Ezer esan aurretik, Gaindegia Txostena 2011 honetan ekarpen bat eginez parte hartzeko jasotako gonbidapena eskertu beharrean naiz. Gaindegiaren egitasmoarekin izan dudan lotura eta konpromisoagatik atseginez heltzen diot lan honi. Hori esanda, Euskal Herriaren historia garaikidea esangura bereziz markatuko duen urte horren eragina azpimarratu nahi dut, nahiz eta neuri dagokidanez espetxera itzularazi ninduen —El Dueso izenekoa—. Milaka euskal herritarren oroimen mingostutako espetxea da, horien artean gure aitona Agustin Usabiagarena.
Askapen prozesuan dagoen kolektibitate nazionala garen aldetik, 2011 urtea gure bilakaera baldintzatuko duten egiturako aldaketen urtea izan da. Aldaketa hauek euskal lurralde bakoitzak gure eskenatoki politiko eta sozio-ekonomikoetara egin duten ibilbide konplexuekin bizikidetza autonomoa egin dute. Izaera desberdineko blokeotan hamarkada osoa eman ondoren, inflexio puntu baten aurrean gaude zalantzarik gabe, euskal nazioak nazioarteko unibertsoan hegaldia hasteko behar dituen indarrak pizteko inflexio puntuan.
Batetik, kapital finantzarioaren goseak askatutako krisialdi sistemikoaren zigorkadak eragin garrantzitsua izan dute gure ekoizpen ehunean, finantzatresnetan eta langileen eskubide soziolaboraletan. Espainiaren eremuan sortutako burbuila inmobiliarioak, ustelkeriak, xahuketak eta «pelotazoek» areagotu dituzte ondorio hauek.
Ondorioak langabeziaren hazkundean nabarmendu dira, errenten apaltzean, langileek osatzen duten gehiengo sozialari zuzendutako zerbitzu publikoen murriztean, zenbait ekoizpen sektoreren geroarekiko zalantzan (automozioa, altzairugintza…), familia askoren kaleratzean, pobrezia eta bazterkeriaren hazkundean. Gure herriak nozitzen duen burujabetasun politiko-ekonomiko ezak eta instituzio desberdinek sustatutako neurri neoliberalek areagotu dituzten ondorioak.
Bestalde, ETAk jarduera armatua behin betiko uztea eta hauteskunde emaitza garrantzitsuak lortu dituen izaera zabaleko eremu soberanista baten osaketak, zeharka, gure herriaren aldagai soziopolitiko guztietan eragin handia izan duten gertaerak dira. Ezker Abertzaleak egindako gogoeta estrategikoan oinarrituz, eskenatoki politikoan bizi izan ditugun funtsezko aldaketa hauek, gure herriaren askapen prozesu nazional, sozial eta kulturalean oso modu arriskutsuan finkatuta zirudien blokeo iraunkorraren hiru atakak gainditzea lortu dute.
Lehen atakak, desiratutako bake eta normalizazio demokratikoarena, gatazka maila jakin bat egonkortzea eragin zezakeen. Horrek berarekin lekarke sufrimendu eta eskubide urraketa masiboa, bai eta konponbide demokratikoak gauzatzeko mugimendu eraginkorrak eragoztea ere.
Bigarren atakak, abertzaletasuna eta sektore konstituzionalisten arteko indar korrelazioari dagokiona, ezinbestean —beste aldagai ekonomiko, demografiko eta migratorioen zeharkako laguntzarekin—, euskal proiektu nazionalaren ahultzera ginderamatzana, noiz eta Madril eta Parisek ezarritako marko instituzionalak agortzen ari diren garaian.
Eta hirugarren atakak, norbanakoen giza-taldeen ekarpenari dagokiona —konpromisoa, militantzia—, herri honen borroka sozial, ekonomiko eta kulturalean beharrezkoa den motorra itotzeko mehatxu egiten zuena.
Aldi berri honetan, Gaindegiaren eremu honetatik, eragile sozial, elkarte profesional, eremu unibertsitario zein enpresa eremuko pertsona eta kolektiboen ekarpen lana eremu itxi horiek gainditzeko moduan desblokeatu izanaren garrantzia azpimarratu nahi nuke, eta ondorioz, izaera estrategikoa duten analisi eta gogoeta handiagoen premiaren garrantzia ere bai, eremu sozio-ekonomiko osoari dagokionez.
