Urteak eskola-segregazioa salatzen

Maite Huarte eta José Manuel Martinez
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Bost urte bete dira Gasteizko Eskola Publikoaren aldeko Plataformak lehen prentsaurrekoa eman zuenetik gure hiriko ikastetxe publiko askotan zegoen eskola-segregazioaren egoera salatzeko eta horren berri emateko.

Uste dugu bost urte hauetan hezkuntza-sistemak duen arazo eta erronkarik handiena, eskola-segregazioa alegia, ikusgarri bihurtzea lortu dugula. Bost urte daramatzagu ozen esaten, eta ez gara nekatuko, gure gizartearen oraina, etorkizuna eta ekitate-maila daudelako jokoan. Azken urteotan gero eta txosten gehiagok jarri dute mahai gainean gai hori. Zifrak tematiak dira, eta behin eta berriz azalarazten dute Eusko Jaurlaritza arazoaren sustraietara ez doazen eta, beraz, eraginkorrak ez diren tirita neurriekin estaltzen edo alfonbra azpian sartzen saiatzen den errealitatea.

Save the Children da azken urteotan argitaratu dituen txosten guztietan eskola-segregazioaren arazoa nabarmendu duten erakundeetako bat, eta, horien arabera, EAE da Espainiako laugarren autonomia-erkidegoa segregazioaren indizeari dagokionez. EAE, eskola itunen indize altuena duen Espainiako autonomia-erkidegoa ere bada: Euskadiko ikastetxe pribatuen %0,8 baino ez daude kontzertatu gabe, eta itunpeko ikastetxe horien %100ean kuotak kobratzen zaizkie familiei, nahiz eta, legez, derrigorrezko hezkuntzak doakoa izan beharko lukeen.

Mekanismo horrek eta beste batzuek errealitate duala marraztu dute, abiadura bikoitzeko sistema publiko-pribatu/itundu bat, non ikasle ahulenak, gero eta nabarmenago, titulartasun publikoko ikastetxeetan biltzen diren. Sare publikoan bekadun diren ikasleen ehunekoa itunpeko sarekoa baino ia hiru aldiz handiagoa da.

Argi dago hezkuntza pribatu-itunduko patronal nagusiek ez dutela interes berezirik arazo horri buruz hitz egiteko; bai, ordea, familiek ikastetxea aukeratzeko eskubidea defendatzeko eta ustezko eskubide hori beste eskubide kolektibo batzuen gainetik jartzeko, hala nola aukera-berdintasunaren eta gizarte-kohesioaren gainetik. Eskubide horren atzean, guztion diruarekin finantzatutako hezkuntza elitista dago (ez kasu guztietan, baina bai itunpeko ikastetxe gehienetan).

Espainiako Estatuko beste lurralde batzuetan, Katalunian adibidez, urteak daramatzate arazoari aurre egin nahian eta hainbat ekimen abian jartzen (eskola-bereizketaren aurkako ituna, matrikula garaiko onarpen-dekretuen aldaketak, hezkuntza-plangintzako tokiko mahaiak), baina hemen, Eusko Jaurlaritzaren ekimen falta erabatekoa da oraindik ere. Ildo horretan, oso adierazgarriak izan ziren egungo Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzek Madrilen LOMLOE onartu berritan sortutako polemikaren ondorioz egindako adierazpenak, Euskadiko itunpeko irakaskuntza lasaituz eta adieraziz Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela gurasoen aukerak aurrera egin dezan.

Hori al da Eusko Jaurlaritzaren apustua? Batzuen interesak ikasle guztien eskubideen aurrean babestuko dituen sistema dual eta segregatzaile bat mantentzen jarraitzea? Egoera hori blindatu nahi al du onartu nahi den Hezkuntza Lege berriak? Aniztasuna ezkutatu eta bazterkeria bultzatu? Guk lanean jarraituko dugu hori ez gertatzeko eta aukera-berdintasunean oinarritutako hezkuntza euskalduna eta laikoa lortzeko, herri justuago baten oinarriak finkatzen lagunduko duena eta bertan bizi diren pertsona guztien eskubideak errespetatuko dituena.

Bide horretan gero eta gehiago gara eta sareak sortu ditugu; izan ere, hasieratik esan dugun bezala, segregazioa ez da hiri bati edo lurraldearen zati bati bakarrik eragiten dion arazo bat, euskal hezkuntza-sistema osoari eragiten dion bat baizik. Sare horiek Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen sorreran gauzatu dira. Hor egin dugu bat familien tokiko plataforma ezberdinek, hezkuntza arloko sindikatu gehienek, Euskal Herriko ikasle eta gazte erakunde ezberdinek eta euskal eskola publikoko guraso-elkarteen konfederazioak. Hortik plazaratu dugu unea iritsi dela euskal hezkuntza-sistema birpentsatzeko eta ikasgeletan justizia soziala ahalbidetuko duen sistema bat aukeratzeko, haurren familien jatorria edo maila sozioekonomikoa edozein dela ere.

Honen alde jarraituko dugu lanean, eta espero dugu bost urte barru esan ahal izatea aldaketak gertatzen hasi direla eskola-segregazioa amaitzeko bide luzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.