Urteroko zita: euskara bai aldarri

Aitziber Sarasola eta Bakartxo Ruiz
2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Igande honetan Zizur Txikian zita eskaini digu San Fermin Ikastolak Nafarroa Oinez ospatuko dela eta. Milaka euskaltzale elkartuko gara festa horretan, urtero moduan, eta ozen aldarrikatuko dugu euskaraz bizi nahi dugula; azkenean, euskaraz bizi nahi duen herria dela geurea, eta horretara hainbeste ahalegin egin dutenek bere horretan segituko dutela aurrerantzean ere.

Garai hauetan, ordea, ados eginen gara denak, ekonomiak eta krisi malapartatu honek zentralitatea kendu diotela nafar askoren kezka diren gaiei. Bereziki euskarari buruz mintza gaitezke. Izan ere, krisiaren aitzakiapean itzal gozoa topatu baitute euskara maite ez dutenek enbarazu zaizkion gaiak ezkutarazteko. Krisiaren aitzakiapean, gainera, gai ezkutukoa izateaz gainera, aurrekontuetan aparteko moduan eraso egin zaio.

Aspaldi entzun genion euskaraz bizi nahi duen nafar bati euskarak txokotik zabalera behar zuela jauzia egin, eta horretarako, beharrezko neurri asko ematea dagokiola administrazioari, baita herritarren nahia eta borondateari ere. Baina egun txokoan mantendu nahi du hainbatek euskara, Unamunok nahi izan zuen moduan, sukalde bazterrean, etxeko suaren epelean. Euskara. Azpiratua eta zokoratua; kalean, plazan, bai baitira beharrezkoagoak diren hizkuntzak, ingelesa kasurako; hori bai, sustatu, maitatu eta zaindu beharrekoa egungo agintarien begietara.

Bistakoa da, gainera, krisiaren aitzakiapean lortu nahi dena dela egurra ematea beti egurra eman nahi izan zaion horri. Euskararen politikek, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak hitz asko ezagutu ditu, kontra askotan, alde gutxitan, baina ezagutu ez dituenak, sekula-inoiz, baliabideak izan dira. Euskalgintzak aspaldi ezagutua du krisia. Krisi ekonomikoan bizi izan dira beti Ikastolak, sorreran denak eta hegoaldekoak, egun, oraindik ere bai. Helduen Euskalduntze Alfabetatzeak, beti krisian, sekula beharrezko onarpen ekonomikorik gabe. Krisian euskarazko kultur jarduera, diru-laguntza gabetua, proiektuak aurrera ateratzeko nahiko lanarekin; euskaraz aritzen diren komunikabideak, krisi etengabekoan, orain EREan ziurrenera, lege sastar baten ezarpenak behartzen duen exodo linguistikoa, poltsikoa beti berberek husten dutelarik, etengabeko krisian, eta abar, eta abar, eta abar.

Honi gehitu beharra diogu Euskarabidearen bluf-a. Euskarabidea sortu ziguten, zeharkakoa omen, helburuz josia omen… baina, egun, errealitatea da administrazioak bere ohiko utzikeriari eusten diola, eta krisi garai hauetan areagotu egiten duela, gainera.

Geu kezkatuak gaude, oso kezkatuak gainera, eta espero, euskalgintzak ere kezka bera izanen duela. Kezkatuak euskara interes biziz atera delako eztabaida mediatikotik, politikotik. Gatazka linguistikoak bere horretan jarraitzen du, eta ezgaitasuna da nagusi eztabaida, auzi hau ur gainera ateratzeko. Auzi hau ur gainera atera, hizkuntza eskubideen defentsa eginez bururaino, lurralde osoan, eremu euskaldun eta ez euskaldunen gainetik, lehentasunez. Ekin behar zaio euskaldunon hizkuntz eskubideen urraketaren amaierari, nola gauzatu eta ze modutan hausnartu beharra dugu; bakoitza dagoen lekutik, ari den tokitik, ezinbestean denon indarrak norabide berean jartzea beharrezkoa baita noizbait helburua erdietsi nahi baldin badugu.

Nafarroan eskuin espainiarzalea eta sasi-ezker espainiarzalea beti jarri izan dira ados euskara baztertzeko. Euskara plazatik desagerrarazi eta zokora eramateko. Herraz, suminez bete izan dute beren gurutzada. Orain ere egoera bera dugu, nahiz eta inoiz ez bezala, edota azken 30 urteetan ez bezala, ezker espainiarzalea gobernuari babesik eman gabe ari den. Euskaraz bizi nahi dugunok, euskara bizi dadin nahi dugunok derrigorrezko betebeharra dugu.

Baina, oinarri-onarrian dago ezberdintasunekin bukatzea, Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea eta beharrezko gutxieneko legalak alde izatea lehentasunez heldu beharreko gaia da. Hizkuntza politika berri bat behar dugu, hizkuntza gutxitua duen euskara lehenetsiko duena, normalizazio linguistikoa lortzeko neurriak ezarriko dituena. Jakitun gara bidea eginez egiten dela, baina bidea egiten jarraitu egin beharko dugu, elkarrekin, egungo bazterkeria egoerari amaiera eman nahi badiogu behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.