'Vaya semanita' eta borroka identitarioa

Ander Iturriotz Lauzirika.
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Honez gero jakingo duzunez, bazegoen ETBren bigarren katean Vaya semanita zeritzon umore saio bat, kritika politiko zuzen eta orekatua eragiten zuena, euskal kulturak txantxa abegikor batez aurkezten zituena. Duela hilabete batzuk, inork uste gabe, aurkezlea eta aktore gehienak kenduta, bigarren saio bat iragarri zuten: Vaya semanita, cambio radical izena eman zioten. Aldaketa horretarako eskaini zuten argudioa audientzia indize apalena izan zen. Harrigarria, bere horretan, lege hori aplikatuz gero, askoz audientzia txikiagoak dituzten beste saio asko eta asko lehenago kendu beharko baitzituzten; agian, ETB bera itxi beharko lukete —telebista horren gainbehera politikoki kudeatu duen zuzendaritza pretorianoaren dimisioa eskatzeko duintasun gehiago ikusi beharko nuke, lotsagabe politikoek eduki ezin duten duintasuna, hain zuzen—.

Joan den asteartean, 15 minutu ikusi nituen. Aurkezlea aldatzeaz gain, ikuspegi politikoa ere zeharo aldatu zutela konturatu nintzen. Berehala ulertu nuen iragarritako cambio radical hori PSEren lelo zahar baten errepikapena besterik ez dela —hauteskunde kanpaina bat ere lelo horrekin abiatu zuten—: Ajuria Enera modu iruzurtian iritsi ostean, Euskal Herriaren mapa kamustu zuten, Espainiako bandera eta armada legebiltzarrera sartu zituzten, A eredua indartu zuten, gure bazter zoragarriak I need Spain leloarekin lotu zituzten, Ertzaintzari txapela kendu zioten, zezenketei berme juridikoa eskaini zieten, Vuelta a España ekarri zuten… eta, euskal nortasun ikurrak suntsitzeko estrategia horren barruan, urrats bat gehiago egin dute.

Topikoekin hasi ziren: euskaldun jatun ia antropofagoarena, batere ligatzen ez duen euskal gizon traumatizatuarena… Homosexual baserritar bat ere atera zuten, hain zuzen, euskal tradizio batekin—herri kirolekin, erromeria eta trikitiarekin, idi demekin…— lotua zegoen Txomin arlote arbuiagarri bat, Txomin lokalista aurremoderno patetiko bat, bere sexu bulkada —afektibitatea ez baitzaio suposatzen arlote horri— norekin ase aurkitzen ez duena, putazaleek, putakumeek osatzen duten ingurune soziologiko batean. Oso barregarria dena: masailetako mina jarri zitzaidan, odola lehertu zitzaidan sabelean.

Baina horrekin batera erabili ziren estereotipo batzuk arduratu ninduten, batez ere.

Lehendabizikoan, Goierriko neska ilegile bat aurkeztu zitzaigun, ezker abertzaleko emakumeen estetikan aditua. Emakumeei ematen zien aholku estetikoekin izaera oso bat tipifikatzen zen: panty eta arropa zarpailak darabiltza, ile orrazkera kaotikoa, pailazoaren antza duena…; emakume basatia da, galtzarbeetan bizar luzeak daramatza, genitaletan behera belaunetarainoko txima luzeak —Gara egunkaria orrazi moduan erabiliz txukuntzen dituenak…—, emakume zikina da, azal ilunekoa, kirastuna. Ez dira gauzak askorik aldatu Aymeric Picauden garaietatik. Espainian euskal emakume abertzalearen estereotipo hori garatzen espezializatu den Ussia izeneko bat gogoratu nuen. Ezkur gutxi jan dute aspaldian zerri hauek.

Txakur bat ere aurkeztu ziguten; ETAkoa zen txakurra, hain zuzen, ahoan, berriro ere, Gara egunkaria zeramana; txakur-txakurra, armak utzi eta gero Espainiako Erregeari zaunka egiten ziolako, batez ere. Plan ZEN guztiak gogoratu nituen: Hobbesek aholkatu bezala, zakurrei zakurtasuna ukatzeko lanean ari ziren, besteak beste, zakurrak ez direnek zakurtasuna aitor dezaten.

Hirugarrena, euskara ikasten saiatu zen gazte bat izan zen: hiru hitz hariltzeko gai ez zen arren, leku guztietan hitz bakan horiek erabiltzen saiatzen zen. Sinpatikoa zen. Baina bat-batean, euskararen bidez egindako neska-lagunaren ondoan agertu da, eta aitortu dio ez diola ezer ulertu azken hilabeteetan: neska-lagunak aurki ezkontzekoak direla gaineratu du mutilaren ezusterako, eta horrek ihes egin du, beste lore baten bila bezala, ezaxola pormodenoz, beste lore bat izorratzera bezala. Sinpatikoa. Sinpatikoa bezain maltzurra. Patxi Lopez gogoratu nuen: euskal herritarren poltsikoetatik ateratako diruaz ordaintzen zaizkion eskoletatik piper egitea ari ziren justifikatzen. Hezkuntza Sailean nagusitu den Bertendonako espirituaz gogoratu nintzen: euskal herritarren poltsiko zaurtuetatik ateratako diruaz, urtetan eta urtetan ordaindu zaizkien euskara ikasteko liberazioei batere emaitzarik ez ateratzea ari ziren zuritzen.

Donostiako alkateak ere merituak egin ditu, hilabete gutxi batzuetan: hauteskunde kanpainan egin duten bezala —EAJ ere hor ibili da, zakar—, uholdeei konponbidea eman ezinik jarri zuten.

Ezin izan nuen gehiago ikusi. 15 minutu nahikoa izan ziren. Egun hartan pilatu behar nuen amorru dosia gailendurik, aste osorako ere banuen. Umorea ozpindu zaie, eta biolentzia ari dira behin eta berriro deitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.