Wikipedia sustatzeko ekimenak

Iurdana Acasuso
2017ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Wikipedia, sarean gorpuztu den entziklopedia kolaboratiboa erreferente bihurtu da ezagutzaren alorrean. Ezinbesteko tresna da jakintzaren edozein eremutara modu arin eta errazean iristeko eta, bide horretan, informazio hori pertsonen eskura jartzeko.

Euskara Wikipedia sailkapen orokorrean ondo kokatuta egoteak prestigio ematen dio gure hizkuntzari. Gaur egun euskara 31. postuan dago, zenbait nazio hizkuntza baino hobeto. Ia hamasei urteko ibilbidea du euskarak Wikipedian eta denbora tarte horretan 280.000 artikulutik gora publikatu ditu. Lan guzti hori ez da kasualitatez egin, hainbat boluntarioren elkarlanaren emaitza da.

Euskaldunok badugu kultura eta jakintza unibertsala euskaraz eskuragarri izateko beharra, eta hori asetzeko bitartekoak jarri behar ditugu. Ideia hau Euskararen Aholku Batzordeak herri aginteei orain dela zenbait hilabete adierazi zigun bere IKT Batzorde-atal bereziak prestatutako dokumentuan. Txostenean ingurune digitalean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko herri-aginteentzako gomendioak zerrendatu ziren, eta aipatzen zen lehena euskarazko Wikipedia sustatzea zen.

Zorionez, wikilari boluntarioek 2016. urtean Euskal Wikilarien Kultur Elkartea, irabazi asmorik gabeko erakundea, sortzea erabaki zuten. Horrek erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanari bidea nabarmen erraztuko dio. Lau dira elkarteak dituen helburuak: lehenengoa, ezagutza unibertsala euskaraz euskaldunen eskura jartzea; bigarrena, Euskarazko Wikipedia eta gainerako Wikimedia proiektuak sustatzea, ezagutaraztea eta zabaltzea; hirugarrena, euskararen normalizazioari laguntzea, kultura hedatuz; eta laugarrena, Wikimediaren helburuekin bat eginez, auzolana eta jakintza askea sustatzea.

Azkue Fundazioak ere euskararen erabilera era aktibo eta zabalean sustatu nahi du gure hizkuntza gaur egungo ingurune digitalean integratuz. Sorreratik konprometitu da Wikipediaren sustapenarekin, eta, horren ondorioz, zenbait ekimen jarri izan ditu martxan, hala nola Ugarteburu sariak, editatioak eta trebakuntza ikastaroak.

Erakunde biok bat gatoz euskara presente dagoen baliabide eta eremuen kopurua handitzeak berebiziko garrantzia duela adierazte dugunean; Interneterako euskarazko edukiak sortu eta komunikazioko sare birtualak era egokian baliatu behar direla esaten dugunean. Horren ondorioz, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak eta Azkue Fundazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu dugu datozen hileetan betetzeko.

Wikimedia egitasmoaren baitan lan ugari dago egiteko eta gure arteko hitzarmena hiru esparrutan zentratuko da:

Wikipediaren inguruko informazio, formazio eta sustapena egingo dugu: Euskarazko Wikipedia ezagutarazteko Bizkaiko eskualde bakoitzean hitzaldiak emango dira proiektuaren inguruan hitz eginez, herri bakoitzean egin daitezkeen gauzen inguruko argibideak emanez eta, bukatzean, editatoi txiki bat antolatuz. Editatoi bakoitzaren helburua herri/eskualde horretako datuak hobetzea izango da. Horrez gain lau herritan Herripediak egingo dira.

Euskarazko softwarea bultzatuko dugu: MediaWikiren softwarea itzuliko da eta Wikimedia Estrategia 2030 egitasmoko eduki asko itzuliko dira. Gainera, Itzul-a-thon bat antolatuko da, itzulpen lanen inguruan hitz egin eta marko teorikoaz gain itzulpen masiboak egiteko.

Eduki eta jakintza libreak bultzatuko ditugu: Bizkaiko Foru Aldundiaren barruan materialak askatzeko kontzientziazioa landuko da eta Durangoko Azokan photocall bat sortuko da euskal kulturako pertsonalitateen argazkiak sareratu ahal izateko.

Ekintzaz betetako proiektua da eta emaitza esanguratsuak lortu nahi dituena. Gure helburua ondokoa da: Bizkaiko gizarteak euskarazko Wikimedia egitasmoari ekarpen mamitsu eta balio handikoa egin diezaiola eta konpromiso hori epe luzera manten dagiala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.