Utikan?

Joxe Auxtin Arrieta
2011ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Umiliagarria da nork bere burua hautagaitzat aurkeztu beharra. Gutiziaren baten eskean,gurasoei «hori nahi dut»-ka kasketa harrapatzen duen umearen modura. Errespetu-falta nabarmena iruditzen zait Administrazio autonomikoak exijitzen diguna, bai argitaletxeei: obrak gomendatzea,bai idazle-itzultzaileoi: agiribat sinatzea, gure baimena emanez Jaurlaritzako Kultura Sailari «kandidaturaridagozkion datuak zabaltzeko» (sic), alegia, propagandarako. Lotsagarria. Sari bat ez baitu norberak eskatu behar;eman egiten zaio. Sarietan, jadanik publiko diren liburuak baitira aztergai eta hautagai.Ez idazlan argitaragabeak,edo idazlan-proiektuak. Hor dago gure lan hori, kalean:epai dezatela, kritika dezatela, eta sarizta dezatela, nahi badute.

Alferrik nabil, ordea, deitoreka. Baldintzak, direnak dira. Zer egin? Hori da printzipalena. Zer egin? Ba, aurkeztu, hala ere. Horra nik neuk behintzat erabaki dudana, arazoari buruan hamaika mila buelta eman ondoren. Bukatu da apartheid-a. Utikan ez, goazen. Baztertu nahi bagaituzte, bazter gaitzatela. Baina guk geuk geure burua ez, aldez aurretik. Ez diezazkiegun lanak erraztu. Joka dezagun.

Duela lau urte «Utikan Euskadi Sariak» agiri hura sinatu zutenetarikoa naiz. Eta ez nago damututa. Arretaz berrirakurri ditut Jon Alonsoren orduko artikulua eta ondorengomanifestu kolektiboa. Larriak, inon larririk bada, han salatzen zirenak: hautaketa —eta azterketa— sistema osoaren zabarkeria sinestezina batik bat, eta, gainera, bezerokeria—eta adiskidekeria— zantzu guztiz susmagarri haiek. Beharrezkoa zen halakoak salatzea, eta da. Baina, agian, urrunegi joan ginen: baraja hautsi genuen, geure teilatuari ere harrika eginez, nik uste. Asaldatu al dira batere urte hauetan? Politika orokorrean bezalatsu, kontzientzi karguak erasan al die inoiz, den mendrenik ere, boterearen usainean dabiltzanei? Gu kanpoan geundela-eta, arazoa konpontzeko zirkinik ñimiñoena egin al dute? Ez. Nik dakidala, ez. Bost axola zitzaien, eta bost axola zaie. Eroso daude gu gabe, azken batean. Ba, bukatu zaie erosotasuna. Goazen. Hor ere egon behar dugu. Badakit kultura ez dela sorkari zerutiarra, Zeusen bekokitik zuzenean jalgitako Pallas Atenearen gisakoa-edo, Koldo Mitxelenak hain gogoko zuen metaforaz esanda. Politikaren zergaduru gara bizitzaren alor guztietan, kulturan ere bai. Bada, hain zuzen ere horrexegatik. Kulturazko azpi-egituratan dihardugu lanean euskal idazle eta itzultzaileok, Euskal Herri osoarentzat, eta Administrazioak —zeinahi delarik ere gobernuan dagoen alderdia— obligazioa du, denongandik jasotako zerga-diruen pentzura, gure ekarpena sere aintzakotzat hartu eta sustatzeko.

Hor dago gure lana. Eta duple politak ditugu. Eskutik ez bagaude ere. Hor dago, beraz.

P.D.- Lakuako motoris-tarentzako oharra: UGARTETXEA dut bigarren abizena. Badaezpada ere diot...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.