Venezuelari buruz kontatuko ez dizutena

2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Batzu-batzu badakigu komunikabide nagusienek gai garrantzitsuen inguruan ez digutela egia esango. Horrela, nazioarteko gaietan desinformazioa da nagusi herrialde zehatz batzuetaz aritzerakoan.

Adibide horietako bat Venezuelako Errepublika Bolivartarra da. Bertan, azken 13 urteetan ikuspuntu politiko, ekonomiko, sozial, kultural eta lan arlokotik lorturiko aurrerapenak handiak, ugariak eta ukaezinak dira. Honela, azpimarratzekoak dira, besteak beste, analfabetismoa desagerrarazi izana, txirotasun mailaren beherakada nabarmena, Barrio Adentro Misioaren bidez venezuelar gehienek lehen aldiz osasun sistema publiko eta unibertsala jasotzea, Latinoamerikako gutxieneko soldata altuena ezarri izana, langabeziak 10 puntu behera egitea eta demokrazia parte hartzailearen ereduak jaso zuen bultzada 2006ko Kontseilu Komunalen Legearen bitartez. Dena ez da perfektua izan, jakina, eta zailtasunak eta akatsak ere egon dira, baina emaitza orokorra oso positiboa dela deritzot.

Oraingo honetan, Venezuelako Gobernu Bolivartarraren azken lorpenetako batez aritzea dut xede: Venezuelako Lanaren Lege Organiko berria. Izan ere, gobernu demokratiko batek onarturiko lege horrek, Europako gobernu neoliberalak, europarrok aukeratu ez dugun Troikaren agintepean, antidemokratikoki ezartzen ari diren neurriekin talka egiten du bete-betean. Horrek argi erakusten digu herrialde bateko gehiengo sozial langilearen aldeko neurriak har daitezkeela, Nazioarteko Moneta Funtsak, Banku Mundialak eta enparauek esaten dutenari kasurik egin gabe.

Ezer ez da kasualitatea lege horretan: ez bere izenburua (Ley Orgánica del Trabajo, las trabajadoras y los trabajadores —LOTTT—), ezta Hugo Chavez-ek maiatzaren 1ean izenpetu izana ere, ez eta azken emaitza lantoki, kontseilu komunal eta bestelako eremuetan jasotako 19.000 ekarpenen ondorio eta laburpena izatea ere.

Ezin dira lege horrek biltzen dituen neurri guztiak aipatu, baina esanguratsuenak agerian utzi nahi nituzke, 1. artikulutik hasita: «Lege honek lana egitate sozial moduan babestea du helburu, eta langileen eskubideak babestea […]». Era berean, hauxe esaten du: «Lana ekintza soziala da, eta funtsezko babesa jasotzen du Estatuaren helburuak lortzeko, herriaren behar moral eta intelektualak asetzeko eta aberastasunaren bidezko banaketa lortzeko» (18. art). Halaber, «lanaren prozesu sozialak esplotazio kapitalistaren forma ezberdinak gailentzea du oinarrizko helburu gisa» (25. art). Oinarrizko printzipio moduan «justizia soziala eta elkartasuna» azpimarratzen dira. Era berean, lanerako eskubidea onartzen du, eta bakoitzaren gaitasun eta ahalmenen arabera lan egiteko duen eskubidea azpimarratzen du, gaitasun mugaturen bat duten langileen eskubideak espreski onartuz.

Lege hori aurrerapen bat den edo ez aztertzeko beharrezkoa da bere aurrekoarekin alderatzea; adibidez, asteko lanaldia aurreko 44 orduetatik 40 ordutara jaisten da; gaueko lanaldia, berriz, 35 orduetan mantentzen dute 1999ko Konstituzioak dioen bezala. Beste aurrerapen batzu ere jasotzen ditu, hala nola haurren jaiotzagatiko baimena 26 astetara pasatzen da guztira, eta aitatasun baimena 14 egunekoa izanen da. Gainera, ezgaitasunen bat duen seme-alabak dituzten gurasoak ezingo dira euren lanpostutik mugitu.

Lege hori puntu askotan Nazioarteko Lan Erakundearen (NLE-OIT) gomendioak baino garantistagoa da, eta bere edukietan Europa bertako lan kodeak baino aurrerakoiagoa. Horrela, azpikontratak debekatzen dira (47. eta 48. art.), kaleratze bidegabeak direnean berauek bertan behera geratzen dira, eta enpresak langilea berronartu behar du (89. art.). Etxeko langileen eskubideak gainontzeko langileen eskubideen pare jartzen dira. Prestazio sozialekin zerikusia duten erreklamazioetarako 10 urteko preskripzio epea ezartzen da, eta 5 urtekoa soldatekin zerikusia dutenetarako.

Hizkuntza indigenak ofizialak bihurtzen ditu lan harremanetarako, eta enpresak hizkuntza horietan mintzo diren langileekin harremanak berauetan izan behar ditu. Argi dago, beraz, borondate politikoa izanez gero Estatu bateko gutxiengoen hizkuntzak lan munduan ere ofizialak izan daitezkeela.

Gainera, zenbait kasutan enpresaria atxilotzeko aukera ezartzen da: bidegabeki kaleratua izan den langile bat berronartzen ez badu, greba eskubidea bortxatzen badu, lan agintaritzaren aginduak betetzen ez baditu edota enpresa edo lantoki bat era ilegal eta bidegabean ixten badu (538. eta 539. art.).

Behin legea luparekin begiratuta, argi dago patronalaren, bankaren eta klase agintarien esanetara dauden (eta askotan beraien jabegoa diren) Estatu espainiarreko eta Europako komunikabide nagusienek zergatik ez duten lege honen inguruan informatu. Izan ere, hala egingo balute, onartu beharko lukete Chavezek sarritan herritarren gehiengoaren defentsan gobernatzen duela; Europar Batasuneko eta Espainiako Gobernu estatal eta autonomikoek, berriz, gutxiengo baten aginduak ezartzen dizkigute. Finean, argi dago posible dela bestelako lan politika eta politika sozialak egitea.

Urriaren 7ko hauteskundeetan, Chavezen garaipena bertako langile klasearen eta herritar klaseen garaipena izango da, mundu osoan milaka langile borrokalarik ospatuko duguna, dudarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.