Onar dezagun errealitatea. Euskal gizartea dikotomia handi baten erdian bizi da. Alde batetik, inoiz ez da hainbeste kexa, deitore eta protesta egon gure errealitateari buruz, eta, bestetik, estatistikak aztertzen baditugu, ikusten dugu, oro har, hobekuntza nabarmenak izan ditugula eremu gehienetan.
Erosketa-saskiaren kostua itxuragabe igo da; etxebizitza falta ikaragarria dago, hala jabetzan zein alokairuan, eta eskandaluzko prezioak dituzte; enplegu asko guztiz prekarioak dira; giro gaiztoa sumatzen da laneko hainbat eremutan, eta horrek ondorioak ditu kolektibo garrantzitsuen osasun mentalean; suizidio kopuru handia dugu, gazteen artean, batez ere; biztanleriaren zati handi batek zailtasunak ditu hilaren azkenera iristeko, aurrezten gogotik saiatzen badira ere, eta abar. Euskal gizarteak ongi daki hori guztia egia dela, egunero egiazta baitezake, bere baitan nozitzen duelako edo senitarteko edo lagunen baten ahotik.
Baina, aldi berean, esandako horiek bezain egia da ezinezkoa dela, askotan, jatetxe batean mahaia lortzea Eguberri-jai hauetarako edo urte amaierarako. Antzeko zerbait gertatzen da hainbat helmuga exotikotarako hegaldiekin. Beste urte batzuetan eski-estazioetan elurra falta izan bada, badirudi aurten hoteletako plazak falta direla. Ospakizun horietarako elikagaiak ere aurten garestiagoak izan dira aurreko urteetan baino. Azkenik, inkesten arabera, biztanleriaren %75 pozik dago, oro har, dituen lan-baldintzekin eta bere bizimoduarekin. Adierazpen horiek guztiak ere Euskadiko errealitatearen parte dira.
Eta, batez ere, ez dezagun uste izan iraganean dena hobea zenik edo gaur egun guztia okerrera doanik. Arrazoi osoz salatzen ditugu Ukraina, Palestina, Siria edo Sudango gerrak. Baina XX. mendean jasan genituen gatazka eta gerren zerrenda amaigabea da: 100 milioi pertsona inguru hil ziren gerra haien ondorioz! Gaur egun, 50.000 hildako daramatzagu Gazan, oso denbora laburrean. Nolanahi ere, onartezina da gerraren biktima den edozein pertsonaren galera, militarra edo zibila izan, oinaze- eta pobrezia-iturri bihurtzen baitira bai beren familientzat eta herrialde osoarentzat.
Interpelatuak eta hunkituak. Politikak, hala gure herrialdean nola Espainian, egungo aurreikuspen sozio-ekonomiko onei eustea izan behar luke helburu, eta, aldi berean, egoera txarrenean dauden kolektiboen bizi-baldintzak hobetzea. Hala ere, maizegi ikusten ditugu, Espainiako Diputatuen Kongresuan zein Senatuan, irain-ikuskizun lotsagarriak: inork ez du entzuten arerioak dioena, aldiz, bere talde politiko, irakurle edo ikus-entzuleei grazia egingo dien ateraldi ironiko edo mingarriren bat pentsatzen saiatzen dira. Garai batean bezala, kirolak eta telebistako telesailek biltzen dute ikus-entzule gehien, horiexek baitira, hain zuzen ere, gure gizartearen opioa.
Hori guztia gertatzen den bitartean, errealitateak gogorarazten digu gosea pasatzen duten pertsonak ugaldu egin direla, Hegoaldeko labore eta nekazaritza-produktuek laguntza eskatzen dutela, beren prezioari eutsi ahal izateko, emigrazioak ez duela beherako joerarik... eta aurrean horrelako panorama izanda, entzungor jarraitzen dugu, Lurrak egoera hau jasanezina dela garrasi egiten badigu ere.
Errealitateak interpelatzen eta hunkitzen gaitu. Egoera honen aurrean ezin gara sorgor geratu, ezer gertatuko ez balitz bezala. Herri solidarioa osatu nahi badugu nahitaezkoa zaigu immobilismoa eta indibidualismoa gainditzea. Egunkaria irekitzean edo eskuko telefonoan albisteak jasotzean jabetzen gara errealitateaz, baina jakitun izate horrek, era berean, inguruan ditugun arazoak konpontzeko konpromisoa hartzea ere eskatzen du, ahal den neurrian. Premia larrien edo beste hainbat egoera gogorren aurrean —hala nola pandemia edota Valentziako eta beste toki batzuetako tragediak—, asko dira beren denbora, energia eta besteenganako onginahia eskaintzeko gai izan direnak. Horrek erakusten digu elkartasun eraginkorra posible dela, baina, aldi berean, oraindik bide luzea dugula gizarte-bizikidetza osasuntsu baten eraikuntzan, praxi politiko demokratiko baten lorpenean, lan- eta zerga-erreformetan eta mota guztietako giza harremanetan.
Bati baino gehiagori gezurra iruditu eta mespretxuzko erdi irri bat loratuko bazaio ere, kontua da Goliatek ez duela beti irabazten... txikiak ere irabaz dezake. Horregatik guztiagatik, Etikerretik 2025 oparoa, elkartasunez betea eta zoriontsua opa dizuegu.