Ez dira Gabonak, hala ere, laster izango dira apaingarriak denda handietan horren berri iragartzeko, edo hala diote behintzat. Erakusleihoetan Zorionak! Gabon ederrak igaro! bezalako aldarrikapenak nonahi ikusgai izango ditugu. Haatik, zorionak opatzeko arrazoiak ere asko izan daitezke: loteria suertatu izana, ume jaio berri bat mundura ekarri izana, urte bat gehiago egin izana edota ikasturte berrirako urte osoko plaza bat eskuratu izana. Azken hori, lehenengo adibidearen parekoa akaso. Irakasle hasiberriontzat loteria hutsa.
Azken egunetan sarriago, baina asteak dira esleipenen gaiaz mintzo garena lagunartean. «Zuk plaza bai eta nik ez. Zuk non aukeratuko duzu? Zein epealdi?». Ahal den neurrian urte osokoa, herenak urrundu, kendu. Beharrizana ez dagoenean aukeran dago kentzea, hautatzea. Etxetik hurbil aukeran.
Zorionez, etxetik hurbil hautatu dut nik. Iaz hasi nintzen lantoki berean jarraitzea, edo behintzat hori da asmoa. AEKn dihardut irakasle, eta hilabete honetako lehenengo astelehenean ikasturte berriari hasiera eman diogu. Gurean, matrikulazioa irailean zabaltzen da, estimazio eta aurreikuspen bat izan arren sorpresetatik eta ezusteetatik ez gaitu ezerk libratzen. Zenbat ikasle izango ditugu? Zenbat talde egiteko gai izango gara? Ez dago gure esku ikasle guztiei eskola ematea, taldea sortu ezean euskararik gabe geratzen baikara. Itzuliko dira iazkoak? Zergatik ez? Agian, irakasle kaskarra naizelako. Ezin dezaket hori esan neure buruari kalte egitea delako, baina, egunak suerta daitezke non ideia hori ezin dezakedan burutik kendu. Bestalde, bueltatzen baldin badira, zein da arrazoia? Ez al nuen nire lana ondo egin? Irakasle bakoitzak egiten ditugun kabalak buruan.
Hainbat dira galderak eta soilik denborak ekarriko dizkigu erantzunak, alabaina, bueltak eman eta eman. Irakasle ona izango ote naiz? Iaz entzun nituen goraipamenak eta hitz ederrak: «Gustuko ditut zure eskolak, ondo pasatzen dut», «epe laburrean gauzak argiago ditugu», eta abar. Egia izango ote dira? Esan beharreko txarrak ez ditut entzun, eta ez dakit zer nahiago dudan, entzutea edota nik sortzea. Nire buruan pentsa ditzakedan kontrako ideiak errealitatearekin bat etortzeak beldurtu egiten nau.
Ikasturte berriak ikaratu egiten nau, izan ere, irakasle berriaren aitzakia galdua daukat aspaldi, eta hobetu beharrekoak ikasiak izan beharko nituzke dagoeneko. Mugak ezagutuak. Mintzo nintzen mugez, berdinak izango ote dira? Zalantzak ikasturtea hurbildu ahala areagotzen sentitzen ditut, arruntzat jotzea erabaki dut, ordea.
Egongo da opor gehiago beharrezkoa duen irakaslerik, ez da nire kasua. Eskolak hastea nahiago baitut. Gezurra. Ez dakit. Eskolak hastea edo ni eskolak prestatzen hastea. Aditz baten arabera, amildegi bat sumatzen dut. Prestatzean buruko minak izango ditut ziur; hau egingo dut, egin beharra dago? Egingo dute? Gustuko izango dute? Ikasiko dute? Aldiz, eskolak hastean, prestatutakoa kanporatu egin behar da. Oholtza gainean jarri, begi guztiak zuri begira, boligrafoak orrien gainean prest, idazteko prest esaten dena tintaz iltzatua gera dadin, ahaztua izan ez dadin, azaltzean egindako akatsak hor gera daitezen, betirako.
Inflexio puntua da ikasturte berria, Gabonak eta urte berria baino gehiago. Horrela sumatzen dut nik behintzat. Horregatik, urte berri on bat opatzera natorkizue, bai irakasleei zein ikasleei. Gurera hurbildu diren ikasleekin hitz egitean ohartzen gara ikasturtea luzea dela eta batzuetan guztia egitea zaila izaten dela. Irakasleok bidea ezin dugu leundu, baina, zama parteka dezakegu. Ikasleek irakasleen laguntza behar duten moduan irakasleek ikasleena ere behar izaten dugu. Bata besteei helduz euskara ikasteko bideari ekingo diogu. Urte berri on!