'Vanitas vanitatum et omnia vanitas'

2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Hutsaltasuna hutsaltasunean;
dena da hutsala.
(Ecclesiastes, 1-2)

Irakasleon etengabeko borroka izan da gure eginkizunaren (edo betebeharraren) garrantziari buruz azalpenetan aritzea: zentzugabea bezain nekagarria. Zertako ikasi behar duten gure ikasleek hau ala beste, gaur egungo munduan honek edo horrek zertarako balio duen, irakasleok ezer gutxi egiten dugula eta oso eroso bizi garela... eta mila arrazoi gehiago (duela urtebete, tentelkeria, barrabaskeria, pitokeria edo halako hitzen bat erabiliko nukeen, baina ez orain. Orain ulertu dut. Kostatu zait, baina ulertu dut. Barneratze lanetan nabil oraindik halere. Eta zaila egiten ari zait).

Baina egungo mundu utilitaristan ni ere erori naiz nihilismo pesimistan. Banentorren jada hiruzpalau urtez honen hausnarketan, neure buruarekin eta kideekin eztabaida sutsuan, barne inkoherentzien konfrontazio dialektikoan, nire gauzaeza barneratzen eta digeritzen saiatzen (kiloko txuletaren digestioa baino konplikatuagoa alajaina!). Eta iritsi naiz azkenean, min handiz, deseroso eta negarti: gure lana guztiz aldatu da eta gizartearentzat dugun balioa hasiera batean izan genuenaren oso bestelakoa da.

Hezkuntza sistemako aldaketak bikini operazioak dira: azkar egin beharrekoak, estetika hutsekoak eta onura baino kalte handiagoa dakartenak gehienetan; izan ere, lehengo gantza berreskuratzeaz gain (gehiago ez denean), larruazaleko ildo eta azal zintzilikarioz josita geratzen zaigu gorputza. LOMCEn txuleta-bola ahoan bueltaka izan banuen (eztarritik behera pasa ezinik), LOMLOEk bola arantzatsua esofagotik pasatzen lagundu dit, urik gabe baina bularrean pare bat kolpe emanda (pasa aurrera, aterako haiz edozein moduan atera beharreko bidetik! Errairik ez hautsi, otoi!).

Nihil novum sub sole, ordea. Eguzkipean ezer ez denez berria, irakasle izateak, agian, sentsazio hau dakar berekin (ofizioaren parte da, alegia), berezkoa du nahi eta ezinaren garraztasuna eta bihotzerrea. Laurogeiko hamarkadatik (ni jaio nintzenetik) zortzi Hezkuntza lege: LOECE, LODE, LOGSE, LOPEG, LOCE, LOE,LOMCE, LOMLOE. Eta denak lo-: loratu nahian, lorotzea helburu, lozorroan mantenduz, lolailo, low cost, lotsagarri.

Gizarte batean hezkuntzaren helburua gizabanakoa heztea da, hau da, gizatalde horretako kodeak ulertarazi eta bertan bizitzeko erremintak ematea. Gizartea sofistikatuagoa den heinean, hezkuntzak ere hala beharko luke eta hori izan beharko litzateke eskolaren oinarrizko betebeharra. Baina gizartean bistaratzen diren hainbat egoera eta arazori aurre egiteko ere bada eskola; horretarako erabili izan da, behinik behin.

Gizarteko arazoak geroz eta handiagoak dira tamalez, konplikatuagoak, askotarikoak, eta eskolari egotzi izan zaio hauek bideratzeko ardura (konpontzearen miraria ere eskatu izan zaio askotan): gizarte arrakala leuntzea, euskararen irakaskuntza, zabalkuntza eta normalkuntza, haurren heziketa integrala, nerabeen sexu heziketa, aniztasunaren trataera eta ez dakit zenbat gauza gehiago, geroz eta medio gutxiagorekin, geroz eta langileria nazkatuago eta nekatuago batekin (bai, guk ere behar dugu motibazioa, ez dugu zirku handi honetako pailazo bakarrak izan nahi).

Meritokrazian sinesten ez duen heretikoa naizen arren (egunkaria ireki besterik ez dago), influencer eta youtuber munduan, eskola haur-nerabe-gazte aparkaleku baten antza hartzen ari dela ikusteak oraindik barrunbeak mugiarazten dizkit (heresian hasi berria dirudit nonbait).

Memento mori. Hilko naiz, ez dut ahanzten. Ez dut nire balentriak idatziko dituen poetarik nahi. Baina gizaki naizen aldetik, gogorra da egindakoaren hutsaltasunaz jabetzea, hauts izan eta izango naizen arren. Gerturatzen dator hauts-zurrunbiloa. Ikusten ditut zaldien belarri gorri, beltz, zuri eta horixkak. Badatoz trostan lau zaldunak. Aspaldian ohartarazi gintuen literaturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.