Urkulluk gutxietsi egiten gaitu

2016ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Ez legoke ezer blindatu beharrik patronalak, CCOOk eta UGTk ez balute baliatuko Zapateroren erreforma guri negoziatzea galarazteko. «Elkarrizketa Sozialeko Mahaia» omen den horretatik datozen akordioek ez dute euskal negoziazio kolektiboa blindatzen, ezta hori bilatu ere. Madrilen erakunde horiek hitzarmen estatalak sinatzen dituzte, esaterako Sukaldaritzakoa: soldatak Bizkaiko hitzarmenekoak baino %50 txikiagoak dira. Bada, estatalizazioaren egileak dira Urkullurekin sinatzen ari direnak.

Euskal negoziazio kolektiboari lehentasuna emateko Lanbidearteko Akordioa (LA) ez zen posible izan; kontua ez zen ELAren jarrera, Confebaskena baizik, «bake soziala» exijitzen baitzigun erreformei zuku guztia ateratzeko. ELAk ezetz esan zien. Gainera, ahaztu egiten da Confebaskek 2013ko uztailean Urkulluren LA proposamenari egin zion uko zakarra. Patronalak esan zuenez, «negoziazio-eremu berriak irekitzea nahiz indarraldia galdu izan ahal dutenen berreskurapena ez da inola ere gatazkagai izango». Hori ELArentzat onartezina zen. Nola egingo diogu prekaritateari aurre, gatazka alde batera utzita? Erantzun zabar hura gorabehera, Jaurlaritzaren eta Confebasken arteko harreman pribilegiatuak aurrera egin zuen.

Eta zertan dira CCOO eta UGT sektoreetan? Egintzak azter ditzagun. ELAk Sektore-Akordio Marko (SAM) bat sinatu zuen EAEko merkataritzako hitzarmenen aplikazioa bermatzearren, Estatukoen aurrean. Bada, akordioaren ondoren izan zen estatuko merkataritzako negoziazio mahai batean CCOOk esan zuen: «Badakizue hona zertara etorri garen, euskal SAM hori akabatzera». Hala da, Lehendakari jauna, zure gobernuak legitimatu egiten ditu Madrilen bertoko erabakiak boikotatzen dituzten horiek; agian zure gobernuak bere esku dagoen negoziazio kolektiboarekin gauza bera egin duelako: suntsitu. Horretaz ez du inork ezer esaten; ez sinatzaileek, ez LHKk ere. Guztiak bat datoz ELAri erru guztia egozten dion diskurtsoan.

Jaurlaritzak beste zerbait sinetsarazi nahi duen arren, ez da egia erreforma laboralen aurka egin zuenik. Zapateroren erreforma EAJren abstentzioari esker atera zen aurrera. Ez zitzaien axola. Egia da PPren erreformaren aurkako botoa eman zutela, baina orduan haren botoak ez ziren beharrezkoak; PPk nahikoak zituen bereak.

Hau aintzat ez hartzea eta ahaztea erreformen ondorio latzak, patronalaren blokeoa eta xantaia, langileen miseria hedatzen ari dela, eta alternatiba gisa aurkeztea —sinatutako akordioaren arabera— enpresariak hautatzen duen gutxiengoarekin (%49, 25, 10 edo 5 dela ere) itxitako akordioak ez da inolako oztopoa estatalizazio eta prekaritatearentzat. Alderantziz, hauentzako bidea errazten du.

Eusko Jaurlaritzaren eginbideak ELAri zer pentsatua ematen dio. Zer dela eta euskal gehiengo sindikalekiko adierazten duen gutxiespena? ELAren ustez, Lehendakariak zigortu nahi duelako bere gustukoa ez den sindikalismo erreibindikatiboa; horrelakorik ez du onartzen. 2014ko irailean Jaurlaritzak plazaratu zuen agiri batek zioen sindikatuok «alboratu ezineko ardura kuota bat» genuela: gobernuek ezartzen duten gizarte eredua geure egitea. Desberdintasun soziala areagotzen duen eredua. Beraz, euskal gehiengo sindikalekiko gutxiespena agiri haren edukiarekin bat dator. Gobernuak zioen «bere» gizarte-ereduaren aurka agertzen diren eragile sozialak «salatu» beharra zegoela. Zein da orain bururatu zaien zigorra? Eragina ukatu nahi diete gehiengo demokratikoei (helburu honetan Confebaskekin bat dator neoliberalismoari aurre egiten dioten nortasun kolektiboak suntsitzeko) eta, agiriak zioen moduan, beren politiken aldeko sindikatu eta patronala diru publikoz finantzatu. Erabaki guztiz larri horien aitzindari da Lehendakaria; horrela adierazten du botere ekonomikoaren interesekiko agertzen duen intolerantzia eta arbuioa. Ez dute autonomia sindikal eta soziala onartzen.

Lehengo lepotik burua. Confebaskek sindikatu izaera ebatsi nahi izan zien ELAri eta LABi. Haren proposamena ez zen aurrera atera, baina asmoa agerian geratu zen: oztopo sindikalak paretik kentzea. Orain Urkulluren gobernuak nahi du patronalak, enpresariak edo administrazioak berak hautatzea, «oztopo» demokratikorik gabe, solaskiderik otzan eta merkeena, hots, nahi duena. Jaurlaritzak eta patronalak badakite arau demokratikoak exijituz gero enpresarien alde bakarreko erabakitzeko ahalmena mugatuta geratzen dela, eta patronalari eta gobernuei garestitu egiten dizkiela akordioak. Hau ez da auzi tekniko bat, politikoa baizik. Nork aukeratzen du negoziatzeko eta hitzarmenak egiteko ordezkaritza sindikala: langileek edota patronalak eta Gobernuak? Urkulluren «euskal ereduan», behintzat, langileok ez.

Urkulluren posizioa ez da harritzekoa, Confebaski ematen dion babes politiko eta ekonomikoa ikusirik. Bat dator, gainera, bere gobernuak prekaritatea areagotzeko eta fiskalitatea ezer ez edo oso gutxi ordaintzen duten enpresa-errenten mesedetan taxutzeko duen ildoarekin. Nola koadratzen dira aurrekontuak? Osasungintza, hezkuntza eta gizarte-prestazioak murriztuaz eta lehiaketa publikoetan eskaintzarik merkeena hautatuaz, azpikontrata askotan langileentzako miseria ezarriaz, hitzarmen estatalak baliatuaz lan-baldintzak okertzeko... Izan ere, enplegua gero eta kaskarragoa izan dadin eragozteko ez dute ezer egiten; gogora dezagun EAJk ukatu egin zuela ELAk Legebiltzarrera eraman zuen herritar ekinbidea, helburutzat azpikontrata publikoetan lan-baldintzen gainbehera saihestea zuena. Gutxietsi egin gintuzten: sindikatua, ekinbideari babesa eman zioten 110.000 lagunak, eta eragindako langileak. Aurkako botoa eman ostean esan ziguten legea askoz hobea izan zitekeela, baina ez zigutela guri emango. Harrigarria. Beste kasu batzuetan, 41 eguneko greba behar izan da Bilboko Arte Ederren Museoan baldintza miserableak amai zitezen; bitartean, Jaurlaritzak, Aldundiak eta Bilboko Udalak osatutako Patronatuak ez ikusiarena egiten zien soldata negargarriak zituztenei. Beste hainbat grebarekin ere (TMB, Bizkaiko Erresidentziak, Trapagarango kale-garbitasuna, Gipuzkoako errepideak...) badirudi ez dutela zerikusirik.

Agian horregatik Lehendakariak ez du ELArekin bilerarik egin nahi. Gure eskariari erantzun zion esanez ez dituela gustuko sindikatuak bere politikei egiten dizkien kritikak. Bere gobernuak akordioak soilik Confebaskekin eta sindikatu jakin batzuekin —aurrekontu publikoen menpeko izanik bere alde daudenekin— egiten ditu. CCOOk eta UGTk duten finantzaketa publiko beharra da Gizarte Elkarrizketarako Mahaian sinatutako bigarren akordioaren arrazoia. Akordio horren arabera, finantzaketa publiko selektiboa izango da gobernuari babesa ematen diotenentzat. Lehendakariak harreman klientelarra besterik ez du onartzen.

ELAk eta LABek asmatu egin dugu batera posizioa finkatu izanarekin. Hori albiste ona da, esanahi sindikal eta politiko handia duena. Jaurlaritzaren eta Confebasken arteko aliantzaren aurrean ez dago badaezpadako jarrerak hartzeko tarterik. Ondorioak atera nahi izatekotan, arlo sozialean agerian geratzen dira gobernuaren hautu politikoak, propaganda instituzional jasanezina eta bere diskurtso hutsala gorabehera. Hauek ez dira plataforma bati buruz normalak izan daitezkeen desadostasunak; gobernu abertzale batek euskal langileen erabaki demokratikoa sabotatu nahi du, sindikalismo abertzalea baztertu. Erabaki hori bere lehentasunaren ondorioa ere bada: Madrilekin eta botere ekonomikoarekin konpontzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.