Pedro Casas Alvarez.

Ustelkeriaren bidez, harri batez bi txori hiltzen ditu eskuinak

2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Begien bistakoa da «txori» horietako bat: aldian aldiko kudeatzaileek (zentralak, autonomikoak edo tokian tokikoak izan) sustatu egiten dute enpresa kudeatzaileek putz ditzaten egiten dituzten lanei dagozkien fakturak, aldez aurretik eta legea saihesturik emanak dizkieten horiexenak. Gainkostu hori guztiok (tira, batzuek besteek baino gehiago) ordaintzen ditugun aurrekontuetatik eratorria da, eta, gehien-gehienetan, dena delako alderdi politikoaren kutxara joan ohi da, eta horietako billete batzuk (zenbaitetan, denak) bidean galtzen dira. Kataluniako Parlamentuan duela zenbait urte onartu zuten «koska» hori; garai hartan, %3 izan zen. Horrela, «eraman handiko» kudeatzaile horien irabazi banakakoaz gain, hainbat funts biltzen ditu alderdiak, besteak beste, hauteskunde kanpainak finantzatzeko, eta desberdintasunean aritzeraino gainerako lehiakideekiko borrokan. Kontuaren berri jakiten baldin bada, gehienera jota, erantzuleetakoren bat auzipetzen dute, eta gero indultua ematen diote eskuzabalki. Kontuan zerikusirik duen alderdiak, berriz, ez du sekula dirua itzultzen, ez eta hauteskundeetako kartel eta iragarki iruzurrezko horien bidez lortutako aulkiak ere.

Diru horretaz gainera, mozkin bat lortzen du eskuinak hauteskundeetan eta politikan, bestelako plantarik eginagatik ere. Azaltzen ahaleginduko naiz. Baina aurrera egin aurretik, argitu nahi dut batik bat gure herrialdean gertatzen denaz arituko naizela, edo oraindik ere demokraziarekin erabat hautsi ez duten herrialdeetan gertatzen denaz.

Adierazirik ustelkeriaren bidez eskuinak are botere handiagoa eskuratzen duela politikan eta hauteskundeetan, egiaztatu baino ez dut egiten azkeneko hauteskunde prozesuetan gertatu dena; batik bat, tokian tokikoetan, ustelkeriaz akusaturiko hautagai auzipetu guztiak (edo ia guztiak) aurkeztu baitira hauteskundeetara, eta berretsi egin baitute lehendik ere bazeukaten hauteskunde babesa. Nola liteke halakorik?

Gure herrialdeko politikaren eta hauteskundeen historiak jauntxokeriazko eta bezerokeriazko lasta ezinago astuna darama herrestan, eta horrek ekarri du ustelkeria eta mesede «itzalpekoak» osagai bereizezinak izatea politika eta hauteskundeak kudeatzerakoan; batik bat, eskuinekoen artean, horiexek gobernatu izan baikaituzte benetan azken mende honetan, errepublikanoen etenaldiko urte bakanetan izan ezik.

Boterea kudeatzeko jarduera da politika; jardunean erabili badarabilenari aginte makila emateko ekitaldia dira, berriz, hauteskunde prozesuak. Horregatik, boterea zenbat eta erakuskeria handiagoz agertu, orduan eta zailago kenduko zaio hura inori, eta, hala, hautesleek jarrerarik kontserbadoreena eta erosoena hautatzen dute (luze gabe), gauzak dauden-daudenean gera daitezen eta «istilurik izan ez dadin».

Bestela esanik, ustelkeria, alderdien finantzabide legez kontrakoaren sorburu eta kudeatzaileen aberasbide ez ezik, erakuskeria eta agintekeria zantzu bat ere bada. Eta herritarrek erosotasuna nahiago baldin badute errebelde izatearen aldean, azkenean jendetza handientzako hedabide handietara lerratzen dira (ustelkeriak jotako horien beren eskuetan izaki), horietan jainkotu egiten baitituzte boteretsuen bizimodu arranditsuak, esamesen prentsa deritzen aldizkari eta programetan agerraraziz. Julian Muñozek eta Pantojak, esate baterako, gorroto eta inbidia arteko sentipen nahasi halako bat sor dezakete, eta, harrapatu dituztenean, antzerkiko drama bateko protagonista bihurtu dira, errukia ere sorrarazteraino. (Gogora ekarri besterik ez dago Flores, zeinak bere zerga iruzurrak ordaintzeko eskatu baitzien lotsagabe-lotsagabe espainiarrei).

Baina ustelkeriak hala handitzen du eskuina nola desegiten ezker eraldatzailea, legezkotasuna kentzen baitio haren diskurtsoari flotazio marran bertan, haren hauteskunde oinarria nora ezean eta moralik gabe uzteraino eta «denak berdinak dira» delakoaren ezkortasunean erorarazteraino. Eta ezkortasun halakoan badakizu nor den garaile, beti garaile izan dena. Horregatik, eskuinak interes handia du ustelkeria izan dadin, bera handitzeko eta arerioa ahularazteko.

Berriro diot, bereizi beharra dago, batetik, ezker benetakoa, eraldatzeko eta langileen alde gobernatzeko asmoz dabilena, eta, bestetik, ezker konbentzionala, praktikan eskuineko politika egiten duena, eta enpresa eta bankuen alde jarduten, eta behe mailakoak zergaz zamatzen dituena, eta zerbitzu publikoak murrizten eta pribatu bihurtzen. Ezker faltsu horri ere egiten dio kalte ustelkeriak, baina gutxiago, politika eta ekonomia benetan kontrolatzen duten boteretsuek barkatu egiten baitizkiote zorrak, eta ez ikusiarena egiten baitute beren alde gobernatzen baldin badu. Gaur egungo monarkia parlamentarioaren 35 urteko alderdi bitasuna da, hain zuzen, azaltzen ari naizenaren erakusgarri bikaina.

Baldin eta ez bagara gai sakoneko iraultza demokratiko bat egiteko (halakoxea izan zen II. Errepublika, baina zapaldu egin zuten hil eta erio), beldur naiz aurrerantzean ere ez ote ditugun etengabe jasan beharko ustelkeria kasuak, horien bidez finantzatzen baitituzte alderdiak eta beren botere ahaltsua erakuskeriaz agertzen baitute zeharo kontrolpean dituzten instituzio guztietan, publiko zein pribatuetan. Ustelkeriari eskerrak, bi aldiz etekin handiagoa lortzen du eskuinak.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.