Mugarri bat izango da 2011ko abenduaren 29a euskararen historia luzean. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekimenaren ondorioz, gaur Wikipedia entziklopedia digitalaren euskarazko edizioak beste 11.000 sarrera beretuko ditu, orain arte editatu diren 100.000 sarrerei gehituko zaizkienak. Lur Entziklopedia oinarri hartuz, Elhuyar Fundazioak egin du lan teknikoa, Eusko Jaurlaritzak eskaturik. Lorpen historiko hori urtebeteko ahaleginaren emaitza izan da eta horri esker euskal entziklopedia digitalaren edukiak ehuneko hamar gehitu dira. Nahi duenak erabili ahal izango ditu. Eta, zer esanik ez, dohainik.
Euskara hizkuntza gazte eta malgu bat da, gaur egungo bizitzara ongi egokitzen ari dena. Teknologia berrietan euskararen erabilera kalean sumatzen dena baino altuagoa da: %22 eta %15, hurrenez hurren. Horrek adierazten du globalizazioak on egiten diola euskarari, bidea ematen baitigu euskaldunoi eremu berrietan, hala nola eremu birtualean, erabiltzeko. Hamar urte hauetan bikoiztu egin da Euskadiko Autonomia Erkidegoan euskaraz nabigatzen dutenen kopurua (100.000tik 200.000ra) eta bertan ingelesez sareratzen direnekin parekatua dago gaur egun. Wikipediari berari dagokionez, esan dugun bezala, euskarazko edizioak 110.000 sarrera baino gehiago izango ditu abenduaren 29tik aurrera. Europatik atera gabe, euskarak baino askoz hiztun gehiago dituzten hizkuntza batzuk (greziera edo letoniera, kasu) ez dira kopuru horretara hurbiltzen. Interneten hiztun kopurua ez da erabakigarria hizkuntza baten presentzia sendoa bermatzeko. Teknologia berriak eragin onuragarria izaten ari dira euskararen berrindartzean. Eusko Jaurlaritza horren jakitun da eta horregatik Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei garrantzi handia ematen zaie Euskararen Aholku Batzordearekin batera prestatzen ari garen Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berrian eta, esan gabe doa, Hizkuntza Politikarako urteroko aurrekontuetan ere bai.
Sailburuordetzaren asmoa eduki digital horiek euskaldun guztiek erabili ahal izatea da, baina ez dugu ezkutatzen gure lehentasuna ikasleak direla. Euskal Herrian, hezkuntza-maila guztietako ikasleek beste hizkuntza batzuetan (bereziki gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) idatzitako testuak itzultzen luzaz eta esfortzu handiz jardun behar izaten dute. Euskaraz sortutako material gehiago behar ditugu.
Uste osoa dut gai garela kalitateko euskarazko entziklopedia digital bat sortzeko. Amets dudan entziklopedia horrek orotarikoa izan behar du, baina euskararen eta Euskal Herriaren gaineko sarrerek toki berezi bat izan behar dute bertan. Haurrak eta nerabeak erakartzeko, irudiek eta lan grafikoek garrantzi handia izango dute. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren eta Wikipediaren nahia eta horretan ari gara.
Entziklopedia librearen filosofia atsegin dugu oso. Duela urte bat, proiektu honetan abiatu ginenean, askoren beldurra uxatu behar izan genuen. Batzuek leporatu ziguten diru publikoa kontrol administratiborik gabeko obra bat sustatzeko erabiltzea. Uste dut horrela pentsatzen dutenek iraganeko ikusmoldeak darabiltzatela. Ez gaude Despotismo Ilustratuaren garaian («dena herriarentzat, baina herria gabe»). Agintariok konfiantza izan behar dugu herritarrengan, haiek, ez erakundeak, baitira bizitza publikoaren protagonistak. XIX. eta XX. mendeetako uhin demokratikoak ez dira moldiztegia eta prentsa gaberik ulertzen. XXI. mendean, Internet demokrazia sakonago baten iragarlea da, garatzen ari diren herrialdeetan ez ezik, gure estatu aurreratuetan ere bai. Izan ere, demokraziak, besteak beste, gutxiengoekiko begirunea esan nahi du eta, uhin berri honetan, hizkuntza gutxiengoek zeregin berezi bat edukiko dute, beren tamainagatik legokiekeena baino askoz eragingarriagoa. Geroa euskaraz mintzo da.
Aro digitalak aukera paregabe bat ematen digu informazioaren demokratizazioan aurrera egiteko. Orain ez da beharrezkoa prentsa edo telebista inperio bat besteengana iristeko. Nork bere bloga sor dezake. Edo gizarte sareetan bere iritzia adierazi. Eta, hemendik aurrera, non-nahi egonda ere, errazago izango du gai bati buruz dakiena beste batzuekin euskaraz partekatzea. Iparragirrek iragarri zuen bidetik, euskara lau haizeetara eta bost kontinenteetara zabaldu da.
Askok ez dakite erabiltzaileek sortzen eta eguneratzen dituztela Wikipediaren edukiak. Beraz, zuk zeuk, irakurle, idatz dezakezu sarrera bat bertan. Entziklopediak badauzka kalitatea kontrolatzeko tresnak, erabiltzaileek berek baitute interes handiena informazioa egokia izateko. Kontrol tresna horiek egunetik egunera hobetzen ari dira. Wikipedia ez da ezer baztertzera etorri, kontrakoa baizik. Paperezko entziklopedien osagarri ezin hobea da. Presaka dabilenak sareko entziklopediara joko du. Lasaiago dagoenak entziklopedia tradizionalak erabiltzen segitu ahal izango du.
2011. urtea garrantzitsua izan da euskararentzat. Ziur nago halaxe agertuko dela etorkizuneko historia liburuetan. Eskerrik asko, wikilari guztiok! Urte berri on eta emankorra izan dezazuela.
Wikipediaren eskutik, euskara aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu