Urmuga, mugarik gabeko ur isuria

Pepi Arruabarrena Sukia eta Mikel Usabiaga Sukia
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Zain geunden eta jakin bezain laster lotu gintzaizkion uztaileko Mendia eta Musika proiektu hezitzaile eta terapeutikoari. Musika eta Mendi-zeharkaldien Udako Unibertsitatea deituko genioke guk Urmuga proiektuari. Ikastaro bat izan baita. Gutxi batzuen militantziazko lan eskergak aurrera atera duen proiektua da Urmuga; Ikastolak, Kilometroak edo Korrika bezalaxe, azken batean, besteak beste, Zeberiotarrek eta Felipe Uriarteren arteko ordutako auzolana, ardura eta konpromisoa. Utopiko batzuen lorpen erreala.

Ikastaro bat izan dela diogu, noski, alde batetik, euskal arimaz jantzitako musikari trebe eta birtuosoen ekarpen zabaletik asko ikasi eta disfrutatu dugulako, kantagintzaren sorkuntzan diharduten hainbat gazteren lagin bat ezagutzeko parada izanez. Aurreko belaunaldiko abeslariak eta gaurkoak dotore uztartu baitira Urmugan. Joxean Artze handiak zioen bezala: «Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik». Eta bestetik, naturaz, mendiaz, paisaiaz eta giza harremanez gozatuz, ildo anitzeko musika-molde, bertso eta kantuez bizitzeko eta jabetzeko beste erakusleiho bat ireki zaigulako, antzokietako emanaldietan inoiz sentitu ez dugun sentsazioa eta magia piztuz eta biziz.

Ikastaro bat izan da Urmuga: batetik, ekimen humanizatzailea izanik, gizakion arteko harremana eta adiskidetasuna berreskuratzen lagundu duelako, nabaria izan baita Urmugazaleon arteko besarkada ugarien emana. Hori bada zerbait gaur egungo indibidualismoaren aurrean. Eta bestetik, askatasunaren jatorrizko definiziora gerturatzen lagundu duen irakaspena izan da Urmuga: elkartasunetik, auzolanetik, konpromisotik eta arduratik edanez. Gaitz erdi terrazakeria, futbolkeria edo antzeko «askatasunetatik» harago zerbait gehiago badela munduan jabetzeko balio izan badigu. Halaber, gizakiaren sentsibilitate humanoa landu da Urmugan, norgehiagokaren eta berekoikeriaren izaera ilunetatik urruntzea hauspotuz, bertakoa den sorkuntza baloratzera gonbidatuz, eta, globalizazioaren egungo jarreraren aurrean, gure ondare eta talentu artistiko-musikala indartzera bultzatuz.

Txapela kentzekoa da Urmugan egin den saretze lana, musu-truk, hainbat eta hainbat herritarren eta udal langileren laguntza, benetako auzolana eta ardura lortuz. 0 kilometroko ekintza bat izan da Urmuga: etxekoek, etxean jorratutako antolakuntza. Euskaratik eta euskaraz egina. Eta hori ez al da Euskal Herriaren nortasuna aberastera dakarren norabide kulturalaren atal bat? Ba, bai! Bejondeizuela denoi! Eskerrik asko!

Urmuga proiektuaren kontsumitzaileak izan gara uda honetan, 19 egun jarraian, 19 mendi zeharkaldi pausoz pauso Felipe Uriarteren patxada lasaian eta mendizaletasun ereduaz gozatuz, eta gainera, 16 kontzertu naturagune eder eta paregabeetan ikus-entzungai. Parte hartzeko modu desberdinak izan ditugu. Gure kasuan, Euskal Herriko hainbat leku eder ezagutzeko asmoz goizero motxila hartuta mendi buelta bat eman dugu, ondoren mokadu bat egin eta arratsaldean kontzertura joatea izan da gure plana. Egia esan, inoizko oporrik ederrenak egiteko sistema da Urmuga proiektua: etxean bertan, hainbat txoko liluragarri ezagutuz, lagun berriekin solas eginez, kontzertu bakoitzean ildo desberdinetako musika entzunez, bertatik bertara, merke eta lasai, ez dakigu nongo mariasantisimako herrialdera hegazkinez edo autoz bidaiatzen ibili beharrik gabe.

Aurtengoa, iazkoa bezala, gozamen-iturri izan zaigu Urmuga. Nahiko genuke berriro antolatua izatea. Baina nork antolatuko du ekimen erraldoi hau, gehiago ez bada bultzatzen eta laguntzen? Gure komunikabideak (salbuespenak salbuespen) gehixeago mintzatuko ote dira Urmugaz, tokatzen den maila informatibora jasoz, gutxienez, bestelako ekimen batzuei (futbola...) eskaintzen zaien denbora tartearen proportzioan informazioa eskainiz? Proiektu honek herriaren nortasunari egiten dion ekarpena hain aberatsa izanik, inoiz izango ote da behar hainbat baloratua eta duintasunez ordaindua instituzioen aldetik?

Horrelakoetan, burura datorkigu Xabier Leteren kantu hura... «esku hutsik jaio eta esku hutsikan nabille, puntakoetan iñor etzaigu gertatu ongille».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.