotan mingarria.
Ez da aise gure historiaren jabe izatea.Ez da errazaborroka armatuaren jarduera ez dela beti duina izan onartzea. Alabaina, idazlearen —eta irakurlearen— zintzotasuna medio protagonisten duintasuna sostengatu liteke, baldin eta protagonistak beraiek historia berriaren kontakizunean engaiatu —izan— balira. Jakina, historia ez da inoiz osorik kontatu ahal, ezinezkoa da eta. Lan hau ez da hori egiten saiatzen, bere helburu nagusia historia honetako parte-hartzaileek gertatutakoaren kontzientzia izatea da.
«Militanteen duintasun etiko eta iraultzailea defenditu nahi dut», adierazi izan du egileak. Adierazpen hori, norena eta ETAren jarduerarekin kritikoa, amultsua eta zorrotza izan den pertsonarena da. Helburu bat lortzeko, etika iraultzailea zintzo betetzea defendatzen duena. Ez naiz euskal iraultzaileen historia juzgatzen ari, jatorrizko gasteiztar iraultzaile honek idatzi duen lan mardul hau baloratzen baizik.
Azken konstatazio bat: egilea euskal lurraldeetako periferian hazia eta bizia duzu.
Borroka armatua Euskadin lanaren egilearen hitzak dira egitasmoa hobekien azaltzen dutenak: «Niretzat borroka armatuaren endekatzearen kausa nagusi bat izanik Erakunde barneko [ETA] diziplina guztiz hierarkikoa, azpikoek buruzagiak babesteko obligazioa aje bat da eta gainditu beharko zen, beti kontuan harturik ondorio errepresiboak baztertzeko joka-moldeak. Horrela balitz, esan genezake errelato-ko zuloak betetzea terapia pertsonal eta sozial batekin lotu daitekeela».