Egiari Zor fundazioa

Urruntzea, sakabanatzea eta aitortza ofiziala

Ainara Fresneda Etxeberria
2024ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Egun berezi bat hurbiltzen ari da Barañainentzat, egun batzuek, hainbat arrazoirengatik, esanahi zehatza hartzen baitute leku batzuetan. Hori da abenduaren 6ko kasua Iruñeko merindadeko udalerri honetan. Laster beteko dira hogei urte Karmele Solaguren hil zela, Espainiako Estatuko errepideetan izandako istripu baten ondorioz, amaiera tragikoa izan zuen ezbeharra, zalantzarik gabe ekidin zitekeena.

2004ko abenduaren 6ko goizaldean, Karmelek bidaia luzea hasi zuen Jose Luis Guerra bikotekidearekin batera, Madrilgo Alcala-Mecoko espetxera joan eta Ekain semea ikusi ahal izateko. Ekain behin-behineko espetxealdian zegoen, etxetik 500 kilometro baino gehiagora.

Ordu batzuk geroago, goizeko zortziak eta larden aldera, berriro ere jo gintuen espetxe-politikaren ankerkeriak. Albistea jaso ondorengo lehen uneetan zur eta lur gelditu ginen, ez genuen sinetsi nahi egia zela, «ez, ezin da egia izan... ez, berriz ere ez ...», tragedia berretsi zenean soilik galdu genuen txantxa gaiztoa izan zitekeelako itxaropena.

CL-15 errepidea, Soriako probintzia, Madrilerako noranzkoan. Karmele hila, Jose Luis larri zauritua.

Lerro hauek idatzi dituztenentzat zaila da deskribatzea Karmelek bezala antzeko egoeran bizia galdu zuten beste pertsona batzuen familiek sentitzen zuten etsipena, Euskal Herri osoan zabaltzen hasia zen albiste hura ez egia izatea eskatuz, arren. Nekez azal daiteke beren tragedia berpizten ari ziren familia haien sentimendua. 

Barañaindik gertu, Iruñean, urtebete lehenago, shock berdina, oinazeak erdiratuta Sara Fernandez gaztearen heriotzaren aurrean... erantzunik gabeko galdera bera: Zergatik?

Zergatik behartzen gaituzte ehunka kilometro egitera? Zergatik, horrek dakarren arriskuarekin? Zergatik jarraitzen dute horrekin, ehunka ezbehar eta zauritu eta hildako pertsonen odol-arrastoa sortzen ari badira? Zergatik, tragedia hau erabat saihets badaiteke?

Eztabaida dago sakabanaketaren ondorioz hildako pertsonak giza eskubideen urraketen biktima ote diren. Eztabaida, zalantzarik gabe, politikoa da, herrialde honetan dagoen indarkeriaren kontakizunari buruzkoa. 

Bidaia luze batek bere arriskuak ditu beti. Hala ere, Karmelek eta Jose Luisek, Sarak eta egoera eta testuinguru berean hil edo zauritu ziren gainerako pertsonek ere, ez zuten ehunka kilometroko bidaia egitea erabaki. Ez. Ez zuten egin. 

Espetxean zegoen senide edo hurbileko bati bisita egiteko eskubidea erabiltzea erabaki zuten, besterik gabe.

Beste batzuek erabaki zuten eskubide hori zein inguruabar eta egoeratan erabili. Pertsona jakin batzuek helburu zehatz batekin hartutako erabaki politikoen ondorio izan zen urruntzea eta sakabanatzea bezalako salbuespenezko neurri politikoak ezartzea. Beraz, astero ehunka kilometro egitea, beren senideak 40 minutuz bisitatu ahal izateko, nahitaez bete beharreko agindu bihurtu zen, eta, gainera, joan-etorri luzeekin lotutako arriskuak beren gain hartu behar zituzten. Behin baino gehiagotan gauez bidaiatu behar izaten zuten bisiten egutegia eta ordutegia betetzeko, batere kontuan hartu gabe lan-kontziliazioa, penintsula mutur batetik bestera zeharkatzea, auto-ilarak, puntu beltzak, nekea edo logura, eguraldi txarra eta abar.

Errepideetan zehar egindako bidaia luze eta neketsu haiek, Espainiako eta Frantziako lurraldeetan zehar hainbat probintzia zeharkatuz, ez ziren ez plazerezko bidaiak izan, ezta gutiziak ere, ez ziren aisialdiko bidaiak edo turismo-ihesaldiak izan. Urruntze- eta sakabanatze-politikek ezarri zuten zein baldintzatan erabili familia-bizitzarako eta bisitetarako eskubidea.

Ehunka kilometrora egindako bidaia haiek ziren bizitza pribatu eta familiarrerako eskubidea erabiltzeko bide bakarra. Eta guztiok ezagutzen dugun kausa-efektu lotura ezarri zuten jarritako baldintza krudel, laidogarri eta anker haiek, astero bidaiak Andaluziara, Murtziara, Valentziako erkidegora, Galiziara, Gaztelara, Asturiasera... milaka kilometro egin beharra asteburuetan, hilabeteetan, urteetan... ehunka ezbehar, haietako asko larriak, bizitza osorako ondorioekin, eta, 16 pertsonaren kasuan, heriotza ere bai. Kalte konponezina, berriro diogu, erabat saihesgarria zena.

Ez gara hasiko aztertzen amaiera hura (doluzkoa) nahi ote zen edo, besterik gabe, zeharkako ondorioa, albokoa, nahigabekoa izan zen. Kontua da gertatu egin zela, behin eta berriro gertatu zela... eta horrela 34 urtez, eta urte horietan guztietan inork (zerbait egin zezaketenen artean) ez zuen ezer egin saihesteko.

Eta errealitate hori aintzat hartu behar da; izan ere, gaur egun hainbat mekanismo ditugu giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aintzatespena eta erreparazioa emateko, eta ezinbestekoa da eskubideak zein baldintzatan baliatzen diren aztertzea, eskubide hori bera urratu dela ondoriozta baitaiteke. 

Horregatik guztiagatik, Karmele gogoratuz eta sakabanaketaren ondorioz sortutako biktima guztien aitortzagatik eta erreparazioagatik, Egiari Zor fundaziotik dei egiten dizuegu Karmele Gogoan herri plataformak antolatutako manifestaziora etor zaitezten. Manifestazioa gaur izango da, abenduaren 6an, 12:00etan, eta Barañaingo udaletxetik abiatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.