Uztailak 8: hitzak eta soinuak inpunitatearen aurka

Amaia Kowasch Velasco, Miren Egaña Descarga, Josu Chueca Intxusta eta Ramon Contreras Lopez
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Heldu den uztailaren 8a omenaldi eguna izanen da, hain zuzen ere, berrogeita bortz urteotan zehar haien ekarpen artistikoekin (musikalak, literarioak, piktorikoak...) lagundu duten pertsonen gorazarre eguna, 1978ko sanferminetan poliziak gauzatutako erasoarengatik egia, justizia eta ordain eskakizunak jendarte nafarraren zati handi baten kontzientzia kolektiboaren parte izan daitezen.

Adierazpen artistiko guztiek bilatzen dituzte, kontzienteki edo ez, askotariko helburu sozialak, hezigarriak, politikoak... erdiestea, eta horrek ideiak adierazteko eta zabaltzeko garrantzizko baliabide bihurtzen ditu. Eta handia izan da, zalantzarik gabe, gertaera haiei dagokienez, lehen momentutik, musikatik, dantzatik, arte plastikoetatik, literaturatik, bertsolaritzatik... egindako ekarpen guztiek izan duten garrantzia.

Adibidez, Germanen eta Josebaren erailketez, Iruñeko zezen plazako eta karriketako karga eta tiro polizialen basakeriaz aritzen diren abestiak kantatzen ditugunean, jarduera mobilizagarria eta jardun borrokalaria ari gara egiten, zinez hunkiberatasunean oinarritua, bai, baina, aldi berean, iraganeko herentzia bizia ari gara babesten, belaunaldi berriek gaurkotu eta bere egin dezaten.

Adierazpen artistiko horiek guztiek lagundu digute, urteotan zehar, erasoa izan den eta ordainik inoiz hartu ez duen herri baten aldarrikapenen zuzia piztuta mantentzen. Eta, batez ere, egiaren eta justiziaren eta ordainaren eskakizunak transmititzen gertaera haiek bizi izan ez zituztenei.

Zeren eta, arte hori eta adierazpen askotarikoak ari baitira islatzen giza kolektiboetan dagoen aktibo borrokalari eta mutiria. Irauteko dugun beharretik ez, baizik eta izaki gisa sendotzeko dugun beharretik eratorri den jardun artistikoa.

Berrogeita bortz urteko burugogorkeria soziala, Iruñeko eta, hortaz, Nafarroako herriaren kontra gauzaturiko eraso basati eta aurretik pentsaturikoa itxi nahi dutenen inpunitatea hausteko. Bertan, kantariak, txarangak, txistulariak, literatura eta musika sortzaileak, bertsolariak, abesbatzak, dantzariak, artista plastikoak, musika bandak... izan dira lehen momentutik, eta barrikadan jarraitzen dute gaur egun, jasandako erasoa salatzen eta egiaren, justiziaren eta ordainaren eskakizunak sartzen haien emankizun, errepertorio eta mota guztietako sortze lanetan.

Horregatik guztiagatik, heldu den uztailaren 8an, pertsona eta kolektibo horiek guztiak protagonista izanen ditugu German oroitarazteko hilarriaren ondoan egingo dugun ekitaldian. Uztailaren 8an, 13:00etan, inpunitatearen aurkako artearekin dugu hitzordua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.