Vaiven Teatro-k Sherezade eta tipularen azalak gure antzezlanaren harira aktoreek jaurtitako akusazio larriak direla eta, zera adierazi nahi dugu:
• Estreinaldia baino urte bete lehenago Ana Pimentak, Vaivengo zuzendariak, jatorrizko ideia proposatu eta lanaren nondik norakoak zehaztu zituen zuzendariarekin. Vaivenek bilatu zituen finantzaketak, produkzioa diseinatu, eta 20 bat emanaldiko bira lortu zuen, eta kostu errealaren %50eko finantzaketa.
• Entsegu prozesua sakona izan zen, ikuskizunaren ezaugarriak eta eszena zuzendariaren lanerako modu berezia zirela eta. Horren berri denok izan genuen, eta ikasketarako aukera eder gisa jaso zen. Entseguen ordainketak EAB (Euskal Aktoreen Batasuna) eta Eskena-koak (Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkartea) diren konpainien artean indarrean dauden lan akordioei lotutakoak izan ziren beti, eta, gainera, emanaldien nominak adostutako kopuruaz gaindi izan ziren. Hala ere, aktoreek eskatuta, hitzartutako baldintzak berrikusi ziren, eta birako emanaldi batzuen nomina igo.
• Ikuskizunak ez zuen espero genuen harrera izan, eta bira 2018ko abuztuan amaitu zuen, konpainiak eginahalak eginda ere.
• Vaiven konpainiak 17 ikuskizun ekoitzi ditu euskaraz 22 urte hauetan. Kasu batzuetan, lanak euskaraz sortzen dira, eta gaztelerako bertsioa jartzen da zutik; beste batzuetan, alderantziz da, logikoki, egilearen jatorrizko hizkuntza kontuan izaten baita. Konpainiek ondotxo dakigu horrek eskatzen duen ahalegina, ekonomikoki zein aktore taldeen aldetik.
• Normalki 30-40 entsegu inguru egiten dira jatorrizko hizkuntzan, eta 10-15 bat entsegu inguru hizkuntza itzulitakorako. Funtzio horrek jasotako tratamendua Vaivenen gainontzeko lan guztiek jaso duten berbera izan da, eta konpainia gehienek ematen duguna, ezbairik gabe, egikera onena izango duen antzerkiaren aldeko apustua egiten baitugu, euskaraz zein gazteleraz.
• Berria jasotakoan obra irekitzea proposatu genuen, Donostia Antzerki Saria jasotzeko egunekoa, alegia. Negoziazio bat hasi genuen entseguen ordainketarako, bidaia gastuak eta cachet artistikoa adosteko, baina guztiz ezinezkoa izan zen; izan ere, eskatu zitzaiguna, aipatutakoez gain eta baldintza ukaezin gisa, sari ekonomikoaren erdia izan zen, alegia, 6.000 euro. Puntu guztiak onartu zituen Vaivenek, azkeneko baldintza hori izan ezik, logikoki, eta negoziazioak bertan behera gelditu ziren, tamalez.
• Sari honen oinarriek diote ikuskizunaren produktorari ematen zaiola saria, eta baita dakarren konpromiso inplizituari ere, sari ekonomiko osoa jasotzeko Donostian euskarazko lan berri bat taularatzea. Lantaldean 15 lagunetik gora aritu ziren lanean: eurena denena da meritua, eta konpainiaren ardura da sari ekonomikoaren kudeaketa egokia egitea. Geurea hain merkatu zaila izaki, sari hauek sortutako defizita arintzeko laguntza izaten dira neurri batean, kasu honetan bezala.
• Konpainia honek, antzezlanak ekoizteko dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten guztiek bezala, izandako gastuak zehatz-mehatz fiskalizatzen dituen eguneratze eta ikuskapen kontrol sakonak izaten ditu. Ikuskizun honi dagokion dokumentazioa ez da salbuespena izan.
• Vaivenek urteak daramatza hainbat forotan lanean, geure ahalegin eta ideiak plazaratzen, artistaren lanbideak garatzeko dituen baldintza nekezak ikusarazteko. Sortzaileak gara, eta sektore artistikoko langileak, eszenatokiko langileak.
• Bidegabeak eta difamaziozkoak dira jaso ditugun salaketak, errespetuz bizi ditugun gai minberak direlako eta guk konpromiso hau hutsik gabe bete dugulako: langile guztien lan baldintzak, eta kulturarekin dugun konpromisoa, orokorrean, eta euskararekin duguna, zehazki.
Vaiven teatroren erantzuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu