Militante internazionalista

Urtebete palestinarrei Aietekeriak irakasten

Lur Atxesburu
2024ko urriaren 25a
05:00
Entzun

Urriaren 21ean mobilizazioak antolatu zituen Gernika Palestina izena hartu duen sareak, Palestinak pairatzen duen genozidioa salatu eta bakearen alde egiteko; eta nekez jar gaitezke bi kausa horien kontra. Elkartasunak palestinarren alde lerratzera garamatza, eta gizatasunak bakearen alde kokatzera. Nola ez dugu errekonozituko hamarnaka boluntariok sare honetan (eta, batez ere, honetatik eratorritako taldeetan) egindako lana.

Baziren, ordea, zeharkako hainbat informazio deialdi horretan, bestelako interesen inguruan kokatu ditzakegunak. Hain zuzen, Aieten egindako deialdi horrek, 2023ko urriaren 21eko manifestazioa oroitzeko helburua zuen, eta baita Espainiako Gobernuari arma enbargoa eskatzekoa ere.

Goazen orain, datara. Iazko urriaren 21ean Euskal Herrian Palestinaren alde egindako manifestazio jendetsuenetakoa egin zen, eta ez zen gutxiagorako, egoeraren gordintasunaz jakitun. Hala, lehengo urtean bizitakoa oroitzea ez dago sobran. Manifestazioaren deitzailetzat harturiko batzuek azaldu zutenez, deialdiaren edukiarekin eta hura publiko egiteko datarekin engainatuak izan ziren. Hain zuzen, Palestinarekin elkartasun mugimendua azken hamarkadan dinamizatu duten eragileek (BDZ) manifestazio nazional zabal bat egin nahi zutela jakinda, eta beste hamaika eragileren artean berau antolatzeko gonbidapena mahai gainean zutela, erabaki zuten batzuek Gernika Palestina sortzea. Aurreikusia baino bi egun lehenago publiko egin zuten, lobbykeriaz.

Bestela esanda, herritar haserrea katalizatzeko tresna sortu zuten, haserre hau desbideratu eta epeltzeko. Inongo konpromisorik gabeko diskurtsoa (boikot hitza bera ekidin eta genozidioa zenik ukatzen zuena) gailendu zedin, herri mugimenduen gainetik pasa eta beren lider politikoen argazkiak bermatzea izan zuten helburu. Bide batez, palestinarren genozidioa euskaldunoz hitz egiteko probestea.

Gernikaren herria garela azpimarratzea, apartheidaren trena eraikitzen duen CAFen herria ez bagina bezala. Solidario bezain perfektu azaltzea.

Datak, hala, lekura garamatza. Duela urtebete Gernika azpimarratzetik, Aiete azpimarratzera. Hemen egindako baketze bidea munduan esportatzera. Erretzaileek diotenez, erretzaile ohiak baino gogaikarriagorik ez dago, eta ezker abertzaleak munduan zehar zabaldu nahi du lezioa. Politikari demokrata serioak izateko beren espedienteak garbitu nahi dituzte. Noizbait errespetatu baditu, orain ez ditu errespetatzen beste herrien bideak. Iragarkiak dioen bezala, hemen egoari bake esaten diogu.

Zer da, bada, bakea? Gernika-Palestinak sustatuta, alderdi politiko eta sindikatuek diote bakea nazio batuek dakartela. 2023ko urriaren 6ra itzultzea ei da helburua, palestinar genozidioa poliki zihoan garaira, Abrahamen akordioekin Israelgo estatua zilegitzen zen sasoira, Palestinaren heriotza motelera. Bi estatu, bakean, bata bestearen botapean, eta negozioak (Sener, CAF, SPRI, Ertzaintza...) arazorik gabe loratzen.

Eta aldarrikapenetara joanda... «aurrerapausoa» alderdi hauek gobernuari arma-bahimendua eskatzea omen da. Tontoak ez garenez, konturatu gara Espainiako Gobernua eta inbestidura-blokearen Hego Euskal Herriko indar guztiak daudela eskakizun honetan. Baina zeure buruari egindako eskakizunak sinatu eta ez burutzea... ez al da hipokrisia?

Sindikatuen kasuan, antzeko. Errazagoa da kontzientzia garrasika estaltzea, afiliatuekin batera gure lan zentroetan sionismoak metatzen duen indarra arakatzea baino. Hobe da liberatuen mobilizazioak iragartzea, enpresetan (kontzientziaz, ikerketaz, lanuzte, intsumisio edo ekintzaz) jardutea baino.

Halako asmoak zilegi dira, noski. Hala ere, askok harriduraz begiratzen diogu duela hamabost urte Boikot, Desinbertsio eta Zigorren alde lerratu ziren alderdi politiko eta sindikatuei, genozidioaren gogorrenean hauei uko egin eta muturreko epelkerian erortzen direlako.

Asko gertatu da urtebetean, eta gutxiegi egin dugu. Gure okerrekin, beste hamarnaka herritarrek ere palestinarren alde kolonialismo, arrazakeria eta inperialismoaren aurka, antolatzen jarraitzen dugu. Estrategiak adosten saiatzen gara, baliabide gutxi eta muga askorekin konplizitateei aurre egiten diegu, tarteka garaipen txikiak lortzen ditugu. Eta bide honetan, tripako minak, lagun arteko xextrak eta denbora galtzeak badakartza ere, aurpegi garbiketak ere salatuko ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.