Jada 43 urte, 1978ko sanferminetan poliziak eraso bereizi gabea gauzatu zuenetik. Denbora luze honetan, gobernu zentralak ez du inoiz gertaera haietan izandako erantzukizuna bere gain hartzeko adierazpenik egin. Orobat, ez die barkamena eskatu gertaera haietako biktimei. Ez hori bakarrik. Horretaz gainera, jardun arau izan du frogak ezkutatzea eta edozein ikerketa judizial edo partikularri zangotrabak paratzea. Oraindik indarrean den Sekretu Ofizialen 1968ko lege frankista batek bere egintzak bedeinkaturik, artxibo polizial eta militarrek blindaturik segitzen dute gertaera haien zergatia bilatu nahi duen edozein ekimenentzat.
Eremu judizialean, emandako ebazpenak trufa hutsak izan ziren. Polizia Iruñeko zezen plazan modu basatian sartzea justifikatu zuen epaitegiak «3. harmailetan hasiak omen ziren ustezko istiluetan» oinarriturik (pertsona batzuen arteko liskarra, bukatzear zegoena). Germanen erailketari dagokionez, bertsio ofiziala, hots, momentu eta toki hartan indar polizialik ez zegoela zioena, bedeinkatu zuten. Bi tokietatik ezeinetan su armekin tiro egiteko agindurik ez zela izan baieztatu zuten epaileek. Laburbilduta, egia ofizialki desagerrarazi dute, justizia iseka izan da, eta ordain izpirik ez da izan. Aitzitik, gure ekitaldietan, batzuetan, isunak, atxiloketak eta ikerketa polizialak gertatu dira.
Horregatik uste dugu garrantzizko arrazoiak daudela gertaera haiek oroitarazteko mota guztietako ekimenak bultzatzen jarraitzeko. Ez da bakarrik haien larritasunagatik (bi hildako, balaz zauritutako hamaika pertsona, ehunka lagun ospitaleetan artatuak, hiri bat suntsitua), baizik eta, orduz geroztik iragandako 43 urteotan, erakunde zentralek erakutsi duten konplizitate aktibo eta pasiboagatik ere. Ezinbestekoa da hau behin betiko bukatzea. Honenbesteko inpunitatea erabat bidegabea da.
Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Bakearen eta Bizikidetzaren zuzendari nagusiak, Foru Parlamentuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Batzordean, joan den ekainaren 9an egindako agerraldian, besteak beste, doktrina ezarri zuen «iragana berreskuratzearen» eta «iragana baliatzearen» artean bereiziz. Jarraian, modu aski manikeoan, gehitu zuen iraganaren erabiltze «txarra» edo «ona» izan daitekeela. Ondoren «iragandako minaren gehiegizko oroitzapenetik askatzerik lortzen ez duten talde antolatuak edo ez horren antolatuak» aipatu zituen. Ez zuen adibiderik paratu, ezta pista gehiagorik eskaini ere. «Hortxe uzten dut» erran nahi zuela irudi zuen.
Sanfermines 78: gogoan! elkartean uste dugu iraganaren erabilerarik txarrena,zitalena dela hura isilarazi, ezkutatu eta ukatzen duena. 1977an, Amnistiari buruzko Legea onetsi zenean, sostengatu zuten taldeek, aho batez, iragana ahazteko eta etorkizunari begira ezabatzeko beharra defendatu zuten amorratuki. Horregatik, modu manikeoan iraganaren erabilera txarrez eta onez mintzatu baino hobeki zatekeen zuzendari nagusiak aipatu izan balu frankismoaren krimenen gainean orduan paratu ziren lauza astunak altxatzeko oraindik gelditzen den lan itzela.
Nafarroan, urtero, toki anitzetan egiten dira memoriaren inguruko ekitaldiak: Sartaguda, Larraga, Elo, Otxoportillo, Erriberri, Lodosa, Orbaitzeta, Mendavia, Buñuel, Igari, Gaztelu, Montejurra, Iruñea... Haien edukiak askotarikoak izaten dira, baina, guztietan, bertan gauzatutako krimenen salaketa biktimekiko elkartasun, oroitzapen eta maitasunarekin nahasten da. Haietan inoiz ez dugu sumatu zuzendari nagusiak aipatu zuen iragandako minaren gehiegizko oroitzapen horren inolako zantzurik.
Aurten, uztailaren 8rako, Germanen hilarri ondoan deituriko ekitaldiak esanahi berezia du guretako. Sanfermines 78: gogoan! elkartearekin batera, Nafarroako memoria historikoko elkarte eta taldeek ere deia egin dute ekitaldian parte hartzera. Bertan, denon artean, pankarta bat eramanen dugu, beti errepikatzen duguna adierazita: German, Joseba: gogoan zaituztegu!
Baterako deia ez da funsgabea. Azken hilabeteotan, Nafarroako 30 elkarte memorialista, sozial eta sindikal elkarrekin aritu gara lanean Memoria eta Justizia:hemen eta orain! kanpainan. Haren helburua da gobernuak onetsitako Memoria Demokratikoari buruzko Legearen aurreproiektuak agerian uzten dituen hutsuneak nabarmentzea. Agirian aipatzen den bezala, «zenbait alderditan aurrerapauso garrantzizkoa ekarri badu ere, diktadura frankistan eta trantsizioan, gizateriaren aurka gauzaturiko krimenen ikerketa eta auzipetzea ukatzeko Estatu botereek argudiatu dituzten oztopo nagusiak irauli gabe eta haiei heldu gabe jarraitzen du». Hori dela eta, guzien artean gauza anitz ditugulako, elkarrekin egonen gara uztailaren 8an, gure eskuak eta ahotsak batuz.
Inork ez du guk baino gogo handiagorik oroitzapen ekitaldi hauek buka daitezen, edo, helburuak erdietsita, bestelako esanahia izan dezaten. Gustatuko litzaiguke testu-liburuek gertatu zena eta zergatik gertatu zen biltzea; sanferminetako historiak entzierroetako tapoi eta hildakoez hitz egiteaz gain, 1978ko gertaeretan jazotakoez ere mintzatzea; krimen haren erantzuleak aulkian eseri eta publikoki epaituak izatea; gobernu zentrala Iruñeko eta Nafarroako populaziori zuzentzea haren erantzukizuna aitortuz eta gertatutakoarengatik barkamena eskatuz... Hori gertatzen ez den bitartean, urtero, uztailaren 8an, Germanen hilarri ondoan biltzen jarraituko dugu, egia, justizia eta ordaina galdatzeko.
Uztailak 8, hitzordua Germanen hilarri ondoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu