Lurdes Auzmendi Aierbe.

Wert eta Basagoiti

2012ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
EAEko PPko presidente Antonio Basagoitik berriki adierazi du José Ignacio Wert ministroak planteatutako hezkuntza erreforma «perfektua» dela eta «bereziki egokia» Euskadirako, «urte askoren» ondoren euskara «gaztelaniaren aurka erabili baita, eta orain oreka apur bat jartzen da benetan garrantzitsua hezkuntza, hezkuntza kalitatea eta sen ona izan daitezen».

Hortaz, lehen euskal gobernu sozialistaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea naizen aldetik, ezinbestean interpelatuta sentitu naiz zuzengabekeriaz eta zehaztasunik gabe egin dituen adierazpenen aurrean, Basagoitik berak eskatzen duen sen on horretatik erabat urrunduta daudenak, are gehiago legegintzaldi honetan zehar Eusko Jaurlaritzak maximalismo eta inposizio orotik aldendutako hizkuntz politika sustatu denean; hori dela eta, pena ematen dit ikusteak nola Basagoiti jaunak euskarari buruz hitz egiten duenean berriz ere lehia alderdikoiaren era sektariotik hitz egiten duen, duela bi urte pertsonalki inauguratu nahi izan zuen espirituarekin nabarmen kontrajarriz, hau da, Euskaltzaindiaren aurrean egindako agerraldiarekin, eta El Correo egunkariak berak ere «euskararen mundura egindako hurbiltze historiko»-tzat jo zuena. Gogora ekarri behar da agerraldi horretan «lehia zaharrak lurperatzearen» alde egin zuela, orain egindako adierazpenen aurka, eta adostasuna bilatzearen alde «euskal herritarron ondare komun» moduan, ondorengo premisaren arabera: «Euskararen babesa eta bultzada guztion erantzukizuna da, euskara gure kultur ondarea da eta, euskal herritarrak izanik, guztiok onartu behar dugu haren babesa eta garapena».

Bi urte besterik ez dira pasa Basagoiti jaunak Euskaltzaindiaren aurrean agerraldi hori egin zuenetik; bertan, azpimarratu zuen «guztion erantzukizuna dela euskara bizirik mantentzea», eta «haren erabilera proposatzen badugu, gurea den zerbait bezala sustatzen badugu, prestigioa ematen badiogu, herritarrek beraiek onartuko dute eta bere gain hartuko dute askatasun osoz».

Ez dirudi euskarari prestigioa emateko modua denik baieztatzea, inolako ñabardurarik egin gabe, Euskadin hizkuntza hori «gaztelaniaren aurka egiteko» erabiltzen dela; aitzitik, badirudi Basagoiti jaunak, azken euskal autonomia erkidegoko hauteskundeetan haren alderdiak izandako emaitza eskasengatik egin zaizkion ahultasun salaketen aurrean, nahiago duela Euskaditik kanpo puntuak irabaztea aspalditik (denbora gehiegi) nazionalismo espainiarraren eta Espainiako eskuinaren adierazle asko sustatzen ari diren kanpaina babestuz hizkuntza koofizialen estigmatizazioa lortzeko benetako oinarririk ia ez duten topikoak erabiliz. Baina topiko horiek behin eta berriz errepikatuta, Espainiako herritarren zati garrantzitsu bati benetan sinetsarazten die gaztelaniak autonomia erkidego batzuetan (Katalunia edo EAE) jazarpena jasaten duela; Espainian dauden benetako aurkako hizkuntz politika bakarrak, ordea, Balearretan, Valentzian edo Nafarroan, esaterako, dauden gobernu eskuindarretik sustatzen dituztenak dira.

Euskara indar handiagoarekin errekuperatzen ari da, hain zuzen, gure hezkuntza sistemaren sistema elebidunari esker. Egindako inkesta soziolinguistikoek adierazten digute eskolan euskara ikasi duten gazteek, heldutasunera iristen direnean eta familia osatzen dutenean, euskara seme-alabei jada ama hizkuntza moduan transmititzen dietela kasu askotan. Frankismo garaiko gaztelaniaren hiztun bakar hura atzean utzi da, gaztelania-euskara elebitasunera jo dugu eta hirueledunerako pausoak ematen hasi gara. Duela egun gutxi, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legearen 30. urteurrena ospatu dugu, eta lege horretan gure eskoletan irakaskuntza elebiduna erakusteko oinarriak ezarri ziren. Urteurren hori gogora ekartzeko antolatutako ekitaldietan ordezkari politikoek berriz ere lege horrek zenbat bertute dituen azpimarratu dute, eta lege horren atal asko gaur egun ere aplika daitezkeela. Garai hartan Eusko Jaurlaritzako UCD alderdiko ordezkari zen Marco Tabar jaunak berak ere birritan esan izan du lege hori berriz ere babestuko zuela.

Antonio Basagoitik jakin badaki hizkuntz alorrean akordioak lortzea zaila dela, eta akordio horiek oinarrizkoak direla bizikidetzarako. Beraz, ez ditzagun apurtu hainbeste kostatu eta hain emaitza onak eman dituzten harreman horiek, eta jarrai dezagun indarrean dauden legeek markatutako bidean aurrera egiten. Euskararen erabileraren normalizazioaren alde indarrak batzen jarraitu behar da eta, aldi berean, gainerako hizkuntza guztietan hizkuntz errendimendua hobetu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.