Lurralde zatiketa; erakunde ekonomiko eta sozialen inertzia autonomoa; parte hartze sozial demokratikoaren ezarpenean tesi neoliberalen eragina; portaera sozial guztiak kutsatzen dituen birus indibidualista; horiek guztiak auzitan jarri behar ditugun eragile kaltegarriak dira nazio egitasmo baten urraskako garapenean.
Zabaldu berri den ziklo honetan, saihestu ezin den nazio aitortzaren eta erabakitzeko eskubidearen eztabaida eremuan, aldagai sozio-ekonomikoa, kulturalari loturik, nazio egitasmo baten zain gisa, funtsezkoa izango da eremu sozial soberanista-independentista zabaltzeko eta euskal nazioari bere dimentsio guztietan oinarria eman diezaion. Burujabetasun politikoa eta ekonomikoaren aldarrikapenak egitasmoekonomiko eta sozial bati uztarturik joan behar du. Espainolismoarekin eta jakobinismoaren epika distortsionatuari uztartutako sektore sozialetara modu naturalean eta objektiboki interesatuan hedatzeko egitasmo ekonomiko eta soziala izan behar du.
Egun euskal gizartean nagusitu den ustea da Madril eta Paris politika ekonomiko eta sozial propioak indarrean jartzeko zama direla. Alegia, ez gaituztela ordezkatzen, ez gaituztela entzuten, ukazioa eta inposizioa besterik ez digutela eskaintzen. Beraz, osotasun bat eratu behar dugu soberanismo eta independentismoari edukia eta ontzia emateko. Independentzia zaletasun naturala sustatu behar da, egungo kidetasun sozialak nahikoa eraldatzeko moduan, Europan euskal estatura iristeko nahikoa izateraino. Agerikoa da, ordea, inoiz ezingo dela formulatu, are gutxiago eraiki programa-egitasmo soberanista bat irizpide neoliberalekin.
Soberanismoa eta neoliberalismoa kontzeptu uztar-ezinak dira etorkizuneko nazio egitasmo bati begira gehiengo sozial kohesionatu bat eratzeko.
Honela bada, bidegurutze historiko honetan burujabetasunak-independentismoak bere gogoeta eta proposamen sozio-ekonomikoari lehentasunezko arreta eskaini behar dio. Analisi, ikerketa eta eztabaida espazio eraginkorrak zabaldu behar dira eragile ekonomiko eta sozialen artean izaera estrategikoa duten gaietan dialektikadesberdin baterako aukerak zabalduz egitasmo ekonomiko nazional baten egituratzean. «Merkatuan» kokatutako —enpresa, unibertsitate, instituzio- giza kapital abertzale garrantzitsuaren ekarpena txertatu behar da, egun ohiko dinamika organizatibo eta politiko eta instituzionaletatik at dagoena.
Euskal Herriak ez du energia baliabiderik ohiko garapen ekonomikoa egiteko aukera eskain dezaketenak. Gabezia horren ondoan, ordea, giza kapital eta kapital sozial trebatu, espezialdu eta berritzeko gai dena dugu. Berau da euskal eremuan egitasmo ekonomiko bati eusteko dagoen lehengai benetako eta objektibo bakarra. Lortzeko, ordea,ezinbestekoa da ahalegin eta tenkatze etengabekoa mehatxuka dugun inguru politiko eta ekonomiko baten aurrean, gure herri eta kulturak beti irensteko prest dagoena uniformizaziorako duen gose aseezinean.
Beraz, ezinbestekoa da osaketari dagokionez eremu pluralak finkatzea, eta transbertsalak bere eragin eremuari dagokionez, epe luzeko ikuspegiarekin nazio egitasmo ekonomiko bati ideiak, analisiak eta proposamenak emango dizkiotenak.
Helburu hori lortzeko komenigarria litzateke nazio elkarrizketa prozesu bat abian jartzea, zabala eta askotarikoa, baina bateratzailea euskal nazioegingarri, bideragarri, integratu eta solidarioaren alde apustu egingo duena euskal mosaiko sozialean.
Honela bada, tenore berriak tresna berriak behar ditu, freskoak, botere lehiak baldintzaturik egon gabe, edo organizazio zein instituzioetako eguneroko jarduna fiskalizatzeko xederik gabe, kapital intelektuala txertatuko dion mailegu etxe intelektual bat izango dena hedadura nazionalekoproiektu ekonomiko eta sozial batek behar dituen zumeak eskaintzeko.
OHARRA: Testu hau Gaindegia Txostena 2011 argitalpenaren hitzaurrea da.
Urte gogoangarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu